2019/11/14

Elkarbizitza demokratikoaren alde Nafarroan dagoen errail zentrala elikatzeko bi ekimen antolatu ditu Foro Sozialak

Gaur Iruñean Expe Iriarte, Fernando Armendariz eta Txemi Perezek Iruñean prentsaurrekoa eman dute bi ekimen garrantzitsu aurkezteko.

Expe Iriarteren interbentzioa

Maiatzako hauteskundeen ostean Nafarroan ireki den agertokiari buruzko irakurketa egin zuen publiko Foro Sozialak hemen bertan, pasa den uztailaren 24an, dauden aukerak eta zailtasunak mahai gainean jarriz. Laburbilduz, orduan adierazi genuen “hasi berri den legealdian elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzari ateak irekitzeko legealdia izan dadin baldintzak egon badaudela”.

Testuinguru honetan, Foro Sozial Iraunkorra Nafarroan lantaldea osatzen dugun elkarte eta pertsona guztion helburua elkarrizketa, elkarlana eta elkarbizitzaren alde gure erkidegoan dagoen errail zentrala elikatzea izango da.

Irabazleen eta galtzaileen konponbidea bilatzen ari den eta atzera begira dagoen eredua defendatzen dutenen aurrean, jendartearen gehiengoa defendatzen ari den ereduaren alde egingo du Foro Sozialak. Etorkizuneko eredua delako, inklusiboa, elkarbizitza demokratikoaren aldekoa.

Eta jakitun gara elkarbizitza inklusiboa ukatzen duen sektoreak pisu handia duela Nafarroan. Baina hori horrela izanda ere, errealitatea da Nafarroako jendartearen gehiengoak, gehiengo politikoa eta sindikatu guztiak, elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna nahi duela, atzera begira egongo dena, baina giza eskubideetan eta bakean oinarrituta egongo dena. Hau da etorkizuna duen alternatiba bakarra; bestea iraganean ainguratua geratzea litzateke.

Gure iritziz, elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan aurrera egiteko hiru korapilo hauek askatu behar dira:

1. Egia, Justizia eta Erreparazioa biktima guztientzat, bazterketarik gabe

2. Nafarroako 34 presoen eta iheslarien auziarentzat konponbidea

3. Partekatutako memoria kritikoa, gertatutakoa ahaztu gabe, etorkizunari begira egongo dena.

Bide hau ez dugu zerotik abiatuko. Pasa den legealdian PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, Izquierda-Ezkerra eta sindikatu guztien artean, gaixo dauden presoen eta hurbilpenaren inguruan lortu ziren akordio puntualak oinarri sendoa dira elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan aurrera egiteko.

Ikasturtea hasi zenetik, eragile instituzional eta politiko askorekin bildu gara, eta datozen asteotan eragile sozial eta sindikalekin elkartuko gara.

Orain arte izandako harremanetan argi geratu da guztiok bat gatozela Foro Sozialak egindako hausnarketarekin, hau da, baldintzak egon badaudela eta egoerak eskatzen duen mailan jardun behar dugula denok, eta baldintza horiek baliatu. Izan ere, zeinek esango zukeen orain dela hiru urte, Foro Sozial Iraunkorra Nafarroan osatu zenean, gaur egun ditugun baldintzetan egongo ginela!

Hauek horrela, aipatutako norabidean doazen politikak azkartzeko eta indartzeko unea dela uste dugu, instituzioetatik eta jendarte zibiletik.

Horixe da Foro Sozial Iraunkorra Nafarroan lantaldeak datozen egunetarako antolatu dituen bi saioen helburua eta konpromisoa.

Bi ekimenok “Hitzorduak” zikloaren baitan egingo ditugu. Izan ere, “Hitzorduak” zikloaren helburua dioen bezala: “Hitz egiteko, entzuteko eta parte-hartzeko garaia da”.

Bi ekimen hauetan jatorri eta ideologia desberdinetako pertsonak egongo dira. Kasu batzuetan urtetan zehar kontrako jarrerak izan dituztenak hitz egitera eseri daitezen, elkarri entzun diezaioten eta, ETA eta Estatuen biktimen kasuan, bakoitzaren minetik elkarren artean enpatizatzeko aukera izan dezaten.

Txemi Perezek aurkeztuko dizkizue, zehatz mehatz, bi jardunaldiak.
 

Txemi Perezen interbentzioa

Bi jardunaldi antolatu ditugu.

  • Lehenengoa datorren asteazkenean izango da, azaroaren 20an, 18:30ean Kondestablearen jauregian. Mahai inguruaren izenburua hau da: “Elkarbizitza demokratikoa Nafarroan. Legealdi honetako aukerak eta erronkak”. Eta bertan, Iruñeako hiru pertsona erreferentek hartuko dute parte:

    • Guillermo Múgica. Teologoa. Vatikako II garaiak igarota, Perura joan zen oinarrizko lan-eklesiastikoa egitera. Askapenaren Teologiaren sustatzailea. “Foro Gogoa”-ren sortzailea.

      1. Madoz. Iruñeako psikiatra. Argibide Fundazioaren sortzailea, bere Zuzendari medikoa izan da sortu zenetik, eta Zuzendari nagusia 1982tik 2007 arte. Nafarroako Unibertsitateko irakaslea izan da, baita Nafarroako unibertsitate publikoan ere. Elkarte askoren partaidea izan da: Medicus Mundi Nafarroa, Fundación Bartolomé de Carranza edo Ateneo Navarro.
    • Camino Oslé. Pedagogian Doktorea Nafarroako Unibertsitatetik. 2014 arte Nafarroako Unibertsitate publikoaren irakaslea. Iruñeako Casa de la Misericordiaren Gobernu batzordeko kidea da, Nafarroako geriatria eta gerontologia elkartearen partaidea eta Duintasunez hiltzeko eskubidearen elkarteko kidea da. Transizio garaian Iruñeako zinegotzia eta Nafarroako Parlamentaria izan zen.

    • Joseba Santamaria, "Noticias de Navarra" egunkariaren zuzendaria izango da moderatzailea.

  • Bigarren mahai ingurua azaroaren 26an izango da, 18:30ean, Nafarroako Parlamentuko hemizikloan, “Elkarbizitza eraikitzeko entzutea. Indarkeria mota desberdinetako biktimen lekukotzak”. Mahai inguru honetan parte hartuko dute:

    • Roberto Manrique. ETAren biktima. Hipercor.

    • Idoia Zabalza. Estatuaren biktima. Mikel Zabalzaren arreba.

    • Moderatzailea: Fernando Rey.

Foro Sozialak Nafarroako Parlamentuarekin elkarlanean antolatzen duen biktima desberdinen arteko hirugarren mahai ingurua izango dela gogoratu nahi dugu.