2020/06/22

Ekainak 26: Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Eguna: Foro Sozial Iraunkorraren irakurketa eta gomendioen dekalogoa

Aurtengo hitzorduak garrantzi berezia du. Izan ere, iazko ekainaren 20an, Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen Legez Besteko Proposamen bat, eskatuz Eusko Jaurlaritzari bat egin zezala Nazio Batuen Erakundearen egun hori ospatzeko ekimenarekin. Gobernuak bere egin zuen Legebiltzarraren agindua. Foro Sozial Iraunkorretik, torturaren biktimen aitortzaranzko aurrerapauso garrantzitsua zela baloratu genuen.

IRAKURKETA ETA DEKALOGOA PDF

 

TESTUINGURUA

Ekainaren 26a "Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Eguna" da, Nazio Batuen ekimenez.

Aurtengo hitzorduak garrantzi berezia du. Izan ere, iazko ekainaren 20an, Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen Legez Besteko Proposamen bat, eskatuz Eusko Jaurlaritzari bat egin zezala Nazio Batuen Erakundearen egun hori ospatzeko ekimenarekin. Gobernuak bere egin zuen Legebiltzarraren agindua. Foro Sozial Iraunkorretik, torturaren biktimen aitortzaranzko aurrerapauso garrantzitsua zela baloratu genuen.

Argi dago osasun krisiak gaur egun sortu duen egoerak eta uztailaren 12an hauteskundeak deitzeak zaildu egiten dutela egun hori ofizialki ospatzea. Foro Sozial Iraunkorraren ustez demokratikoa, adiskidetua eta bizikidetzaren aldekoa izan nahi duen gizarte orotan, giza eskubideak balio eztabaidaezintzat izanik, torturaren biktimen aitortza ofizialak edozein inguruabarren baldintzapetik aske behar luke egon. Biktimen mina, biktima guztiena, inolako baldintzarik gabe aitortzeak izan behar du horrelako ekimenak martxan jartzea ahalbidetzen duen indarra. Noski, osasun neurri guztiak errespetatuz.

Aipatutako LBPa bozkatzeko egunean Legebiltzarrean izan ziren EAEn ordezkaritza duten sindikatu guztietako ordezkariak, Estatuaren biktimen elkarteetako ordezkariak, torturaren biktimak eta ETAren biktimak, eta bozketan lortutako adostasuna txalotu zuten, bertan zeuden legebiltzarkideen eta komunikabideen aurrean beren eskariak azaltzeaz gainera.

Foro Sozial Iraunkorraren iritziz, albiste bikaina izan zen hori. Biktimen eskubideei dagokienez gure lana oinarritzen duen premisa argia da: biktima guztiek dute egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea; eta giza eskubideen urraketa berek aitortza maila politiko eta legal bera izan behar dute, horiek praktikara eraman dituen agente bortitza edozein delarik ere.

Horregatik, horrelako ezaugarriak zituen maila goreneko ekimen instituzionala aurrerapausoa zela baloratu genuen, Legebiltzarrak aho batez babestu zuena, eta gizarte zibileko erakundeen adostasun zabala izan zuena, gainera, biktimak tratatzeko oraindik ere bizirik dirauen diskriminazioa behin betiko gainditzeko norabidean ekarpena egiten zuelako (torturaren biktimak kasu), guztiei dagozkien eskubideak modu parekidean aitortzea bermatzea helburu izanda (egia, justizia eta erreparazioa). Izan ere, aitortzarik gabe bizikidetza demokratikoa ezin da erabatekoa izan. Edo, bestela esanda, elkarbizitzarik eta egiarik gabe justiziak eta erreparazioak ez dute tokirik.

Gogoan izan behar dugu Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuak Eusko Jaurlaritzaren enkarguz egindako EAEko torturari buruzko txostenak sinesgarritasun sendoa edo oso sendoa eman ziela 1960tik 2014ra bitartean Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta Ertzaintzak, gutxienez, praktikara eramandako 4113 tortura kasuren testigantzei, Istanbulgo Protokoloa aplikatuta (ausazko eran hautatutako 202 pertsonari).

Testigantza horien artetik, 651 (guztizkoaren %15.8) emakumezkoenak ziren.

Gainera, txosten horretan bertan aipatzen zen zifra horiek benetako dimentsioaren azpitik zeudela. Adibidez, Nafarroako Foru Komunitateko kasuak ez ziren bertan jasotzen. Horiek Kriminologiaren Euskal Institutuak egin berri duen beste txosten batean hasi dira dokumentatzen, eta, gutxienez, 169 gehiago dira (1960 eta 1978 arteko kasuak).

“Noizbehinka baino gehiagotan" errepikatu den errealitate horren argazkia tamalez hori den arren, oraindik ofizialki aitortutako tortura kasuak 103 baino ez dira: gutxi batzuk epai judizialen bidez, eta beste batzuk Eusko Jaurlaritzaren 107/2012 Dekretuaren bidez.

Torturaren biktimek pairatzen duten diskriminazio egoera horren aurrean, Foro Sozial Iraunkorrak honako azterketa egiten du:

Aurrerapenak

Uste dugu Euskal Autonomia Erkidegoan urrats garrantzitsuak eman direla torturaren biktimen aitortzarantz:

  • Lehenengoa, aurretik aipatutako "Euskal Autonomia Erkidegoko 1960tik 2014ra bitarteko tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektuaren" egikaritzea, 2017ko abenduan aurkeztu zena.

  • Bigarrena, Eusko Jaurlaritzaren 107/2012 Dekretua, 1960tik 1978ra bitarteko torturaren biktima batzuk aitortzea ahalbidetu zuena.

  • Hirugarrena: Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko uztailaren 28ko 12/2016 Legea onartzea eta abian jartzea. Lege horrek torturaren biktima gehiago ofizialki aitortzea ahalbidetu beharko luke, balorazio batzordeak kasuak aztertu ondoren.

  • Eta laugarrena, Eusko Legebiltzarrak 2019ko ekainaren 20an aho batez emandako ebazpena, "Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Eguna" ofizialki ospatzeari buruzkoa.

Nafarroako Foru Erkidegoan ere eman dira torturaren biktimak aitortzeko lehen urratsak:

  • 16/2015 Legea onartzea, poliziaren indarkeriaren biktimak aitortzeko (nahiz eta haren aurka aurkeztutako errekurtsoak ebazteke dauden).

  • Kriminologiaren Euskal Institutuak, Nafarroako Gobernuaren eskariz, 1960tik 1978ra bitarteko foru erkidegoko tortura kasuei buruz egindako lehen txostena.

Blokeoak

Argi dago oraindik pausoak eman behar direla. Egia da biktimentzat garrantzitsuena dena. Eta, horrekin batera, torturatu zuten funtzionario publikoek eragindako kaltea aitortzea, eta Estatuaren eta bestelako erakunde batzuen erantzukizuna aitortzea, praktika horiek giza eskubideen aurkakoak eta nazioarteko jurisdikzioek zorrotz debekatuak izan zirelako.

Alderdi politiko batzuek Nafarroako 16/2015 Legearen aurka jarritako helegiteak izugarri zailtzen du ildo horretan lan egitea.

Disentsoak

Zoritxarrez, oraindik ere desadostasunak daude torturaren errealitateari dagokionez. Adibidez, Paco Etxebarriak zuzentzen zuen taldeak EAEko kasuei buruzko txostena aurkeztu ondoren sortu zen polemika politikoak lausotu egin zuen horrelako ikerketa bat egiteak zekarren aurrerapena.

Alde horretatik, "errelatoaren bataila" izenez ezagutzen den alderdien arteko eztabaidak, errespetagarria izanik ere, eragin negatiboa du biktimentzako aitortza neurriak sakonago garatzeko aukeran.

 

GOMENDIOAK

Horregatik guztiagatik, honako neurriak hartzea gomendatzen dugu ezinbestekoak direla uste dugulako:

  1. Euskadiko torturari buruzko txostenean gomendatutako neurri zehatzak behingoz aplikatzea. Tortura saihesteko lehen gomendioak 1984an eman zituen Amnistia Internazionalak, eta, ondoren, 1990eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, horrelakoak ematen jarraitu dute Torturaren Prebetziorako Komiteak eta Torturari buruzko Nazio Batuen errelatore bereziak, Espainiako Estatura egindako bisiten ostean.

  2. Neurri guztien artean, funtsezkoena da gure ustetan torturaren biktimak ofizialki aitortzea eta torturaren errepikatzeko aukerarik ez dagoela bermatzeko neurri zehatzak hartzea.

  3. Poliziaren zaintzapean zeuden bitartean edo atxiloketan jasandako lesioen ondorioz pertsonak hil diren kasuak berariaz ikertzea, pertsona horiek esplizituki torturaren eraginez bizia galdu duten biktima gisa aitortu ahal izateko1.

  4. Gertatutako guztiaren egia argitzen jarraitzea, ikerketa akademiko berrien bidez, giza eskubideen urraketa krudel horrek bere osotasunean eragin duena behin betiko azaleratu arte. Horretarako, beharrezkoa izango litzateke EAEko erakundeek eta Nafarroako Foru Erkidegoak ikertzaile taldeei baliabide ekonomikoak ematen jarraitzea. Gainera, komenigarria litzateke euskal unibertsitateek etorkizuneko ikerketetan (EHUk, Mondragon Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak) lanketa horren parte hartze handiagoa izatea, eta interesgarria litzateke, halaber, torturaren biktimen errealitatea unibertsitateetako ikasgeletan ere jorratzea (adibidez, etika ikasgaian edo ekintza zehatzen bidez).

  5. Torturaren biktimei sinesgarritasuna ematea, aitortzea eta giza eskubideak estamentu ofizialen babespean edo sustapenpean urratzea ahalbidetu zuten arrazoiak ikusaraztea.

  6. Emakumeek jasandako torturetan genero arrazoiek urraketa larrigarri bat ekarri dutela agerian uzteko eta berariaz aitortzeko neurriak hartzea eta, gainera, tortura indarkeria matxistaren beste forma bat izan dela aitortzea, torturatutako emakumeek modu espezifikoan pairatu behar izan dutena. Izan ere, emakumeek indarkeria zikloaren baitan jasan dituzten zapalkuntza eta motibazio politikoko bazterketa moduak hertsiki lotuta daude sistema heteropatriarkalarekin. Ezin dira ulertu kolektibo horretako pertsonek testuinguru horretan jasandako indarkeriak, alde batera utzita horiek ezaugarritu dituzten genero arrazoiak. "Euskal Autonomia Erkidegoko 1960tik 2014ra bitarteko tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektuak" aipatzen eta aztertzen du desberdintasunak daudela generoaren arabera erabilitako tortura patroi edo teknikei dagokienez. Baina beharrezkoa da sakonago aztertzea gaia.

  7. Beharrezkoa da erakunde guztiek (Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak) modu ofizialean eta instituzionalean aitortzea torturaren biktima guztiak, horretarako behar diren mekanismoak bermatuz.

  8. Torturaren biktimei dagokien justiziarako eskubide legitimoa bermatzea, aholkularitza juridikorako erraztasunak eskainiz.

  9. Biktimei beharrezkoak diren mekanismoak eskaintzea, jasandako eskubide urraketaren benetako erreparazioa posible izan dadin.

  10. Torturaren biktimen errealitatea eta giza eskubideen urraketa larria jasan izanagatik dagozkien eskubideak alderdien arteko xextratik kanpo uztea, eraginkortasunez aurre egin ahal izateko erronkei.

 

AZKEN OHARRA

Amaitzeko, gure herrian torturatutako milaka pertsona horiei dei egin nahi diegu, bereziki 1978 eta 1999 urteen artean torturatu zituztenei, Eusko Jaurlaritzari eska diezaioten jasan zuten eskubideen urraketa aitortu dezala ofizialki, Giza Eskubideen urraketen Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko Lege berriaren babesean. Eskaerak aurkezteko epea 2021eko abendura arte dago zabalik.

Bestalde, berriz ere eskatu nahi genuke alderdien arteko eztabaida politikoaren tentsio maila murrizteko. Gure esperientziak erakutsi digu gaur egun bizi dugun tonua gogortzeak eragin zuzenak dituela indarkeria zikloaren ondorioak konpontzeari buruzko ekimenetan, hala nola biktimen eskubide legitimoak aitortzean, eta, gainera, "errelatoaren bataila" delakoaren enkistamendu arriskutsua eragiten duela.

Biktima guztiei beren eskubideak bermatuz bakarrik lortuko dugu euskal gizartea bere osotasunean konprometitzen duen erronkari aurre egitea: etorkizuneko bizikidetza demokratikoaren oinarriak sortzea.

1Euskal Memoria bezalako fundazioek egindako ikerketen arabera, adibidez, 14 kasu lirateke torturaren eraginez edo ondorioz hildako pertsonen kasuak.