2018/11/30

“Egia ezagutzeko sustatzen diren mekanismo guzti hauen bidez Egiaren Batzorde baten oinarriak eraikiko ditugu”

"Egia jakiteko eskubidea: biktima ororen aitortza eta erreparaziorako mekanismoak’ izenburupean, urriaren 5 eta 6an Iruñean eta Bilbon egindako V. Foro Sozialean eztabaidatutako edukien ONDORIOAK aurkeztu ditu gaur Foro Sozial Iraunkorrak Gasteizen

V. FORO SOZIALAREN ONDORIOAK 


Agus Hernanen hitzartzea

Gure lana gidatu duen ideia nagusia hau izan da eta hau da: biktimek jazotakoaren egia ezagutzeko eskubidea, erreparaziorako eskubidea eta justizia izateko eskubidea dituzte, pairatutako drama berriro errepika ez dadin.

Ideia hori 2013ko lehen Foro Sozial hartako 9. gomendioan dator, eta berak gidatzen ditu gure urratsak. Eta hala jasota dator Foroak bere egin dituen nazioarteko estandarretan.

Azken hamabi hilabeteetan gure konpromisoa berretsi dugu biktimekiko lan-ildoa eta, oro har, bizikidetza eta memoria jartzean Foro Sozial Iraunkorraren jardueraren erdigunean.

Urrian, ‘Egia jakiteko eskubidea: biktima ororen aitortza eta erreparaziorako mekanismoak’ izenburupean, Iruñea eta Bilbon egindako 5. Foro Sozialean eztabaidatutako edukien ondorioak gaur aurkeztu ditu Foro Sozial Iraunkorrak Gasteizen.

Gai hau lubaki-posizioetatik kanpo lantzea premiazkoa dela uste dugu, beharrezko gizarte-adiskidetzearen muina elikatzeko.

Foro Sozialen, Foro Sozial Iraunkorrak dinamizatzen dituen mintegi tematikoen, helburu nagusia da txostengile gisa parte hartzen duten adituen esperientzietatik ikastea eta, ezaguera horiek baliatuta, eztabaidatzea, euskal bake prozesuak planteatzen dituen erronkei aurre egin ahal izateko.

Kasu honetan, egin berria den 5. Foro Sozialak, biktimen gaiaz eta egia jakiteko duten eskubideaz jardun zuen. Konferentziak mugarri garrantzitsu bihurtu dira Foro Sozial Iraunkorraren dinamikarentzat, ondorio batzuk, eskaini dizkigutelako eta lanerako gida gisa balio dutelako. Horiek memoria eta bizikidetza alorretan hurrengo hilabeteetako jarduna bideratuko dute.

Bosgarren Foro Sozialak egia hartu zuen ardatz nagusi gisa, ezinbestekoena egia jakiteko eskubidea dela ulertzen dugulako. Izan ere, egiak biktimei dagozkien eskubideak ematea ahalbidetzen du, eta aldi berean euskal gizarteak behar duen etorkizuneko bizikidetza demokratikoa eraikitzen laguntzen du. Azken batean, euskal gatazka delakoak ezarri dizkigun eragozpenetako bat gainditzen laguntzen digu egiak, bidean oztopo berririk sortu gabe.

Jazotako guztiaren egia jakiteak, hain zuzen, gertaturikoaren eta pairaturikoaren balizko errepikapenen aurrean beharrezko blindajea ekarriko dio euskal gizarteari. Ziur gaude.

Urriaren 5 eta 6an, nazioarteko eta hemengo txostengileen eskutik, hainbat esperientzia eta mekanismo ezagutzeko eta aztertzeko aukera izan genuen, eta modu batean edo bestean egiak eskuratzen eta ofizialtzen asmatu dutela jakin genuen. Ikerketa akademikoak landu genituen, egiaren batzordeak, ekimen sozialak, trantsizioko justizia… Kasu bakoitzaren atzean dauden egien puzzle handiak osatzen lagundu dute.

Foro honek ideia berriak ekarri ditu, bai, baina batez ere, baliabideak eman dizkigu alor honetan datozen hilabeteetan ekarpen bat egiteko eta gai honen konponbidea errazteko.

Horrela, egia ezagutzeko diseinatutako ekimen hauen guztien bidez, orain arte gauzatutakoak eta hemendik aurrera martxan jarriko direnak, eztabaida soziala sustatuko da etorkizunean Egiaren Batzorde baten oinarrien eraikuntzari ekiteko.

Harold Good agurgarriak bere azken bisitan ongi esan zuen moduan, gai hau izango da euskal gizarteak landu beharko duen erronka handiena datozen urteetan, preso, iheslari eta deportatuenarekin batera.

Txostengileek eskainitako testigantzek erakutsi digute jazotakoaren egia osoa jakiteak askeago egingo gaituela gizarte modura. Gainera, ikasi dugu egia horrek poliedrikoa izan behar duela, hainbat aldez osatutakoa, ertz askotakoa, kontakizun anitzekoa. Horrez gain, egia horrek ekimen erabat ezberdinez eta askotarikoz eraikia izan behar du, euskal gizarte osoaren inplikazio eta lanarekin batera.

Horregatik guztiagatik, gaur, Foro Sozial Iraunkorrak konpromisoa hartzen du gizarte-atmosfera berria sorrarazteko ekarpena egiteko, egia poliedrikoa lortzeko urratsak ahalbidetze aldera.