2022/11/22

Egia ezagutzeko eskubideari buruzko bi nazioarteko jardunaldi Donostian eta Iruñean

Agus Hernanek eta Eneko Callek “Egia ez da preskribatzen: egia bilatzeko tresnak” nazioarteko jardunaldiak aurkeztu dituzte gaut Bilbon. Azaroaren 23an eta 24an egingo dira, Donostian eta Iruñean, Paz con Dignidad elkarteak eta Foro Sozial Iraunkorrak elkarlanean antolatuta.

Eneko Calle eta Agus Hernanen hitzartzeak

Lehen Foro Sozialaren (2013) ondorioetan azpimarratzen zen beharrezkoa zela egia ezagutzea eta memoria mantentzea iraganari zintzotasunez aurre egiteko eta etorkizuneko bizikidetzarako oinarriak ezartzeko. Alde horretatik, handik atera ziren hamabi gomendioen artean bi egiarekin lotuta zeuden. Ondoren, Foro Sozial Iraunkorrak, 2016. urtean sortu zenetik, bi gomendio horiek bere lan-agenda txertatu ditu.

Foro Sozialetik azkenaldian adierazten ari garenez, aurten, urrats garrantzitsuak egiten ari dira indarkerien ondorioen konponbidean. Halere, zenbait gaietan zailtasunak daudela ere aipatu dugu, hala nola egia jakiteko eskubidean.

Korapilo hori askatzeko eta eztabaida-marko berri bat sortzeko, Foro Sozial Iraunkorrak “Sufrimenduaren kartografia integrala” dinamika jarri zuen abian 2017an, eta, aurrerago, dinamika horren emaitzetatik abiatuta, V. Foro Soziala antolatu genuen 2018an, “Egia ezagutzeko eskubidea: biktimei aitortza eta erreparazioa emateko mekanismoa” izenburupean.

V. Foro Sozial horren ondorio nagusiak hiru izan ziren:

Gertatutakoaren egia ezagutu eta ezagutaraztea, biktima guztien funtsezko eskubidea izateaz gain, oinarrizko bermea da bizi izandako tragedia berriro gerta ez dadin. Biktima guztiek justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidean aurrera egiteko aukera ere ematen du.

Egia ezagutzea oinarrizko elementua da etorkizuneko bizikidetza baten oinarriak eraiki ahal izateko. Onartzen dugu egia poliedrikoa izango dela, iraganari, haren kausei eta ondorioei buruzko askotariko bizipen eta ikuspuntuetatik eratorritako egiek eraikiko dutena.

Errealitate desberdinak antzematez eta ezagutuz egia plurala eraikiko dugu. Prozesu horren bidez, egia ezagutuz eta oroituz, gizarte gisa ditugun zauriak sendatzeko aukera izango dugu. Gure ustez, nola egiten dugun zer egiten dugun bezain garrantzitsua da.

Eremu honetan emandako pausoak ez dira gutxi izan. Nabarmendu nahi dugu gizarte zibilak eta erakundeek ekosistema egokia sortu dutela gomendio horietako batzuk betetzen joan daitezen:

ETAren biktimen kasuan, Auzitegi Nazionalean espezializatutako fiskaltza bat dago “argitu gabeko kasuak” deritzen kasuetarako.

Estatuaren biktimen kasuan, ez dute tresna hori, eta, gainera, kasu gehienak preskribatuta daude. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, 12/2016 Legea dago, eta bere baitan eratu den Balorazio Batzordeak txosten oso zorrotzak egiten ditu, egia horien erreparazio eta aitortza ofizialerako oso baliagarriak direnak. Nafarroan, 16/2019 Foru Legea laster jarriko da martxan.

Unibertsitateek eta Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako gaikako txostenek giza eskubideen urraketen inguruko hainbat gai sakon aztertu dituzte.

Prozesu horretan, balio berezia izan dute “Memoria partekatua baterantz” udalerri desberdinetan egindako txostenek.

Gainera, hainbat ekimen instituzional eta sozial egin dira tokiko ikerketa-batzordeetan eta sufrimendu espezifikoen inguruan, eta horiek guztiek gertatutakoa argitzen eta ikusarazten lagundu dute.

Gai zehatzetan sakontzen duten literatura-lanak eta ikus-entzunezkoak ez dira gutxi izan.

Adiz, argitu gabeko kasuen esparruan, Estatuaren biktimei dagokionez, gehienak argitu gabeko kasuak dira. Eta gai hori agenda publikotik kanpo dago.

Hala ere, urrats horiek guztiak eman diren arren, Estatuaren eta ETAren biktimek transmititzen jarraitzen dute egia jakitea beharrezkoa dela euren zauriak sendatzeko. Halaber, gaur egun indarrean dauden tresnen artean batzuek agortuta daudela adierazten dute. Hau da, tresna berriak behar direla.

Foro Sozialak beti galdetu dio bere buruari ea Euskal Herrian Egiaren Batzordea sortzeko baldintzarik ba ote dagoen.

Gure iritziz, Egiaren Batzorde bat tresna interesgarria izango litzateke biktimen egia-eskaerei erantzuteko, batez ere Estatuaren biktimen kasuei dagokionez, ez baitute justiziara iristeko tresnarik.

Ere berean, Egiaren Batzordea tresna baliagarria izan daiteke egia ezagutzea elementu sendagarria dela adierazi duten ETAren biktimentzat ere. Hau da, helburu zigortzailearen gainetik eta esparru judizialean amaitzearen gainetik egiaren ezagutza lehenesten duen biktima ororentzat.

Halere, jakin badakigu, Eusko Legebiltzarreko bi alderdi politikok erabili beharreko tresnatzat hartzen duten arren, Egiaren Batzordeak ez dituela une honetan behar diren adostasunak biltzen, ez instituzionalak ez politikoak.

Baina, gizarte gisa, ezin dugu onartu biktimei egia ezagutzeko duten eskubide legitimoa ukatzea. Bakea eraikitzeko prozesuan, biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubideari buruzko adostasuna sortu da, nazioarteko zuzenbidean oinarrituz. Biktima guztiena, azpimarratzen dugu. Orain dela gutxi, Barrionuevo ministro ohiaren adierazpenen aurkako erreakzioekin egiaztatu dugu horrela dela.

Zer egin behar dugu orduan? Baldintza egokiak sortu arte itxaron? Edo baldintza horiek sortzeko pausoak eman? Foro Sozial Iraunkorrak azken aukera horren aldeko apustua egin du.

Horregatik, azaroaren 23an eta 24an, Paz con Dignidad elkarteak eta Foro Sozial Iraunkorrak bi jardunaldi antolatu dituzte Donostian eta Iruñean, “Egia ez da preskribatzen: egia bilatzeko tresnak” izenburupean.

Jardunaldi hauen bidez, gizarte zibilaren ekimenez bake-agertokietara iritsi diren nazioarteko esperientzietatik ikasi nahi dugu, baita egia ezagutzeko hemen martxan jarri diren mekanismoak balioan jarri ere.

Horretarako, pertsona hauek gonbidatu ditugu:

  • Félix Reátegui Carrillo. Soziologoa. Demokrazia eta Giza Eskubideen Institutuko trantsizio-memoria eta justiziako aholkulari eta ikertzaile espezialista aipatutako Peruko Unibertsitate Katoliko Pontifizioan. Egia eta Adiskidetze Batzordeko Azken Txostenaren arduraduna izan zen.

  • Juliana Dal Piva. Kazetaritzan lizentziatu zen Santa Catarinako Unibertsitate Federalean (Brasil). Berriemaile gisa, Egiaren Batzorde Nazionalaren lan guztiak jaso zituen Brasilen.

  • Ivan Forero. Kolonbiako soziologo eta historialaria. Giza Eskubideen defendatzailea eta erbesteratua Espainiako Estatuan. "Colombia Nunca Más" prozesuaren sustatzailea eta parte-hartzailea izan zen.

  • Juana Balmaseda. Abokatua eta Eusko Jaurlaritzaren 12/2016 Legearen Balorazio Batzordeko lehendakaria.

  • Jean Pierre Massias. Zuzenbide publikoko irakaslea da eta Europan eta Afrikan gatazken konponbideetan aditua. Europako Kontseiluaren aditua. 2006az geroztik, Euskal gatazkaren konponbidea aztertzen ari da.

  • Urko Aiartza. Abokatua eta Egiaren Batzordeetan eta gatazken eraldaketan aditua.