2018/06/30

EAE eta Nafarroako sindikatu guztiak presoak hurbiltzearen alde

Eusko Legebiltzarrean ekainaren 13an eta Nafarroako Parlamentuan ekainaren 29an erdietsitako akordioen ondoren, orain dira Nafarroa eta EAEko sindikatu guztiak espetxe politikaren aldaketa eta presoen hurbilketa eskatzen dutenak.

Hau da zehazki erantsita bidaltzen dizueguna:

  • Euskal Autonomia Erkidegoa: ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuek ekainaren 29an Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean onartutako mozioari babesa erakusten dion testu bat sinatu dute.

  • Nafarroa: ELA, LAB, CCOO eta UGTk, bakoitzak bere oharraren bidez, pasa den ekainaren 29an Nafarroako Parlamentuan onartutako mozioari babesa ematen diote. Era berean, EHNE, Hiru, Steilas, ESK eta CGT sindikatuek mozioari babesa adierazten diote Foro Sozial Iraunkorraren bitartez.

Foro Sozial Iraunkorretik oso positiboki baloratzen dugu sindikatu GUZTIEK hartu duten jarrera, bi Parlamentuetan lortutako akordioen ondoren datorrena.

Espetxe politika aro berrira egokitzearen alde dagoen gehiengo politiko, sozial eta sindikala indartzen dute ekimen hauek guztiek.

Eta gehiengo hau gure Herritik kanpora ere zabaltzen ari da. Izan ere, atzo Bartzelonako udaletxean egindako adierazpenak agerian utzi du Estatu espainoleko sektore anitz eta transbertsaletan horren aldeko iritzi korronte bat zabaltzen ari dela.

Zuhurtziaz eta, aldi berean, baikortasunez hartu ditugu Espainiako Presidentea honi buruz egiten ari den adierazpenak, pasa den maiatzaren 29an Bilbon publiko egin genuen konponbiderako urgentziazko agenda sendotzen ari da-eta:

  1. Gaixo dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak

  2. Urrunketaren amaiera

  3. Gradu progresioa ahalbidetzea

  4. Zigorren pilaketarako irizpideak Europakoak izatea

  5. Espetxe-alorreko eskumenen transferentziak