2022/01/14

Diskriminazioak gaindituko dituen eta biktima guztiak babestuko dituen 'reset' kolektibo bat eskatu du Foro Sozialak

Gaur Donostian, Nekane Altzelaik eta Agus Hernanek prentsaurrekoa eman dute Foro Sozialak 2022rako bake prozesuaren
eraikuntzari dagokionez dituen helburuak aurkezteko.

Foro Sozialaren 2022rako lehentasunak
 

Nekane Altzelairen interbentzioa 

Prentsaurreko honen bidez, hasi berri dugun 2022rako helburuak finkatu nahi ditugu.

Argitaratu berri diren inkestek berretsi dutenez, bakea eraikitzeko prozesuaren azken helburuak bi dira:

  • Ez errepikatzeko bermeak ezartzea

  • Adiskidetzean aurrera egitea

Helburu bikoitz horretan, oraindik konpondu gabeko gaiak daude, eta horiek modu integralean konpontzen doazen heinean, bizikidetza demokratikoaren oinarriak ezartzen lagunduko digute. Horixe adierazi zuen Foro Sozial Iraunkorrak “Bizikidetza demokratikorako itun sozial eta instituzionala” lortzeko oinarrien proposamenean, joan den azaroaren 6an Gasteizen egindako ekitaldian publiko egindako dokumentuan jasota dagoena.

Aieteren Adierazpenaren hamargarren urtemugak eszenatoki hobea sortu du, orain sendotu egin behar dena. Azken urteetan emandako urratsen ondoren, prozesuaren helburuak egungo egoerara egokitzeko aukera eman du.

Horregatik, azken asteetan, aktoreei eskatu diegu gaur egungo koiuntura behar bezala irakurtzen jakin behar dutela, eta, interes alderdikoiak alde batera utzita, oraindik ere existitzen den iraganaren inertziak gainditzen joan behar dutela.

Konpondu gabe dauden hiru korapiloak askatzeko 2022. urtea garrantzitsua izango delakoan gaude.

Lehen korapiloari dagokionez, biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea bermatu behar da, eta biktima askok oraindik pairatzen dituzten diskriminazio-egoerak gainditu. Agus Hernanek gai horretan sakonduko du.

Bigarren korapiloa presoen egoeraren konponbide integrala da. Alde batetik, pertsona horiek guztiak aurten Euskal Herriko kartzeletara hurbildu behar dira eta, bestetik, funtsezko bi arlo konpondu behar dira:

  • Salbuespeneko araudia gainditzea, esparru hauetan: bigarren graduko baimenak, hirugarren gradurako bilakaera eta behin-behineko askatasunak lortu ahal izatea.

  • Justizia errestauratiboan oinarritutako birgizarteratzeko ibilbidea definitzea. Ibilbide hori eragile instituzional eta politiko guztiekin adostu behar da, baita presoekin ere. Ibilbide horrek zehaztuko ditu, batetik, presoek kartzeletan eman beharreko urratsak, eta, bestetik, erakundeek eman beharreko laguntza behin-behineko askatasunaren unean eta kondena amaitzen denean.

Eta hirugarrena, memoria kritiko inklusiboa eraikitzea. Kontakizunaren batailak alderdien artean, oihartzun mediatiko handiarekin, sortzen duen krispazioa gainditu behar da. Zalantzarik gabe, korapilorik zailena da hau. Alde horretatik, eztabaida egungo krispaziotik eremu eraikitzaileago batera eramatea da helburua. Horretarako, ezaguna da Foro Sozialak joan den abenduaren 14an martxan jarri zuen “Ustekabean topo - Diálogos improbables” ekimena. Honen bidez, arlo honetan ekarpena erabakigarria egiteko konpromisoa hartu dugu.

Lehen zati hau amaitzeko, Foro Sozial Iraunkorraren xedea gogorarazi nahi dugu: bakea eraikitzeko prozesua blokeatzen duten korapiloak identifikatzea, nazioarteko esperientziak aztertzea, gomendioak egitea eta korapilo horiek askatzeko beharrezkoak diren adostasunak eraikitzea.

Arrakasta-metodo horrek hainbat gaitan funtzionatu du, hala nola ETAren armagabetze zibilean eta desegitean, biktimen eta presoen auzian, edo, orain dela gutxi, presoen harreren gaian.

Agus Hernan-en interbentzioa

2022. urtean, lehen aipatutako hiru gaietan urrats erabakigarriak emango direla uste dugu.

Baina Foro Sozial Iraunkorraren lehentasuna Nekanek aipatutako lehen puntuan jarriko dugu: biktimak, biktima guztiak.

Alde horretatik, Foro Sozialaren helburua da mota guztietako biktimenganako diskriminazioa gainditzea, izan hitzezkoak edo ekintzakoak. Eskubideak urratzen dituzten eragileen arabera bereizkeriarik edo kategorizaziorik egitea baztertu behar da.

Presoen harreren gaia behin betiko ixteko beharrezko baldintzak sortuz amaitu dugu 2021. urtea. Orain, beste biktima batzuek ere jasaten dituzten diskriminazio-egoerak gainditzeko pauso erabakigarriak eman behar dira: Estatuaren biktimak.

Ukaezina da azken urteotan urrats positiboak eman direla Estatuaren biktimei dagozkien eskubideak bermatzeari dagokionez.

Lehenik eta behin, biktima guztiek -bai, guztiek - egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubideari dagokionez eraiki den adostasun politikoa nabarmendu nahi dugu. Duela urte gutxi arte hau pentsaezina zen; egindako aurrerapena izugarria izan da.

Bigarrenik, erreparaziorako tresnak ezarri dira. Tresna nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoaren legea da; Nafarroan, uda aurretik abian jarriko da antzeko lege bat. Era berean, ez da ahaztu behar EAEn egindako torturaren txostenaren balioa. Izan ere, nazioartean abalatutako protokoloen bidez, torturatutako pertsonen kopurua zehaztu du. Aurten Nafarroan antzeko urratsak egin ahal izatea espero dugu.

Azpimarratzekoak dira, halaber, salbuespeneko espetxe-politikatik, torturaren aplikaziotik eta abarretatik eratorritako biktimizazioak aitortzearen alde erakundeetan lortutako adostasun politiko eta sindikalak.

Hala ere, aitortza honek zerbait teorikoan geratzeko arriskua du, edukirik gabekoa, “reset” bat egiten ez bada.

Zergatik esaten dugu hori? Onartu beharra daukagu: gaur egun, subkontziente kolektiboan, ideia bat dago iltzatuta: biktimei buruz hitz egiten denean, ETAren biktimengan pentsatzen da, eta ez GALen, torturaren edo polizien biktimengan. Diskriminazio-adierazpen horrek sirimiri gisa busti ditu eragile instituzional, politiko eta komunikazio-taldeen jarrerak.

Baina ez da hori bakarrik, honek adierazpen praktiko oso bortitzak ditu. Adibidez, José Antonio Cardosa postaria hil zuen bonbari buruzko grabazioak publiko egin zenean, erreakzio eta babes falta ikaragarria izan zen. Eta gauza bera Rafael Veraren, Ramón Jaureguiren eta Villarejoren adierazpenen ondoren. Eta zer esanik ez Barne Ministerioak giza eskubideak urratzeagatik 1994an kondenatutako polizia bati orain domina bat emateari dagokionez.

Sinetsita gaude horrelako ekintzak ez zirela inolaz ere onartuko ETAren biktimen kasuan, haiek kolpatu zituen indarkeria goresten edo justifikatzen saiatu izan balira. Eta horrela izan behar du.

Beste diskriminazio-egoera nabarmena da argitu gabeko kasuekin geratzen dena. Identifikatutako Estatuaren 364 biktimetatik, %38 argitu gabeko kasuak dira, baina hau agenda publikotik kanpo dago erabat.

Eta beste adierazpen batzuk ere badaude, hala nola, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan aipatutako lege horiek abian jartzeko atzerapena, edo torturaren biktimen gainean urteetan egon den susmoa eta mesfidantza.

Euskal Autonomia Erkidegoko 12/2016 Legeak berak, nahiz eta aurrera egin duen, zapore gazi-gozoa utzi du, jendaurrean eta pribatuan Balorazio Batzordeko kideek edo Egiari Zor Fundazioan antolatutako biktimek adierazi duten bezala.

2019ko martxoaren 19an Estatuaren 18 biktimarekin egin genuen lehen lan-bileretatik, beti adierazi digute, jendaurrean edo pribatuki, abandonatuta sentitzen direla, bigarren mailako biktimak direla eta etengabe bir-biktimizatuak izaten direla. Eta horrek haustura sakona eragin du biktima horiek erakundeen politiketan duten konfiantzan; eta justizian duten mesfidantza areagotu.

Horregatik guztiagatik, uste dugu premiazkoa eta beharrezkoa dela lehen aipatu dugun “reset” kolektibo hori egitea, biktima guztiak berdin babesteko, ekidistantziarik eta diskriminaziorik gabe. Alde horretatik, erakundeek, alderdi politikoek eta komunikabideek eredugarriak izan behar dute.

Gainera, beharrezkoa da erakundeek biktima horiekiko konfiantza berreraikitzea. Horretarako, eta aitortzerako legea tresna nagusia dela onartuta, beharrezkotzat jotzen dugu Euskal Autonomia Erkidegoaren Legeari espedienteak aurkezteko epea berriro irekitzea, benetako informazio-kanpaina batekin batera eta Balorazio Batzordeari baliabide gehiago emanez.

Era berean, Egia ezagutzeko, beharrezkoa da artxiboetarako sarbidea liberatzea, Sekretu Ofizialen Legea aldatuz.

Biktima guztiak denonak direla ulertzen badugu, gizarte osoarenak, biktima guztiei babesa eman behar diegula ulertzen badugu, orduan, oraindik existitzen diren diskriminazio egoera gurutzatuak gainditzeko aurrera urratsak eman behar ditugu. Eta, horretarako, beharrezkoa da biktima bakoitzak izan dezakeen sentimenduarekin enpatizatzea, errespetatzea eta sentimendu hori, gizarte bezala, gure egitea.

Eremu honetan aurrera egitea saihestezinezko printzipioa da Euskal Herrian giza eskubideen eta bakearen kulturan oinarrituta egongo bizikidetza demokratikoaren behin betiko oinarriak finkatzeko. Adiskidetzeko bidean aurrera egitea ahalbidetuko digun aurrera pausu bat.