2021/12/01

Bizikidetzaren eraikuntzan emandako azken urratsen balorazio positiboa partekatu du Foro Sozialak Nafarroako Gobernuarekin

Ana Ollo sailburua eta Martin Zabalza Nafarroako Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia bildu dira gaur Nafarroako Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaritza batekin, Foru Jauregian. Foroaren izenean, Fernando Armendárizek, Terexa Fagoagak, Roberto Oizek eta Agus Hernanek parte hartu dute.

Bilera mamitsua izan da, eta azken urrats positiboengatik baldintzatua egon da: urriaren 17an autokritikaren inguruan UPNk esandakoa eta astelehen honetan bertan presoen harrerari buruz EPPK-k egindako jakinarazpena.

Jasotako ekarpen guztiak biltzen dituen “Prozesuaren liburua” eman die Foro Sozialak Gobernuaren ordezkariei, eta “Bizikidetza demokratikoaren aldeko itun sozial eta instituzionala” lortzeko 11 oinarriak aurkeztu dizkie.

Dokumentu horri dagokionez, Foro Sozialaren ordezkaritzak partekatu du bere azterketa: “Itun Sozial eta Instituzionala” urrats erabakigarria da adiskidetzea lortzeko; izan ere, alde batetik, iraganari eta indarkerien zikloaren giza ondorio larriei heltzea ahalbidetuko luke, etorkizuneko belaunaldiak ez daitezen ez iraganaren ez haren ondorioen mende egon. Datozen belaunaldiek zama horretatik libre bizitzeko duten eskubidean sinesten dugula adierazi dugu.

Beste alde batetik, uste dugu adiskidetzeak etorkizuneko bizikidetza demokratikoaren oinarriak adostea eta bermatzea ere esan nahi duela, konfrontazio politikoa berriro modu berean adieraz ez dadin.

Gure ustez, iraganeko zauriak sendatzeak lotura estua izan behar du etorkizunean zauri berriak ez gertatzearekin. Beraz, adiskidetze-prozesuak bide bat izan behar du, gertatutakoa modu kritikoan aitortuz, oinarriak ezartzeko etorkizunean bizitako sufrimendua berriro gerta ez dadin.

Bestalde, bi aldeek elkarrekin aztertu dituzte bizikidetza demokratikoa eraikitzeko prozesuak Nafarroan dituen aukerak eta zailtasunak.

Foro Sozialetik nabarmendu dugu indarkerien zikloaren ondorioak konpontzeko prozesuak, orokorrean, aurrera egin duela, baita ezaugarri sozio-politiko propioak dituen Nafarroan ere, baina argi dago oraindik konpondu beharreko gai garrantzitsuak daudela. Hainbat urtetan blokeo ugari egin ondoren, 2016. urteaz geroztik urrats erabakigarriak egiten ari gara, gaur egungo agertokira ekarri gaituztenak.

Agertoki hobea, bi ezaugarri dituena:

  • Aieteko Nazioarteko Konferentziaren hamargarren urteurrenaren inguruan eta arestian aipatutako bi urratsen inguruan gertatutako guztiaren ondorioz sortu den agertoki hobea.

  • Nafarroako Gobernuaren Bizikidetzarako Plan Estrategikoaren amaieraren testuingurua. Planari hainbat ekarpen egin dizkiogu, oraindik konpondu gabe dauden indarkerien zikloaren ondorioak konpontzeko.