2021/03/26

“Bizikidetza lantzen. Tejiendo compromiso” zikloaren balantzea

Helburua bete da: bizikidetza demokratikoari buruzko elkarrizketa-guneak sortu eta gizarte-esparru zehatzetako ekarpenak bildu ditugu.

Martxoaren 23an, Foro Sozial Iraunkorrak "Bizikidetza landuz. Tejiendo compromiso" izenburupean martxoko lehen lau astearteetan zehar asteartero egin diren solasaldi zikloa amaitu zuen. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako lau hiriburuetan, sektore desberdinetara iristeko helburuarekin, "Bizikidetza eraikitzeko konpromiso sozialari" begirada eta gogoeta desberdinak gehitzeko aukera izan da.

Ildo horretan, uste dugu bete dela Foroan geure buruari proposatu genion helburua. Hilabete batez elkarrizketarako eta hausnarketarako espazioak sortu ditugu bizikidetza demokratikoari buruz, modu integralean ulertuta, kazetaritza, komunikazioa, eliza, kultura edo gizarte-mugimenduei buruzko eztabaidak eta proposamenak txertatuz, bakean biziko den gizartea eraikitzea ere helburu dutenak.

Balantze gisa, lau ideia indartsu azpimarratu nahi genituzke:

  1. Komunikabideek gure imajinario kolektiboen edo iritzi publikoaren konfigurazioan jokatzen duten rola eta hitza desarmatzeko erronka, gaur egungo egoera berrian, zer, nola eta norentzat kontatzen dugun berrikustearekin batera joan behar duena, gure historia belaunaldi berriei kontatzen saiatuz.

  2. Kultura ere, imajinarioak aldatzeko eta eraldatzeko eragile gisa, esparru garrantzitsua da bizikidetza demokratikoari ekarpenak egiteko, kontakizunen, istorioen eta egien aniztasuna txertatuz eta, aldi berean, bandoen logikak edo kontakizun bakarraren inposaketa gaindituz.

  3. Bizi garen lurralde-aniztasuna eta konplexutasun soziala aitortzea, tokian tokiko bizikidetza eraikitzeko ekimenak bultzatuz. Ildo horretan, Nafarroan, gaur egun, sektore negazionistak garrantzi handia du oraindik ere, eta eliz eremuko ekarpenek hausnarketarako esparru berriak eraikitzen laguntzen digute.

  4. Gizarte gisa antolatzearen eta jasaten ditugun zapalkuntza- eta indarkeria-modu ugarien aurka borrokatzearen garrantzia, egungo testuinguru honetan, gainera, krisi ugari baitaude (osasuna, lana, ekonomia, klima, energia, etab.). Horretarako, garrantzitsua da subjektu eta eragile sozialen aniztasuna aitortzea, beren nortasunetik agenda emantzipatzaileak antola baititzakete gure gorputzak eta lurraldeak bortxatzen dituen egungo eredu kapitalista, kolonial eta heteropatriarkala eraldatzeko.

Amaitzeko, esan behar da solasaldien zikloa iazko urriaren 17an aurkeztu genuen asmo handiagoko prozesu baten zati dela: "Bizikidetza eraikitzeko konpromiso soziala". Prozesu horrek martxan jarraitzen du oraindik, eta apirilean eta maiatzaren lehen hamabostaldian bultzada berri bat emango diogu prozesu horri, eta ekarpenak hainbat formatutan jasotzen jarraituko dugu. Era berean, Foro Sozialaren web orrian solasaldi ziklo honetan jasotako ekarpen eta hausnarketa nagusien sistematizazioa ere jarriko dugu zuen eskura.