2020/10/17

Bizikidetza eraikitzeko konpromiso soziala aurkeztu du gaur Foro Sozial Iraunkorrak

Foro Sozial Iraunkorrak ekitaldia antolatuko du gaur, Aiete Jauregian, Gandhi aretoan, bertan bizikidetza demokratikoa eraikitzeko “Konpromiso soziala” aurkezteko.
Eneko Goiaren ordez, Juan Ramon Vilesek aurkeztu du ekitaldia, Donostiako Udalaren izenean. Ostean, Agus Hernan eta Nekane Altzelai Foro Sozialaren bozeramaileek akordioaren beraren proiekzioaz eta bizikidetzarako balioaz hitz egin dute. Ondoren, Aitzpea Leizaolak eta Mikel Casadok “Konpromiso Soziala” bera aurkeztu dute eta, bukatzeko, Eneko Callek prozesu parte-hartzailearen nondik norakoak aurkeztu ditu.

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentziaren 9. urteurrena
Hizlariak: Nekane Altzelai eta Agus Hernan

Esparru hau, toki hau, ez da bat gehiago herri honen oraintsuko historian, giza eskubideen urraketek eragindako sufrimenduaren amaierarako urratsei dagokienez. Itxaropen handiko lekua izan zen bake-elkarrizketetan eta Aieteko 2011ko Nazioarteko Konferentziako Adierazpenean, tartean ziren eragile guztiei konpromisoak eskatzen zizkien ibilbide-orri batekin. Horrek ETAren indarkeriaren behin betiko amaiera ekarriko zuen, bai eta, ondorioz, oraindik urrun zegoen bizikidetza bat arintzea eta horretara hurbiltzea ere.

Duela 4 urte, leku honetan bertan bildu ginen, Konferentzia horren 5. urteurrena zela eta. Gure lehen agerpen publikoa zen, gure aurkezpena gizartean. Lehen lerroan, EAJren, EHBilduren eta Elkarrekin Podemos-en ordezkari nagusiak eta sindikatu guztiak.

Aretoan 75 pertsona, erakundeetako ordezkariak eta norbanakoak, zero minututik aurrera indarkeria-zikloaren ondorioak konpontzeko lan egingo zuen Foro Sozial Iraunkor bat beharrezkoa zela uste zutenak.

Orduan, 2017ko apirilean arrakastaz amaituko zen armagabetze zibilean aurrera egiteko asmoz egindakoari buruzko txosten bat aurkeztu ondoren, gure hitzaldia amaitzeko, dei irmoa egin genien alderdi politikoei "egunsentira arte hitz egiteko, beharrezkoa bada". Egun horretan bertan, Brian Currinek aurretik zegoen hauteskunderik gabeko aldia aprobetxatzera animatu zintuen, animatu gintuen, Eusko Legebiltzarrean XI. legegintzaldia hasi baino egun bat lehenago.

Eta, aitortu behar dugu, aprobetxatu jakin izan dugula…

ETAren armagabetze zibila gertatu da, osoa eta egiaztatua, eta erakunde hori desegin da, nazioarteko komunitateak egiaztatua. Ordura arte imajinaezinak ziren adostasun instituzional, politiko, sindikal eta sozialak eraiki dira; lehenik eta behin, indarkeria-mota guztien biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubideari buruz; bigarrenik, espetxe-salbuespeneko fasea gainditzeko eta presoei politika normalizatua aplikatzeko premiari buruz. Eta, azkenik, gizarteak, oro har, bizikidetza eraikitzeko urrats erabakigarriak eman ditu.

Hala ere, ezin gara erlaxatu. Oraindik ezin ditugu ziurtzat jo ez errepikatzeko bermeak. Hiru urte ditugu aurretik, hauteskunderik gabe, eta erabakitasunez egin behar dugu aurrera hiru korapiloak ebazterakoan:

Lehenengoa, biktimen auzia. Garrantzitsua da biktima mota desberdinen artean dagoen diskriminazioa behin betiko gainditzea. Helburu horrekin, dauden mekanismoetan eta zehaztu beharreko beste batzuetan sakondu behar dugu, diskriminazio horiek gaindituko dituzten mekanismoak bermatzeko eta guztientzat egia, justizia eta erreparazioa bermatzeko.

Bigarrena, presoen auzia. Gai honek ez ditu inoiz izan gaur egun dituen adostasunak. Baldintza guztiak beteta daude behar diren urratsak emateko. Konponbide integral batetik urrun gauden arren, norabide onean urratsak ematen ari dira. Baina oraindik badira iraganeko inertzia batzuk, eta horietatik denak askatu behar dira.

Hirugarrena, memoria kritiko inklusiboa. Argi dago alderdi honek duela zailtasun gehien, besteak beste, alderdien arteko kontakizunaren batailak baldintzatuta dagoelako.

Gure ustez, gai honek bi alderdi hartzen ditu barne: aldeko eztabaida legitimoa, kontakizunaren borroka eta eztabaida sozialaren alderdia.

Euskal gizartea politikarien aurretik doa gai honetan. Esperientzia ugari daude dagoeneko, ibilbide desberdinak dituzten pertsonen arteko topaketak.

Hala ere, ezer ez dago irabazita. Hiru korapilo horiek askatzen ez ditugun bitartean, arazoak ekaitzaren erdian jarraituko du. Korapiloak ondo askatu behar ditugu, min eta frustrazio gehiago ez sortzeko.

Eta alde horretatik, tentsio batzuek ez dute batere laguntzen. Kezkatuta gaude gai honen inguruko eztabaida politikoaren tonuarekin. Batez ere Madrilen, baina baita hemen ere. Alderdi politikoek erantzukizun handia dute hitza desarmatzeko.

Gaur aurkeztuko dizuegun "bizikidetza demokratikoarekiko konpromiso sozialaren" helburu nagusia, hain zuzen ere, ez errepikatzeko bermeak ezartzea da, eta, horretarako, bi dira erronkak:

  • Pertsona guztien eskubide zibil, politiko eta sozial guztiak errespetatzen dituen kultura demokratiko osoa.
  • Belaunaldi berriei elkarrizketaren eta indarkeriarik ezaren kultura transmititzea, gatazkak konpontzeko tresna bakarra baita XXI. Mendean.

Aiete 2011 ekimenak, nolabait, bakearen eta bizikidetzaren aldeko konpromisoaren oinarriak ekarri zituen, pertsonen arteko harreman gisa ulertuta lurralde-eremuan eta eremu politikoan, oinarrizko eskubideekiko errespetu zorrotzean oinarrituta, hau da, pertsonen duintasunarekiko errespetuan oinarrituta, eta elkarrizketa gatazkak tratatzeko modu gisa erabilita, sufrimendu posiblea saihesteko helburuarekin. Kontua ez da elkar maitatzea, elkar errespetatzea baizik.

Gaur, 9 urte geroago, bizikidetza demokratikoaren aldeko konpromisoaren ideiari heldu nahi diogu berriro, kontua ez baita adostuta egoteagatik betebehar bat dena adostea, giza eskubideak, baizik eta eskubide horiek errespetatzea eta betetzea serioski hartzea, horiek aintzat ez hartzeak sufrimendua eragiten baitu modu batera edo bestera. Konpromiso hori, lehenik eta behin, estatu demokratikoan datza, eta, bigarrenik, gizartean.

9 urte hauetan, gizarteak, Aietetik hasi eta gaur egunera arte, Kanbotik igarota, ez ohiko bake-prozesu bat eraiki du, eta, hasiera batean alde bakarreko logika izan bazuen ere, gaur egun prozesu aldeaniztuna da, eta eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozial asko ari dira bere ekarpena egiten.

Eta harrotasunez esan dezakegu gizarte zibila eragile erabakigarria izan dela, izan garela, aurrerapen horietan. Sarriegi gripatzen zen motor bateko olioa izan da.

Gaur, jarraian aurkeztuko dizuegun helmen-proposamenarekin, gure konpromisoa berrituko dugu. Eskerrik asko.

Bizikidetza eraikitzeko konpromiso soziala – Ekimenaren aurkezpena
Hizlariak: Aitzpea Leizaola eta Mikel Casado

Gizarte ororen legedietan modu zabalean onartu eta legitimatzeko moduko lehentasunezko zerbait badago, hori da giza eskubideen, eskubide zibilen eta sozialen urraketak eragindako sufrimendua ekiditearen aldeko akordioa.

Hori horrela izanik, bizikidetzak beharko luke izan gizarte ororentzat lehentasun politikoa. Hau da, pertsona guztien eskubide guztiak errespetatzea, eta desadostasuna gainditzeko elkarrizketa baliatzea.

Foro Sozial Iraunkorrak ideia hori jorratu nahi du. Horretarako, "Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala" prozesua jarriko dugu abian, gaur jendaurrean aurkezten duguna. Lantzeke dauden erronkei buruz hausnartu nahi dugu, askatu beharreko korapiloei buruz. Eta hori egin nahi dugu ortzimugak zabalduz, modu parte hartzailean eta irekian, gure gizartea osatzen duten sektore guztien sentipenak eta pertzepzioak jasoz.
2016. urtean Foro Sozial Iraunkorra izena eman genion gizarte zibileko erakunde anitzen sarea hemen bertan aurkeztu genuenetik egin dugun lanaren ondorioa argia izan da: gizarte zibilak sufrimenduaren amaieran eta, beraz, bizikidetzaren eraikuntzan ekarpena egin dezake (eta egin behar du), indarkerien zikloaren ondorioak erabat konpontzea erraztuz eta ez errepikatzeko bermeen oinarri sendoak ezarriz.

Azken 9 urte hauetan urrats garrantzitsuak eman dira. Nekanek eta Agusek dagoeneko zehaztu dituzte horiek zein izan diren eta aktore guztiek hala aitortu dituzte. Horregatik uste dugu iritsi dela garaia, behingoz, euskal gizartea osatzen dugun pertsona guztiok dagozkigun eskubideen jabe garela bermatzeko: eskubide zibil, politiko eta sozialak.

Horregatik, partaidetzazko eztabaida prozesua aktibatzea erabaki dugu, anbizio handiko hausnarketa bat egiteko bizikidetza demokratikotzat ulertzen dugunaren inguruan, horren eraikuntza posible izan dadin askatu beharreko korapiloen inguruan eta pertsona guztiei eskubide guztiak aitortzea oztopatzen duten elementuen inguruan. Eztabaida horretan, parte hartu nahi duen pertsona orok bere iritzia eta ikuspegia adierazi ahal izango du, Foro Sozial Iraunkorrak aktibatuko dituen mekanismo desberdinak baliatuz. Horien berri hurrengo hitzartzean emango dugu.

Azken finean, prozesu horren bidez, gure asmoa da bizikidetzaren eraikuntzak planteatzen duen konplexutasuna ikusarazi eta esplizitatzea, baita honen inguruan egon daitezkeen ikuspuntu desberdinak ere (uneetan bateraezinak diruditenak), gure gizarteko sektore zabalak gogoeta horretan parte hartzera gonbidatzeko, beren ekarpena egin dezaten.

Hori guztia, adostasunen garaia iritsi dela uste dugulako. Iraganari eta etorkizunari buruz adosteko unea. Adostu, behetik gora, konprimiso sozial bat zeinak bermatuko dituen oinarri batzuk etorkizunean gure herriaren inguruan dauden ikuspegi desberdinak bakean eta demokratikoki elkarrekin bizi ahal izan daitezen. Hortik dator ekimenari eman diogun izena.

Gaur aurkezten dizuegun dokumentua iazko irailean hasitako barne prozesu baten emaitza da. Foro Sozial Iraunkorra osatzen dugun eragile guztiok parte hartu dugun hausnarketa baten ondorio da. Topaketa oso aberasgarriak izan genituen Altsasun, Agurainen eta baita online ere, konfinamendu aldian. Lan horren fruitua izan zen maiatzean lehenengoz aurkeztu genuen dokumentua, gogoeta horietan dagoeneko sakontzen zuena. Prozesu horretan, gure arau nagusia erabakietan adostasuna bilatzea izan da. Adostasuna, lortzen horren zaila den hori, batzuetan benetan existitzen ez dela ematen duena. Horixe da, hain zuzen ere, Foro Sozialaren balioetako bat: desberdintasunaren gainetik, izendatzaile komuna bilatzea beti.

Aipatutako dokumentu horretan zehaztu genituen gure ustetan zein ziren bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso sozialak gutxienez jaso beharko lituzkeen oinarrizko edukiak, eztabaidarako abiapuntu gisa. Nagusienak honako hauek dira:

  • Egungo eta etorkizuneko bizikidetza erakunde demokratikoen eta gizartea osatzen dugun pertsona guztien erantzukizuna da
  • Kontuan izan behar da euskal jendartea ezberdintasun ardatz anitzek zeharkatzen dutela (generoa, klasea, jatorria, arrazalizazioa, adina, sexualitatea, egoera ekonomikoa, hezkuntza...), baina, aldi berean, esperientzia handia duela parte hartzeko moduei eta elkartasun sareei dagokienez, eta hori aitortu eta aprobetxatu egin behar da
  • Ezinbestekoa da biktima guztien mina aitortzea eta behin betiko konponbidea ematea motibazio politikoko delituengatik preso dauden edo ihes egin duten pertsonen egoerari, bai eta horiek berrintegratzeari ere
  • Iraganaren inguruko hainbat ikuspegi eta kontakizun daude, eta denak entzun eta errespetatu behar dira
  • Ezinbestekoa da giza eskubide guztiak eta eskubide zibilak eta politikoak errespetatuko dituen marko soziala izatea.

Eztabaida prozesu honen bidez, azken batean, bermeak ezarri nahi ditugu, bizi izan duguna bezalako ezer etorkizunean berriro errepika ez dadin. Konpromiso sozial bat gure egitea nahi dugu, bermatzeko ondorengo belaunaldiek beren ezberdintasunak modu baketsuan eta demokratikoan bakarrik ebatzi ahal izango dituztela. Funtsean, gizarte berri bat eraikitzera eramango gaituen konpromisoa nork bere gain hartzea nahi dugu, giza eskubideen defentsa oinarri eztabaidaezin izanik.

Prozesuaren xehetasunak
Hizlaria: Eneko Calle

Gaur egun zalantzazko testuinguru bat ari gara zeharkatzen. COVID-19aren pandemiak krisi sozial ezberdinak areagotu ditu (sanitarioak, zaintza lanei lotutakoak, ekonomikoak, baloreenak). Kolaborazioa, elkarrekiko laguntza, elkartasuna edo lankidetza bezalako baloreak krisi egoera batean daude, indibidualismoaren eta egozentrismoaren alde egiten duten baloreekin alderatuta. Gainera, ziurgabetasunari diogun beldurra baliatuz, balore horiek sustatzen dituzten mezu eta praktika atzerakoi, patriarkal, klasista eta kolonialekin.

Gaur eguneko testuinguruak gehiengo sozialaren agendak hankaz gora jarri ditu, eta baita, herritarren lehentasun politiko, sozial eta ekonomikoak aldatu ere. Gaur, estatu eta instituzioei zuzendutako eskakizun berriak agertzen dira pertsonen oinarrizko eskubideak bermatzeko, eta sare komunitarioak indartzeko beharra dago bizitza erdigunean jarriko duten sistemak eraikitzeko.

Biolentzia anitzak konpontzeko bizi izan dugun prozesua, jendartearen parte-hartzeak ezaugarritu du. Prozesu horrek, singularra izan den arren, gatazka armatuen konponbideetarako dauden nazioarteko arauak jarraitu ditu. Eskema tradizionaletan oinarrituz gauzatu da, horiek dituzten ondorio guztiekin, ondo egindako gauzekin eta baita, akatsekin ere.

Orain arte egindako lanagatik zoriondu ahal gara eta era berean, gaur Aieten ez dauden pertsonak gogora ekarri, hainbat urteetan biolentziei eta horien ondorioei amaiera jartzeko beraien bizitza eskaintzeagatik. Bestalde, iraganeko logikak eraldatzeko beharra sumatzen dugu, alegia, pertsona askorengan sufrimenduak eragiten jarraitzen dituzten gertaera eta momentu asko errepikatzen ari dira eta iraganeko irudietara bueltatzen gaituzten dinamika horiek aldatzea ezinbestekoa da.

Elkarrizketa tresna baliagarria dela egiaztatu dugu pertsona oro dagokion eskubideen jabe dela ziurtatzeko beharrezko korapiloak askatzeko. Biolentzia, mina, duintasuna, errespetua eta berdintasuna bezalako kontzeptuen inguruan gogoetak sustatzeak, jendarte hobeago bat eraikitzen lagun gaitzake. Bizikidetza demokratiko eta baketsu batean oinarritutako etorkizun bat eraiki nahi badugu, iragana aitortzea beharrezkoa da, hala nola, jasandako sufrimendua. Baina ez da nahikoa.

Kontziente gara, testuinguru honetan, gai hau ez dagoela jendartearen lehentasunen artean gaur egun. Baina, aldi berean, ziur gaude bizi dugun momentu kritiko honetan beharrezkoa dela giza eskubideak bermatuko dituen demokrazia sendo baten alde lan egitea eta hori ezinezkoa izango dela memoria, enpatia eta konpromiso barik. Nahiz eta testuinguruak ez lagundu, duela bederatzi urte baino gehiago gara, eta duela lau urte baino askoz indartsuagoak ere bai.

Zentzu horretan, Foro Sozial Iraunkorretik bizikidetza modu integral batean ulertu behar dela uste dugu. Biolentziak sortutako ondorio guztien konponbideetan aurrera egiteak, gaur egun pairatzen ari garen beste sufrimendu askorekin harremana dauka, alegia, desberdintasunak, menpekotasunak eta beste biolentzia anitz. Memoria eta ortzimuga, iragana eta etorkizuna korapilatu egiten dira jendarte erresiliente eta kohesionatu bat lortzeko, gatazkak ukatu beharrean horiei aurre egingo diena, demokrazia eta bake kultura batean oinarriturik.

Horretarako, jendartea aktibatzeko dugun nahia berresten dugu, eta prozesu bat abiatuko dugula aditzera ematen dugu, balorean jarriko dituena kohesio soziala dimentsio ezberdinetatik helburu duten subjektu anitzak eta hauen agendak. Zentzu horretan, hurrengo hilabeteetan lan ildo ezberdinak artikulatuko ditugu, eztabaida, gogoeta eta entzutea erraztuko duten espazioak sortuz eta eragile sozial ezberdinei beraien ikuspuntu eta esperientzietatik konpromiso sozialari ekarpenak egiteko aukera eskainiz. Horietako lan ildo batzuk hurrengoak izango dira:

  • Bizikidetza demokratikoa ulertzeko moduei buruzko eztabaida irekiak, orain arte harremanetan egon ezin izan garen gizarte sektoreen ekarpenak eta ikuspegiak jasotzeko.
  • Euskal gizarte zibileko elkarte, fundazio eta erakundeekin bilera publikoak, Foro Sozial Iraunkorraren lana aurkezteko, ekarpenak jasotzeko eta, hala badagokio, elkarrekin jorratzeko ekimenak adosteko.
  • Erreferentzia diren pertsona ospetsuen ekarpenak jasotzea, maila publikoan zein pribatuan, etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko beharrezko urratsei buruz.
  • Postontzi publiko bat abian jartzea, edonork bere ikuspegia, proposamenak eta etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko prozesuari buruzko kritikak partekatzeko.
  • Euskal gizarteko pertsona publiko ospetsuen iritziak jasotzea, bizikidetza eraikitzeko dauden erronkei buruz zer ikuspuntu duten ezagutzeko.
  • Eztabaida, ideiak partekatzea eta egindako lana ikusaraztea helburu duten konferentzia publikoak antolatzea.

Prozesu hau dinamikoa, parte-hartzailea eta eraginkorra izatea nahi dugu. Ebaluatua eta moldatua izan dadila prozesuan aurrera egiten dugun bitartean. Eta zentzu horretan, aurrerapenen aurkezpen bat egiteko konpromisoa hartzen dugu 2021eko maiatzaren 16an, Bizikidetza Baketsuaren Nazioarteko Egunean.

Hurrengo hilabeteetan gure helburua gehitzea izango da, gaur Mikelek eta Aitzpeak aurkeztu dizkizueten proposamenak eta printzipioak elikatzea. Uste osoa dugu historia ez errepikatzeko eta erronka berriei aurre egiteko atera ditzakegun irakaspenak, denboran mantenduko diren espazio eta egitura egonkorrak sortzeko dugun gaitasunen araberakoak izango direla. Hau da, gaur hasten dugun prozesua ez dugu soilik ulertzen pertsonek edota eragileek konpromiso sozialari egiten dizkioten ekarpenen gehiketa baten modura, baizik eta eraikuntza kolektibo bat bezala, konpromiso hori etorkizunean mantenduko duten dinamika berrien sorkuntza oinarri duena.

Bakea edo “bakeak” egitea arte bat da. Prozesu osoan zehar erakutsi dugun moduan, jendarteak motore izaten jarraitu behar du, irudimena eta sormena praktikan jarriz orainaldia baino hobeagoa izango den etorkizun bat eraikitzeko. Duela bederatzi urte deialdi bat luzatu genien alderdi politikoei beraien artean hitz egiten hasi zitezen; gaur, deialdi hori jendarteari helarazten diogu eta gure burua eskaintzen dugu prozesu horren erraztaile izateko.