Foro Sozialaren erakundeek agerraldia egin dute “Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko Konpromiso Soziala” eztabaida-prozesuaren balorazioa egiteko.
LEHEN ZATIA (ENEKO CALLE)
Gaur, hemen, parte-hartze prozesu honen lehen itzulketa bat egiteko konpromisoa bete dugu, bihar bakean bizitzeko nazioarteko eguna dela eta.
Anbizio handiko prozesu horrek eztabaidarako hiru oinarri zituen:
-Pertsona guztien eskubide zibil, politiko eta sozial guztiak errespetatuko dituen kultura demokratikoa lortzea.
-Belaunaldi berriei elkarrizketaren eta indarkeriarik ezaren kultura transmititzea, gatazkak konpontzeko tresna bakarra izan dadin XXI. mendean.
-Bizikidetza demokratikoari buruz hausnartzea, bizikidetza hori modu integralean ulertuta, gizarteko hainbat sektorek lortu nahi duten helburuarekin.
Horretarako, prozesuak gizarte zibila aktibatzeko mekanismoak proposatu behar zituen, dinamika parte-hartzaileak sortuz, "Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala" elikatzeko. Eta, horretarako, Foro Sozialak honako ekimen hauek jarri ditu abian sei hilabete hauetan:
1. Foro Sozial Iraunkorra osatzen duten erakundeekiko bilera-sorta.
2. Foro Sozial Iraunkorra osatzen ez duten erakunde eta eragile sozialekin elkartzea. Erakunde batzuek idatziz bidali dituzte beren gogoetak eta ekarpenak; beste batzuek eztabaida eta hausnarketa kolektiborako espazioak antolatu dituzte, modu pribatuan edo publikoan; eta batzuek bizikidetza demokratikoari buruzko solasaldi edo elkarrizketa publikoetan parte hartu dute.
3. Foro Sozialaren webgunean postontzi ireki bat sortu dugu, edozein herritarrek bere ekarpena egin dezan, dokumentua aberasteko aldi berean.
4. Euskal gizarteko hainbat pertsona erreferenteren ekarpenak idaztea bultzatu dugu. Lau komunikazio-talde nagusien konpromisoari esker (Gara, Berria, Noticias Taldea eta Vocento Taldea), ekarpen horietako batzuk komunikabideetako artikulu formatuan argitaratu dira, eta gainerakoak Foroaren webgunean daude eskuragarri.
5. Eta lau solasaldiko ziklo bat antolatu dugu martxoan zehar: "Bizikidetza Lantzen. Tejiendo compromiso", bizikidetza demokratikoari buruzko elkarrizketarako eta hausnarketarako guneak, gizarte zibileko hainbat sektoreren (kazetaritza, eliza, kultura eta gizarte arlokoak) eztabaidak eta proposamenak txertatuz. Guztira, 12 hizlarik hartu dute parte.
Prozesua nahi baino motelagoa izan da. Ulertzen dugu; izan ere, gaur egun krisi-testuinguru batean bizi gara, eta gizarte-eragile gehienen lehentasunak gehiago dira gizarte-, ekonomia- edo osasun-arlokoak.
Baina, hala ere, uste dugu duela sei hilabete geure buruari proposatu genizkion helburuak lortu direla. Hortaz, zenbait ondorio eta ziurtasun atera ditzakegu bultzatu ditugun ekimenen bidez jaso ditugun ekarpen eta gogoetetatik abiatuta.
Ondoren, Aitzpea Leizaolak eta Mikel Casadok itzulketa bat egingo dizuete.
BIGARREN ZATIA (MIKEL CASADO ETA AITZPEA LEIZAOLA)
Joan den urriaren 17an hasi genuen Aieteko Jauregian "Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala" lantzeko asmo handiko prozesua.
Gaur, hemen, parte-hartze prozesu honen lehen itzulketa egiteko konpromisoa betetzen ari gara, bihar Bakearen aldeko Bizikidetzaren Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz.
Jakin badakigu bizikidetzaren eraikuntza, eta are gehiago bizikidetza demokratikoarena, amaierarik gabeko prozesua dela. Printzipio saihestezinak diren arren, gizarteko sektore desberdinetatik elikatu behar da etengabe, eta esperientziak baldintzatuta dago, baina baita iradokita ere, gizakiok elkarrekin bizi garen testuinguru politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalek ere. Ideia hori izan daiteke lehen 6 hilabete hauetan atera dugun ondorio nagusietako bat.
Baina, gainera, prozesu hasiberri honetan identifikatu ditugun gai batzuk ere aipatu nahiko genituzke, batez ere, batzen gaituztenak, horiek balioan jarriz guztiok partekatzen dugun azken helburu horretan aurrera egiten lagun diezaguten: bakean bizi den gizarte batean bizitzeko irrika.
1. OINARRIAK. Giza Eskubide guztiak errespetatuko dituen etorkizunaren aldeko apustu irmoa, indarkeria aparte utzita, gatazkak konpontzeko metodo gisa, salbuespenik gabe (fisikoa, ahozkoa eta psikologikoa), giza duintasuna babesteko helburuarekin.
2. KONPLEXUTASUNA. Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko prozesua zaila da. Guztion onerako, elkarrizketarako, ahaleginerako, pazientziarako, belaunaldien arteko konpromisorako, politika publiko jasangarrietarako, kultura-aniztasunaren aitorpenerako eta elikatzen duen eta denboran jasangarri egingo duen gizarte aktibo baterako borondatea behar da. Era berean, sortzaile eta berritzaile izan behar dugu, eztabaida-esparru eta -ikuspegi berriak sortzeko, eta, horretarako, adostasunak sortzen dituzten kontzeptu berriak erabili behar ditugu, aukera berrietarantz aurrera egin ahal izateko.
3. ANIZTASUNA. Gizarte-kohesioa indartzera bideratutako dinamikak eta proposamenak biltzen dituzten edo bizikidetza sendotzea helburu duten subjektuen eta agenden aniztasuna egiaztatzen dugu. Aniztasun hori aitortzea eta balioestea demokraziaren sintoma positiboa da.
4. PARTE-HARTZEA. Kontzientzia sozial eta sinesmen politiko handia dago bizitzako alternatiba berriak sortzen saiatzen diren ekimen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak bultzatu, eraiki eta horietan parte hartzeko. Gizarte zibila aldaketa sozial askoren protagonista izan da, besteak beste, justizia sozialaren, feminismoaren, aniztasun sexualaren, integrazio kulturalaren, ekologismoaren eta indarkeriarik ezaren defentsaren ikuspegitik.
5. ELKARRIZKETA. Elkarrizketa zintzorako irekitasuna dago, konfiantzatik denok eroso sentituko garen espazioak sortuz, entzuten ari garena epaitu gabe entzunez, benetako elkarrizketa baterako ezinbestekoa baita aurreiritziak gainditzea. Baina, elkarrizketarako borondatea badago ere, ezin dugu ahaztu gaur egun pertsona guztiek ezin dutela libreki hitz egin herri honetan gertatutakoaz.
6. KOEXISTENTZIA. Oro har, gurea bezalako askotariko gizarte batean sentsibilitate askotatik irakurritako kontakizun desberdinak egongo direla adostu da. Praktikan, horrek esan nahi du gertatu dena modu desberdinetan kontatu ahal izatea, baina oinarrizko printzipio batzuekin ados egonda, hala nola indarkeria mota guztiak arbuiatzea edo Giza Eskubideen defentsa.
7. ALDAKETARAKO PRESTASUNA. Sei hilabete hauetan identifikatu dugu aldaketarako prestasuna dagoela, gure izaera aldatzeko eta indarkerien ziklo luzearen ezaugarri izan diren logikak eta diskurtsoak gainditzeko elkarrizketaren bidez eraldatzen uzteko joera.
Azken batean, badakigu indarkeriarik ez egotea ez dela bake justu eta iraunkorra lortzeko bermea. Foro Sozial Iraunkorrak lanean jarraitzen du presoen, iheslarien eta deportatuen egoera modu integralean konpontzeko; biktima guztien aitorpena eta erreparazioa lortzeko, oraindik dauden diskriminazioak gaindituz; eta memoria kritiko inklusiboa eraikitzeko. Baina, era berean, uste dugu bizikidetza demokratikoa eraikitzeak guztioi eragiten digula, eta hori aldeaniztasun (instituzionala, soziala, ekonomikoa) eta elkartasun dosi handien mende dagoela. Konbentzitzearen eta ulertzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, irabazi beharrean, eta horregatik gaude konbentzituak izateko prest. Horixe da, hain zuzen ere, elkarrizketa.
Alde horretatik, bakeak eta bizikidetza demokratikoak atzera bueltarik ez izatea lortuko dugu, erantzukizun indibidual eta kolektibotik, aliantzak sortuz eta askotariko agenda eta subjektuak bateratuz, mikro-akordio aldeaniztun espazioak sendotuz. Horretarako, konpromiso horrekiko atxikimendu soziala bultzatzeko prozesuak bideratzen jarraitu behar dugu, Eneko Callek jarraian azalduko duen bezala.
Baina, lehenago, gogoratu nahi genuen urrian beteko direla 10 urte Aieteko Nazioarteko Konferentzia egin zenetik. 2011tik, gizarteko hainbat sektorek bakea eraikitzeko prozesua sendotzeko lan egin dugu. Pertsona askok eskaini zuten denbora, ahalegina, irudimena eta sormena, gaur egun duela 10 urte baino askoz hobeto egon gaitezen. Pertsona horietako bat Mixel Berhokoirigoin izan zen, Bakearen aldeko benetako artisaua. Horregatik, Foro Sozial Iraunkorrak omenaldi txiki hau eskaini nahi dizu. Eskerrik asko.
HIRUGARREN ZATIA (ENEKO CALLE)
Eskerrik asko Mikel eta Aitzpea. Baita Mixeli ere eskerrak.
Pozik gaude sei hilabeteko lehen fase honekin. Aberatsa eta bizia izan da. Prozesua oso ondo hartu da. Ekarpenak pluralak eta askotarikoak dira.
Hala ere, otsailean prentsaurrekoan esan genuen bezala, prozesua bizitzen ari garen egoerara egokitzen jarraitu behar dugu.
Gaur goizean, Foro Sozialak areto honetan bertan egindako bileran, beharrezkoa ikusi dugu prozesu horri jarraipena ematea. Helburua da aberasten jarraitzea ekarpen gehiagorekin, eta bizikidetza demokratikoa eraikitzeko hausnarketak eta ekarpenak partekatzeko konpromisoa hartu duten gizarte-eragileen aniztasuna parte hartzen laguntzea.
Ildo horretan, Foro Sozial Iraunkorrak honako hau proposatzen du:
Ekarpenak jasotzeko epea uztailaren 15era arte luzatzea.
Ordura arte, espazio publiko eta pribatuak antolatzen jarraituko dugu, hausnarketak biltzen eta konpromiso sozialaren prozesua elikatzen jarraitzeko.
Irailetik aurrera, kontraste-erronda bat hasiko dugu urriaren amaieran aurkeztuko dugun oinarrien azken dokumentuaren inguruan.
Mahatma Gandhi bakezaleak zioen bezala, "gure saria ahaleginean dago, eta ez emaitzan. Erabateko ahalegina garaipen osoa da". Ziur gaude ahaleginak merezi duela, gizarte hobea eraikitzeko haziak landatuta daudela eta laster ikusiko ditugula fruituak loratzen.
Eskerrik asko!