2023/01/10

Biktimei, presoei eta memoriari buruzko akordioak hauteskunde lehiatik kanpo uzteko eskatu die alderdiei Foro Sozialak

Urte hasiera honetan, bete-betean sartu gara hauteskunde-ziklo berri eta luze batean baina Brian Currin abokatu hegoafrikarrak esaten duenez, «hauteskunde garaiak ez dira onak bakearen alde lan egiteko».

Urte hasiera honetan, bete-betean sartu gara hauteskunde-ziklo berri eta luze batean. Lehen etapa maiatzaren 28an izango da, udal eta foru hauteskundeekin eta Nafarroako autonomikoekin, eta 2024ko udan amaituko da, Europako eta Eusko Legebiltzarreko hauteskundeekin.

Une honetan, Brian Currin abokatu hegoafrikarrak Aieteko Nazioarteko Konferentziaren bosgarren urteurrenean, Foro Sozial Iraunkorra gizartean aurkeztu zen egunean, esandako hitzak gogoratu nahi ditugu.

Orduan hauxe esan zuen bere hitzaldian: «Zuen herrialdetik harritzen nauen gauza bat da beti hauteskundeak daudela, eta esperientziak dioena da, hemen eta beste leku batzuetan, hauteskunde garaiak ez direla onak bakearen alde lan egiteko. Hauteskunderik gabeko garai bat hasten da orain. Aprobetxa ezazue».

Bake prozesuetan izandako esperientzian oinarritutako Currinen gogoeta hura oso presente egon da Foro Sozial Iraunkorrean sortu zenetik. Horrela, hauteskunderik gabeko aldiak oso ondo aprobetxatu dugu, bai Nafarroako Foru Komunitatean bai Euskal Autonomia Erkidegoan, indarkeria-zikloaren ondorioen konponbiderako urrats sendoak emateko.

Hain zuzen ere, 2016ko urriaren 22an, gure aurkezpenean, alderdi politikoei dei egin genien, Aiete bezalako leku sinbolikoan eta ordezkari politiko gorenen aurrean, «erantzukizun politikoarekin jokatzera eta puntu komunak bilatzera, banaketa eragiten duten esparruetan zentratu beharrean», eta, horretarako, «elkarrizketa» zela bidea.

Eta deialdi hura solemnitate osoarekin egin genuen, izan ere, gogoan izan dezagun, garai guztiz frustragarri batetik ateratzen ari ginen, 2012-2016 etapatik, non mesfidantzek eta «blokeo anizkoitzek» geldiarazten zuten edozein aurrera urrats.

Gaur egun egoera guztiz desberdina da. 2013ko martxoko lehen Foro Sozialean aurkeztutako hamabi gomendioei dagokienez, gehienak bete egin dira edo oso aurreratuta daude.

Bide horretan, adostasunak lortu dira hiru arlo nagusietan: biktima guztiek egia, justizia eta erraparaziorako duten eskubidea eta sufritzen duten tratamendu asimetrikoa gainditzea, presoei espetxe-politika arrunta aplikatzea oraindik ere gai erabakigarrietan aplikatzen zaien salbuespena gaindituz, eta memoria kritiko inklusiboa eraikitzea, kontakizunaren batallak bahituta zeukan esparrutik askatuz.

Oinarrizko kanpalekura iritsi gara bakea eraikitzeko eta indarkeria-zikloaren ondorioak konpontzeko prozesuan hasi berri dugun fase berriari aurre egiteko.

Halere, polarizazio handiko garaiak bizi ditugu eztabaida politikoan eta, esan bezala, hauteskundeak ez dira une egokia kontu horietarako.

Gatazkaren konponbideari dagokionez, Madrilen, polarizazioa eragile politikoek, mediatikoek, judizialek eta ETAren biktimen elkarteren batek osatutako lobbya sustatzen ari da. Eragile horiek oso boteretsuak dira, beren kontra-agenda propioa dute eta oraindik konpondu gabe dauden gaietan urratsak oztopatzea dute helburu. Batzuetan, lobby horri entzuten diogunean, badirudi ez direla hamaika urte igaro eta ETAk existitzen jarraitzen duela.

Aurreko astean Euskal Autonomia Erkidegoan egiaztatu genuen adostasunak ahulak direla eta hari finez josita daudela, eta prozesuak sortzen dituen ertz berriak etengabe landu behar direla.

Adostasun politiko eta instituzionalak, baita sindikala ere, eta gizarte zibilaren parte hartzea, bere adierazpen desberdin eta askotarikoetan, izan dira eta izango dira euste-horma nagusia lobby horren aurrean. Lobby honek, garaile eta garaituen kontakizun bakar batetik, orain arte aurreratutako guztia desegin nahi du.

Askotan esan dugu, halaber, kontakizunaren batallak sortzen duen haserreak gogaitu egiten duela gizartea. Eta jakin badakigu hauteskunde-testuinguruak ez duela laguntzen oinarrizko kanpamentu hori sendotzeko baldintzak sortzen eta urratsak egiten jarraitzen.

Hala ere, erabateko konfiantza dugu gizartearen heldutasunean, zeinak, joan den larunbatean frogatu zuenez, bakearen, bizikidetza demokratikoaren eta biktima guztiak errespetatzearen aldeko apustu garbia egiten baitu.

Ziur gaude 2016az geroztik Nafarroako eta Gasteizko Parlamentuetan, udaletan eta Batzar Nagusietan lortutako mikroakordioek maiatzaren 29tik aurrera (edo 2024ko irailean, ziklo osoaren bukaeran) bizikidetza demokratikoa eraikitzen jarraitzeko metaketa nahikoa ematen dutela.

Trantsizioan dagoen gizarte bat gara, eta badakigu ez garela ados jarriko gertatutakoaren zergatian, baina gai izan behar dugu etorkizun partekatu bat adosteko eta, gertatutakotik ikasita, bizikidetza demokratikoaren oinarriak finkatzeko, elkarrizketa izanik existitzen diren desberdintasun guztiei aurre egiteko tresna bakarra.

Gaur, deialdi irmo bat egin nahi diegu Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Komunitateko alderdi politiko guztiei, erantzukizunez, orain arte erdietsitako adostasun horiek hauteskunde lehiatik kanpo uzteko. Eta gai horiei buruzko eztabaida legitimoa oinarri eraikitzaile eta inklusiboen gainean egitea, gizarteak eskatzen dituen urratsak egiten jarraitu ahal izateko.