2021/02/04

Behatokiak egiaztatu du motibazio politikoko presoek aurrerapauso garrantzitsuak eman dituztela eragindako kaltea aitortzeko, erantzukizun zibila onartzeko eta biktimekiko enpatia adierazteko

Gaur Agus Hernanek, Teresa Todak eta Aitzol Aslak Behatokiaren zenbaki berria aurkeztu dute Bilboko Abokatutzaren Elkargoan.

BEKATOKIA 2. ZENBAKIA PDF

Teresa Todaren hitzartzea

Duela sei hilabete aurkeztu genuen Foro Sozialaren Behatokiaren lehenengo alea, motibazio politikoko euskal presoen egoerari buruzko datuak eta hausnarketak plazaratuz. Gaur aurkezten dugun 2. seihilabetekarikoak jasotzen duen datuekin alderatzen badugu, agerian geratzen da espetxe politikan gauza batzuk mugitzen ari direla; ez nahiko genukeen abiadura eta norabidean, baina Pedro Sanchezen Gobernua pausuak ematen ari dela ukaezina da, nahiz eta Foro Sozialak 2018an gai honetarako planteatutako “Premiazko Agenda”ren puntu asko oraindik erantzun gabe izan.

Orduan eta gaur aurkezten ditugun datuak alderatuko ditut: Joan den ekainean, EPPKko 232 preso zeuden, 31 emakumezkoak, 201 gizon. 198 Estatu espainolean; 4 besterik ez Euskal Herrian, 34 Frantzian. 154 lehenengo graduan zeuden, haietako 39 100.2 artikulu pean. Bigarren graduan, 37. Eta hirugarrenean, 4.

Gaur, 218 preso daude; 31 emakumezkoak, 187 gizonezkoak. 165 Estatu espainolean, 25 EHn; 28 Estatu Frantsesean. 78 presoek lehenengo graduan jarraitzen dute, haietako 34 100.2 artikuluarekin. 100 daude bigarren graduan, haietako 3 100.2ekin. Eta 11 hirugarren graduan, haietako 5 espetxealdi arinduan.

Badago, beraz, mugimendua. Baina esan beharra dago lekualdaketak bai, gauzatzen ari direla, senideen zama arintzen, baina EAE eta Nafarrorako espetxeetarako hurbilketa gutxi dagoela oraindik, eta berriro azpimarratu nahi dugu bertako espetxeak direla bergizarteratzeko bideak egiteko egokienak.

Sei hilabete hauetan zehar arazo berri batzuk azaldu direlako Behatokiak 3 monografikoak plazaratu ditu: udako datuak, Cordoba eta isolamenduan egon direnen egoerari buruzkoa eta Zueran agertu diren grado progresiorako arazoei buruzkoa. Haietan nabarmen geratzen da preso hauei espetxe legedi arrunta modu normalizatu batean ez zaiela oraindik aplikatzen.

Salbuespen egoerak mantentzen dira, estamentu batzuetan -Audientzian, espetxeko Junta batzuetan, lobbiak...- dituzten inertzia eta jarrerengatik.

Datu haiekin batera, azpimarratzeko berri bat dakar Behatokiak: EPPKko presoen gehiengo osoak egindako kaltea onartzen duten idatzi pertsonalak egin dituela. Puntu hau Agus Hernanek azalduko du.

Bestalde, gure orriotan aurkituko dituzue graduen progresioari buruzko azterketa sakona, José Luis Matin Pallin magistratu emeritoaren gogoeta, baita lehenengo gradua oso ondo azaltzen duen azterlan bat, Rosario Bautista Andaluziako APDHko abokatuak egindakoa.

Horri buruz Aitzol Aslak hitz egingo dizue orain. Eskerrik asko zuen arretagatik.

Aitzol Aslaren hitzartzea

Teresak Behatokiaren zenbaki honetako datuak aurkeztu ditu. Azken hilabeteetan azkartu den errealitate aldakor bat baieztatzen dute datu hauek. Baina orain zenbaki horien atzean begiratuko dugu eta Kordobako eta Zuerako kartzelei buruzko monografikoetan aipatu genituen errealitateak aztertuko ditugu.

Hala nola, espetxe-lege arruntak ahalbidetzen duen gradu bilakaeraren geldialdia, baimenak modu sistematikoan ukatzea eta 100.2 artikulua iraunkorki aplikatzea, espetxe-sailkapen “berria” ezarriz eta preso askoren bigarren gradura igarotzea atzeratuz... Ahaztu gabe espetxe-araudiak hirugarren gradura igarotzeko aurreikusten dituen baldintzak eskatzen ari direla bigarren gradura igarotzeko.

Behatokiaren zenbaki honetan aztertzen den gradu-bilakaerari dagokionez, esan behar da hain beharrezko diren banakako tratamendu-programek paper erabakigarria dutela edo izan beharko luketela. Hala ere, espetxe askotan ez dago programarik edo ez dira egokiak. 2018ko uztailean, EPPKren ordezkariek Alboloteko kartzelan Foro Sozialari jakinarazi zioten preso askok urtebete baino gehiago daramatela errekurtsoak jartzen, gradu-progresioa onartzen ez zaielako. Helegite horiek ebazten direnean, batez ere zentzu negatiboan egiten da, iraganeko garaietan erabiltzen ziren argudioekin, gainditzeko zailak diren oztopoak sortuz.

Bestalde, baldintza erregimentalak malgutzen dituen 100.2 artikulua lehen graduko presoei aplikatzeari dagokionez, esan behar da lehen graduan mantentzen duela presoa, horrek suposatzen dituen ondorio guztiekin. Bai Martin Pallin magistratuak bai Rosario Bautista abokatuak 100.2 artikulua aztertzen dute Behatokiaren zenbaki honetan.

Biek azpimarratzen dute 100.2 artikulua “probaldia” dela, Martin Pallinek dioen bezala, eta iraupen zehatzik ez badu ere, zaintza-epaileak “arrazoizko denbora” baten buruan ebaluatu behar du. Beti aldi baterako aplikatu behar da, Espetxeetako Erregelamenduan jasotzen diren eta apartekoak ez diren espetxe-sailkapenetako bat (bigarren eta hirugarren gradua) ezartzea baita egokiena.

Hala ere, 100.2 artikulua lehen graduko presoei aplikatzea inoiz ez da hainbeste orokortu, ez eta presoen profil jakin bati aplikatzea ere. 2019ko otsailean lehen aldiz aplikatu zenetik, 18 hilabetez baino gehiagoz iraunkor bihurtu da 60 preso baino gehiagorentzat, beste salbuespen bat finkatuz presoen tratamenduan.

Rosario Bautistak lehen graduari buruz egin duen azterketa luzeak oso sakon aztertzen ditu gogortasun handiko erregimen honen alderdi guztiak. Oraindik 78 pertsona daude erregimen horretan, nahiz eta guztiek adierazi duten espetxe-araudiak zehaztutako bidea egiteko konpromisoa.

Azpimarratu behar da, komunikabideetan edo eztabaidetan sarritan agertzen denaren aurrean, lehen mailatik bigarrenera aurrera egiteko ez dela baldintza sine qua non bat eragindako kaltea onartzea. Baldintza hori hirugarren gradura aurrera egiteko eta espetxe-onura batzuk lortzeko eskatzen da, araudiaren arabera.

Beraz, beharrezkoa da araudi arruntaren eta gradu-sailkapenaren aplikazioa normalizatzea, eta tratamendu-programa egokiak izatea, bermeekin, sortzen diren oztopo horien konponbidea bideratzeko.

Agus Hernanen hitzartzea

Aitzolek eta Teresak aurkeztutako datuek errealitate bikoitza erakusten dute:

Norabide onean aurrera-urratsak ematen ari dira, familiakoen eta hurbilekoen artean itxaropena sortuz.

Euskal Herrira hurbiltzearen eta graduen bilakaeraren arloan egiten ari diren aldaketan kudeaketa ausartago bat falta da, espetxe-salbuespenaren fasea amaitutzat emateko.

Hala ere, Behatokiaren zenbaki honetan nabarmendu beharreko datuak presoen idatziei eta erantzukizun zibilaren ordainketari buruzkoak dira.

Lehenik eta behin, Behatokiak egiaztatu ahal izan duenez, gaur egun Espainiako estatuko kartzeletan dauden eta EPPK osatzen duten 190 presoen gehien-gehienek, zein gradutan dauden alde batera utzita, beren idatzi propioak egin dituzte, norberaren bizi-ibilbidetik eta bizipen pertsonaletik abiatuta. Idatzi horietan, egindako kaltea espresuki aitortzen dute, biktimen mina onartzen dute eta/edo biktimen sufrimenduarekiko enpatia erakusten dute.

Era berean, bide baketsu eta demokratikoekin duten konpromisoa adierazten dute, etorkizuneko bide politiko bakar gisa, eta espetxe-ibilbidea egiteko borondatea erakusten dute.

Gogoan izan behar dugu, espetxe-araudiaren arabera, lehen gradutik bigarrenera aurrera egiteko ez dela sine qua non baldintza bat egindako kaltea onartzea. Aldiz, hirugarren gradura aurrera egiteko eta zenbait espetxe-onura lortzeko beharrezkoa da egindako kaltea onartzea.

Hori dela eta, Foro Sozial Iraunkorraren iritziz, ETAko militante izateagatik edo ETAren jarduerarekin zerikusia duten arrazoiengatik kondenatu zituzten pertsonek idatzi horiek egitea ekarpen garrantzitsua da bizikidetza demokratikorako.

Bada bigarren datu garrantzitsu bat: Pertsona horietako batzuk, azkenean, kartzelan ordaindutako lanpostuetan lanean hasi dira eta erantzukizun zibila ordaintzen ari dira, eta beste batzuk, insolbenteak diren heinean, hori egiteko prest agertu dira, modu sinbolikoan bada ere.

Gogoeta hauek euskal gizartea bizikidetza demokratikorako oinarriak finkatzeko urrats sendoak ematen ari den testuinguru batean egiten dira. Eta horretarako ezinbesteko baldintza da presoen auzia behin betiko eta era integralean konpontzea.

Garrantzi handiko urratsa da, euskal eta nafar gizarteak eta erakundeek nahiz Espainiako Estatuak horrela ulertu eta baloratu beharko luketena.