2019/08/22

Behartutako desagertzeen kasuak aitortzeko eta argitzeko proposamenak aurkeztu ditu Foro Sozialak

Gaur, abuztuaren 30a Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna da, eta Foro Sozial Iraunkorrak data hau baliatu nahi izan du euskal gatazka delakoan oraindik argitu gabe dauden kasuen gainean arreta jartzeko eta hauei buruzko proposamen eraikitzaileak egiteko.

Nekane Altzelai

2011. urtetik, abuztuaren 30a Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna da, Nazio Batuen Erakundeak sustatua.

Behartutako desagertzea gizarte baten baitan beldurra barreiatzeko estrategia bat da. Praktika honek sorrarazten duen segurtasun falta sentsazioak ez du soilik eragina desagerrarazitako pertsonaren gertuko senitarteko eta lagunengan, baizik eta komunitate osoarengan, gizartearengan, bere osotasunean.

Euskal gatazka delakoan ere horrela izan da, tamalez. Hemen, eragile desberdinek indarkeria erabili dute eta eragindako min anitzen kopurua oso zabala izan da.

Hauek horrela, gaur egun, gutxienez 7 lagunek desagertuta jarraitzen dute. Anexoan daude beraien izen-abizenak.

2018ko martxoaren 17an Donostiako Miramar Jauregian aurkeztu genuen argitu gabeko kasuei buruzko dokumentuan aipatzen genuen 482 kasuk zirautela oraindik “argitu gabe”. Horien artean gaurko prentsaurrekoan aipatzen ari garen behartutako desagertuak daude.

Pasa den ikasturte politikoaren hasieran finkatutako erronka nagusia bakearen eta giza eskubideen kulturaren gainean eraikitako elkarbizitza demokratikorako behin betiko oinarriak jartzea izan zen. Eta hastera doan ikasturte honi begira, are eta indar gehiagorekin sakontzen jarraituko dugu helburu honetan.

Giza eskubideen urraketak pairatu dituzten biktimen eskubideen alde Foro Sozial Iraunkorraren lana gidatzen duten premisak bi dira:

  1. Biktima guztiek Egia, Justizia eta Erreparaziorako duten eskubidea

  2. “Urraketa berdinari, aitortza berdina” printzipioa.

Behartutako desagertzeen kasuetan, aipatutako lehen premisak – Egia jakiteko eskubidea - erabateko garrantzia hartzen du.

Oraindik pertsona hauek non dauden eta zergatik desagertu ziren ez jakiteak eragiten duen mina oso handia da eta hori gainditzea oso zaila da. Horrela adierazi digute, behin baino gehiagoetan, indarkeria mota desberdinengatik desagerrazitako pertsonen senideek. Beraien esanetan, Egia ezagutzeko eskubidea oinarrizkoa da; abiapuntua; eskatzen duten Justizia; funtsean behar dutena.

Biktima hauei eta bere senideei dagozkien Egia ematea ezinbestekoa da. Eta hau euskal jendarte zabalaren ardura da, gizarte zibilarena, erakundeena eta alderdi politikoena.

2018ko abenduan, Gasteizen, bosgarren Foro Sozialaren ondorioen aurkezpenenean genion bezala: “Egia ezagutzeak, egia osoa eta egia guztiak, libre egingo gaitu jendarte gisa”.

Hauek horrela, Foro Sozial Iraunkorraren iritziz, euskal gatazka delakoaren testuinguruan behartuta desarrarazi diren, eta orain arte dokumentatuak dauden, zazpi pertsonak non dauden jakiteko beharrezko diren tresnak eta mekanismoak martxan jarri behar dira.

Kasu “dokumentatuak” diogu, beste kasu batzuk oraindik behar bezala dokumentatu gabe daudelako, eta zenbait eragile horretan lanean daudenez, agian kasu gehiago izan daitezke.

Era berean, pertsona horiei zer gertatu zitzaien eta desagerpena zer indarkeria motak eragin zuen jakitea eta hauei buruzko aitortza publikoa egitea beharrezkoa da.

Jarraian, zentzu honetan ekarpen baliagarria egin duten tresnak eta mekanismoak zenbatuko ditugu:

  • Alde batetik, Foro Sozial Iraunkorraren izenean, zazpi kasu hauek argitze aldera sortu diren ekimenak txalotu nahi ditugu, irakaskuntza arlotik, hemeroteka lanen bidez eta ebidentziak ikertuz eman diren pausuak egia ezagutzeko lagungarriak baitira. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritzaren aldetik, EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrarekin elkarlanean, egin diren ikerketei buruz ari gara. Baira Euskal Memoria Fundazioaren lana ere.

  • Era berean, desagertutako pertsonen familiakoen abokatuek egindako lana aipatu behar da, baita sortu diren herri ekimenak ere, erakutsi duten irmotasun eta konstantziari esker kasu hauek ez ahaztea eta ikertzen jarraitzea lortu baitute.

  • Eta nola ez, kasu hauek ez badira ahaztu familiarrek erakutsitako kemenagatik izan dela nabarmendu nahi dugu.

Foro Sozial Iraunkorraren aldetik uste dugu aipatutako ekimen hauek guztiak indartu behar direla eta aitortza eman behar zaiela. Eta etorkizunari begira, ekimen hauek mantentzeko ahal diren bitarteko guztiak jarri behar dira, behartutako desagerpen guztiak behin betiko argitu arte.
 

Proposamenak (Tasio Agirrezabalaga)

Aipatutako helburuen norabidean lan egiteko orduan, etorkizunari begira Foro Sozial Iraunkorretik jorratuko diren hiru proposamen aurreratuko dizkizuegu:

  1. Gaurko eguna, abuztuaren 30a, Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna, ofizialki ospatzen hastea proposatzen dugu. Nazioarteko egunen inguruan egin daitekeen lanak euskal gatazka delakoaren konponbideari buruzko zenbait gai jorratzeko eta jendartea sentsibilizatzeko aukera eman dezake. Era berean, komunikabideek ere aukera izango dute jendarteari adierazteko oraindik argitu gabeko kasuak daudela. Pasa den ekainaren 20an, Eusko Legebiltzarrean aho batez onartu zen torturaren egunari buruzko ekimenaren adibidea jarraituz, behartutako desagertzeen nazioarteko eguna ofizialki ospatzen hasteko konpromisoa har dezatela proposatzen diegu erakunde desberdinetako ordezkari politikoei.

  2. Behartutako desagertzeen biktimak zehazki aitortzea, era integral batean. Hau da, denak batera hartzea, giza eskubideen urraketa oso larriak baitira.

  3. Etorkizuneko Egiaren Batzordea osatzeko adostasunak eraikitzen hastea, gure herriko erakundeen babesa izango duena. Batzorde honek aitortza eta erreparazioa ahalbidetu behar ditu zailtasun bereziak dituzten kasuetan: preskripzioa, informazio falta, ikertzeko bitarteko eza, eta abar. Hortaz gain, Batzorde honek behartutako desagertzeak argitzeko informazio garrantzitsua jasotzeko bermeak eman behar ditu. Proposamen hau 2018ko urrian ospatu zen V. Foro Sozialaren ondorioetan jasota dago.


 


 

ANEXO I

Euskal gatazka delakoaren testuinguruan behartuta desarrarazi diren eta orain arte dokumentatuak dauden kasuak:

  1. Irunen bizi ziren A Coruñako hiru gazteenak: José Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan Garcíea Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga, Biarritz eta Donibane Lohitzune artean desagertu zirenak 1973an.

  2. Eduardo Moreno Bergaretxerenak (Pertur), 1976ko uztailaren 23an Behobian desagertua.

  3. Tomás Hernandezenak, 1979ko maiatzaren 15ean Hendaian desagertua.

  4. José Miguel Etxeberria Álvarezenak (Naparra), 1980ko ekainaren 11n desagertua.

  5. Jean Louis Larrerenak, 1983ko abuztuaren 7an desagertua Léonen (Landak).