2021/06/22

Beharrezkoa da 13/13 auzian inplikatutako alde guztiek akordioa bilatzeko lan egitea epaiketa hasi baino lehen

Gaur goizean, Agus Hernan, Foro Sozial Iraunkorraren izenean, eta Teresa Toda, Motibazio politikoko delituengatik presoei aplikatutako politikaren Behatokia-ren izenean, 13/13 sumarioan akusatuen ordezkaritza batekin bildu dira Bilbon. Akusatuen aldetik, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain eta Arantza Zulueta egon dira bileran. Aurkeztutako informazio zabala aztertu ondoren, Teresa Todak ondoko adierazpenak egin ditu prentsaren aurrean, bilera egin den tokian, Bilboko STEILASen egoitzan.

Teresa Todaren adierazpenak komunikabideen aurrean

Lehenik eta behin, duela 10 urte irekitako prozesu judiziala dela nabarmendu nahi dugu. Hain zuzen ere, Aieteko Nazioarteko Konferentzia egin zen urte berean. Hamar urte hauetan zehar, akusatuek eta haien familiek iraunkorki bizi behar izan dute egoera larri horretan.

Epaiketa honen oinarri diren akusazioek eta zigor eskaeren tamainak historian atzera egitera eraman gaituzte. Epaiketa hauek gaindituta egon beharko lukete, baina, zoritxarrez, gaurkotasunekoak izaten jarraitzen dute.

Foro Sozial Iraunkorretik gure kezka adierazi nahi dugu epaiketa hau egiteak eragin negatiboa izango lukeelako bizikidetza demokratikoa eraikitzeko prozesuan, oraindik oso hauskorra baita.

Epaiketa horren instrukzioa zalantzan dago, hainbat akusatuk torturak salatu zituztelako eta IVACek egindako Eusko Jaurlaritzaren Txostenean aitortuta daudelako. Hortaz gain, CNIren legez kanpoko komunikazioen interbentzioak daude, abokatuen lana kriminalizatu da, eta abar. Hori guztia presoei aplikatutako salbuespeneko espetxe politika baten testuinguruan.

Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko prozesuan aurrera egiteko, konpondu gabe dauden hiru arazoei irtenbidea emateko garaia da: 1) egia, justizia eta erreparazioa biktima guztientzat, bereizkeriarik gabe; 2) presoen, iheslarien eta deportatuen auzia konpontzea; eta 3) memoria kritiko inklusiboa, etorkizunari begira egongo dena baina gertatutakoa ahaztu gabe.

Euskal gizarteak ezin du jasan horrelako epaiketa berri bat, neurriz kanpoko zigorrak eskatzen dituena eta Euskal Herrian bizi den itxaropen testuingurutik kanpo dagoena. Eta, hain zuzen ere, presoen auzia konpontzeko urrats erabakigarriak ematen ari diren une berean ematen dena.

Beharrezkoa da auzi honetan inplikatutako alde guztien artean lan egitea akordioa bilatzeko, eskuzabaltasunetik, epaiketa hasi baino lehen. Akordio erabakigarrien garaiak dira, eta epaiketa hau ezin da testuinguru horretatik kanpo utzi.

Alde horretatik, gaur goizean egiaztatu dugu 8 akusatuek akordio hau bilatzeko borondatea dutela. Espero dugu akusazioek bide beretik jotzea.

Ziur gaude euskal gizarteak, haren erakundeek, alderdi politikoek eta sindikatuek, arrazoizko irtenbide gisa, aldez aurreko akordio baten alde egingo luketela.