2020/01/24

BATZAR OROKORRA: “Gizarte bezala dugun erronka nagusia bizikidetza demokratikoa eraikitzea da”

Gaur goizean Agurainen (Araba) Foro Sozial Iraunkorraren Batzar Nagusia ospatu dugu. Bertan, datozen hilabete eta urteetarako Foro Sozialaren dinamiken bizkarrezur gisa bizikidetza demokratikoaren eraikuntza kokatu dugu.

Foro Sozial Iraunkorrak, Euskadiko eta Nafarroako gizarte zibileko 17 erakundek1 eta 58 norbanakok osatzen duten espazio dinamizatzaileak, 2016an sortu zenetik, helburu izan du gatazkaren ondorioen konponbidea erraztea. Horretarako, errealitatearen analisia egin du hainbat kontakturen eta hitzaldiren bidez; nazioarteko zein tokiko esperientziak aztertu ditu; aldeen artean egon daitezkeen adostasunak eta desadostasunak identifikatzen saiatu da; irtenbide posibleak proposatu ditu ikuspegi inklusibo batetik, errail zentral gisa, alderdi guztiak inplikatuko eta konprometituko lituzkeena ("triangulazioa" deitu izan den logikari jarraituz); eta adostasun horiek gauzatu ahal izateko errazte lanak egin ditu.

Gaurko batzarrean orain arte burututako lana aztertu dugu eta ondorioa argia izan da: gizarte zibilak ekarpena egin diezaioke (eta egin behar dio) indarkeria ziklo baten ondorioak konponbidean jartzea helburu duen bake prozesu bati. Gainera, gizarte zibilaren inplikazio hori da gizarteak, oro har, prozesua bere sentitzeko bermerik onena, eta etorkizunari begira horrelakorik berriro ez gertatzeko bermerik onena.

Orain, armagabetze zibilaren eta ETAren desegitearen ondoren, giza eskubideen urraketa larri guztiak eskubide berdintasunean aitortuak izan daitezen emandako aurrerapausoen ondoren, eta espetxe-salbuespenaren amaierarantz gertatutako aurrerapen apurren ondoren, euskal gizartea bere osotasunean konprometitzen duen erronka da bizikidetza demokratikoa eraikitzea da.

Gaur egun sortuta daude horretarako baldintza objektiboak. Aurrera egiteko, hiru dira pendiente ditugun erronkak:

  • Orotariko indarkeriak jasandako biktima guztiak beren eskubideen jabe direla ziurtatzea: egia jakiteko eskubidea, aitortza ofiziala jasotzekoa, justiziararakoa eta erreparaziorakoa, gaur egungo diskriminazioa behingoz gaindituz.

  • Preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko konponbidea ematea.

  • Memoria inklusibo baterantz aurrera egiteko beharrezkoak diren oinarrizko adostasunak sortzea, bizi izan duguna ahaztu gabe giza eskubideen eta bakearen kultura oinarri izango dituen etorkizun berri bat eraikitzeko aukera emango diguna, eta "kontakizunaren bataila" deritzona gainditzeko baldintzak sortuko dituena.

Horregatik, gure buruari honako erronka jarri diogu: orain dela 3 urte Foro Sozial Iraunkorra osatu genuen 17 eragile sozialek hartutako konpromisoaren dimentsioa zabaltzen jarraitzea. Bizikidetza demokratikoa eraikitzea euskal jendartearen helburu nagusi bilakatu dadin nahi dugu, bere osotasunean: bere herritarrena, bere erakundeena eta bere gizarte-eragileena.

1ELA, LAB, CCOO, Steilas, ESK, Ahotsak, Bake Bidea, Baketik, Gernika Batzordea, Sare, Etxerat, Paz con Dignidad, Bilgune Feminista, Herri Eliza, Antxeta Irratia, Hitz&Hitz eta Egiari Zor.