2020/12/18

“Bateragune” kasuaren inguruan Auzitegi Gorenak hartu duen erabakia bizikidetza demokratikoaren eraikuntzaren aurkako eraso zuzena da

Azken egunotan Foro Sozial Iraunkorra osatzen duten eragile gehienen iritzia jaso ondoren, irakurketa hau argitaratzeko unea iritsi dela uste dugu:

  1. “Bateragune” kasuari buruz Auzitegi Gorenak hartu duen erabakia, pixkanaka-pixkanaka eta zailtasun askorekin, bizikidetza demokratikoa eraikitzeko ematen ari garen urrats erabakigarrien aurkako eraso zuzena da. Ez da kasualitate bat izan, hain zuzen ere, oraindik egiteke dauden hiru korapiloak (biktimak, presoak eta oroimen inklusiboa) konponbidean jartzeko urrats sendoak ematen ari diren unean.
  2. Epaiketa errepikatzea remake bat bezalakoa izango da; kasu honetan, zuri-beltzean, gaindituta dauden garaietakoa. Baina, kasu honetan, errealitateak fikzioa gainditu du.
  3. Euskal gizartea nazkatuta dago gehiegi errepikatzen diren erabaki horiekin. Gizarteak behin eta berriz errepikatu du ez dela tentsio eta sufrimendu gehiago gehitzeko unea, baizik eta, hain zuzen ere, gaur egun oraindik ere irauten duten sufrimenduak konpontzeko unea.
  4. Orain arte aurreratutakoa desegin nahi duen lobby bat dago honen atzean. Joan den irailaren 20an ohar batean adierazi genuen moduan, lobby bat eratu da, interes desberdinak dituzten eragile politikoak, elkarteak, talde mediatikoak, ETAren biktimen sektore antolatuak eta fiskaltzaren eta epailetzaren sektoreak biltzen dituela. Tamalez, gaur esan behar dugu gure azterketa zuzena zela. Hain zuzen, lobby horrek pisu handia du Auzitegi Gorenean, eta bizikidetza demokratikoaren aurkako bere agenda ezartzen saiatzen ari da.
  5. Auzitegi Gorenaren erabaki honek eragin duen erantzunak lortu duen adostasun instituzional, politiko, instituzional eta sozial zabala txalotzen dugu.

Adostasun zabal horren emaitza dira bihar, larunbatean, eguerdian, Euskal Herriko herri askotan “Demokrazia” lelopean egingo diren kontzentrazioak.

Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaritza bat Bilbon egingo den kontzentrazioan egongo da.