2022/07/08

Baldintzak eraikita daude, eta gehiengoak finkatuak, espetxe-politika normalizatzeko pendiente dauden erronkei aurre egiteko

Nekane Altzelaik, Nazario de Oleaga abokatuak eta Agus Hernanek espetxe politikaren egoeraren inguruan gaur Bilbon prentsaurrekoa eman dute.

Nekane Altzelairen (euskara) eta Nazario Oleagaren (gaztelaniaz) hitzartzeak

Gaurko prentsaurrekoan, azken bi urteetan espetxe politikan izandako aurrerapenen balantzea egingo dugu.

2020ko ekainean, konfinamenduaren ondoren, hasi ziren urrats erabakigarriak egiten hiru esparruetan: hurbilketak, graduen bilakaerak eta isolamenduaren amaiera.

Aurrerapen horiek testuinguruan kokatzeko, atzera egin behar dugu 2018ko martxora arte, aurkeztu genituenean IV. Foro Sozialaren ondorioak Donostiako Aquariumean. Ondoren, esparru instituzionalean, politikoan, sindikalean eta baita EPPKrekin berarekin ere akordio zabalak eraikitzeko lanari ekin genion. Hala, 2018ko maiatzaren 15ean, ETA desegin ondoren, «konponbiderako premiazko agenda» definitu zen, eta haren bost puntuak gauzatzen joan dira ordutik.

Pedro Sánchezek Espainiako telebista publikoan egindako elkarrizketan, 2018ko ekainaren 18an, lan horren emaitzaren dimentsioa ikusi zen, nahiz eta, ondoren, hauteskundeen errepikapenak eta pandemiak moteldu egin zuten agenda horren gauzatzea.

Ordutik, asko aurreratu da, baina oraindik lana dago egiteko.

Lau arlotan egin da aurrera nabarmen:

  • Lehena, urruntze-politika. Gaur egun, 102 preso daude Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako kartzeletan, eta 65 preso periferikoetan.

  • Bigarrena, graduak aplikatzeko politika. Gaur egun, 22 preso hirugarren graduan daude, eta gainerakoak bigarren graduan.

  • Hirugarrena, espetxe-politika humanizatu egin da, zenbait esparrutan, hala nola isolamenduaren amaieran eta gaixotasun larriak dituzten presoen tratamenduan.

  • Eta laugarrena, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea espetxeen arloko eskumenak.

Halere, aurreratu ez den gai bat dago konponbiderako agenda horretan: Europako beste estatu batzuetan bete diren zigorren metaketa.

Bestalde, gainditutako bi gaik eragin nabarmena izan dute presoen auziaren bilakaeran:

  • Presoen harrerak: eragile askok zuhurtziaz egindako lanari eta EPPK-aren beraren erabakiari esker, gai honen konponbidea bideratuta dago.

  • «Kontakizunaren bataila»: Madrilgo sektore mediatiko eta politiko batek eta biktima-elkarteren batek aldaketak geldiarazten saiatzen jarraitzen duten arren, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan «kontakizunaren batailak» ez du jada ezer baldintzatzen.

Hala ere, Foro Sozialak sustatutako “Behatokiak” mahai gainean jarri duen moduan, Audientzia Nazionaleko sektore batzuetan pisu handia duten lobbyek zailtasun berriak sortu dituzte, duela bi urte ez zeudenak.

Ildo horretan aipatu behar dira, batez ere, Auzitegi Nazionalak motibazio politikoko delituengatik kondenatutako presoak birgizarteratzeko ibilbideei eta, bereziki, bigarren graduko baimenei eta hirugarren gradurako bilakaerari jartzen dizkien oztopoak.

Espetxe politika normalizatu batean gai hauek guztiek bere bidea jarraitzen dute; preso hauentzat, ordea, benetako oztopo-lasterketa bihurtu dira.

 

Agus Hernan-en hitzartzea (euskaraz eta gaztelaniaz)

Nekanek eta Nazariok balantze gazi-gozo bat aurkeztu dute. Batetik, azpimarratu behar dugu 30 urtez espetxe politikan nagusi izan diren alderdi ankerrenak gainditu direla: urrunketa, sakabanaketa, isolamendua eta zigor osoa lehen graduan bete beharra. Bestetik, oraindik indarrean jarraitzen dute salbuespenezko politika horren alderdi batzuek, duela 11 urte amaitu zen terrorismo baten aurkako borrokaren testuinguruan ezarri zirenak.

Gaur egun, premiaz konpondu beharreko hiru gai daude, eta horietan guztietan aurrera egiten jarraitu behar dugu:

Lehenik eta behin, Auzitegi Nazionaleko zenbait epaileren jarrera oztopatzailea. Izan ere, gero eta nabarmenagoa da bi modelo desberdin daudela espetxe-politika ulertzeko orduan: alde batetik, Auzitegi Nazionaleko epaileen ikuspegi zigortzailea dago, eta, bestetik, birgizarteratze-politiken aldeko apustua dago, Eusko Jaurlaritzak bultzatua eta Eusko Legebiltzarraren % 91k babestua.

Bigarrena, 7/2014 Legea. Beharrezkoa da Europar Batasuneko beste estatu batzuetan betetako zigorren metaketari dagokionez aplikatu beharreko irizpidea Europako araudiak eta ebazpenek arlo horretan ezarritakoa izatea. Eztabaidan leku bat egitea lortu duen gaia da. Eta, orain, konponbidean jarri behar da.

Hirugarrenik, oraindik pendiente dauden hurbilketak. Alde horretatik asko aurreratu den arren, uste dugu gaur egun ez dagoela arrazoirik salbuespenezko politikaren ondorio hori behin betiko ez gainditzeko, arrazoizko epe batean, eta inguruko kartzeletan preso dauden 65 pertsonak euskal kartzeletara eramateko. Aktore guztiek onartzen dute, era pribatuan, hurbilketen erritmoak handiagoa eta konstanteagoa izan beharko lukeela.

Zentzu komuna aplikatu behar da. Eta, gainera, bizikidetza demokratikorako ekarpena izango litzateke.

Praktikan, horrek aukera eman beharko luke oraindik indarrean dauden salbuespenezko politikaren ondorio batzuekin amaitzeko: preso gaixoak eta 70 urtetik gorako pertsonak espetxean mantentzea, komunikazioen jazarpen sistematikoa eta korreoaren, deien eta bisiten murrizketak.

Bukatzeko, gaur egungo testuinguruan, beharrezkoa iruditzen zaigu akordioetan aurrera egitea bi eztabaidatan:

Lehenengoa 7/2003 Legea da. Lege horren arabera, 40 urteko kondenak bete behar dira erredentziorik gabe, segurtasun-aldiak ezartze dira, eta epaile naturalak desagertu egiten dira Auzitegi Nazionalean Espetxeak Zaintzeko Epaitegi Zentralaren alde. Gai hori konplexua izan arren, akordioen bidez bidea ireki behar da.

Euskal Autonomia Erkidegoan kondena betetzen duten motibazio politikoko delituengatik presoak birgizarteratzeko ibilbideak definitzea. Eusko Jaurlaritzak “2022-2025 Estrategia” dokumenturako ekarpenak jasotzeko epea ireki du. Euskal Herriko eta nazioarteko eragile asko ari dira eztabaidan parte hartzen.

Inplikatutako aktoreek borondate politikoa dutela egiaztatu dugu. Garaia da Justizia errestauratiboan ezarri beharreko politikaren oinarriak eta edukiak adosteko, nahi duten presoek bide hori egin dezaten.

Egoera honetara iritsi izana lan diskretu baten emaitza da; eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozial askoren artean adostasunak lortzearen ondorioa.

Prozesu horrek izan dituen zailtasunen eta krisien lekuko gara, baina, zorionez, eragile guztiek zailtasunak gainditzeko borondatea izan dute, eta bidea egiten jarraitu da.

Aurrean ditugun erronka hauei guztiei aurre egiteko, gaur egun, Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuetan baldintzak eta gehiengoak finkatuak daude, eta, are gehiago, Diputatuen Kongresuan ere gehiengo horiek oso aurreratuak daude.

Urratsez urrats, presoen auziaren konponbiderako markoa definitzen ari da.

Zerumugan laino ilun batzuk agertu dira, egindako aurrerapenak arriskuan jar ditzaketenak. Beraz, eman beharreko pausoak are premiazkoagoak dira, atzera egiteko oso zaila izango den egoera bat finkatu behar baita.

Foro Sozial Iraunkorrak, espazio diskretu eta publikoetan, ekarpenak egiten jarraituko du, presoen auziari behin betiko konponbidea emateko, hiru premisatan oinarrituta: adostasunak, biktimekiko errespetua eta espetxe-politika arrunta aplikatzea; eta helburu batekin: bizikidetza demokratikoari ekarpena egitea.