Agus Hernanek eta Nekane Altzelaik prentsaurrekoa eman dute gaur Donostian
Ekainaren 26a "Torturaren Biktimei babesa emateko Nazioarteko Eguna" da, Nazio Batuen ekimenez. Aurtengo zitak garrantzi berezia du. Izan ere, 2019ko ekainaren 20an, Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen Elkarrekin-Podemosen legez besteko proposamena, eta egun hori ospatzeko ekimenarekin bat egiteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. Legebiltzarrak agindutakoa bere egin zuen orduan Gobernuak. Aldi berean, hainbat gertakari gertatu dira, eta horiek paradigma-aldaketa eragin dute azken urteotan biktimen tipologia horri dagokionez eraiki diren adostasunak finkatzeari dagokionez.
Aipatutako LBP bozkatzeko egunean, EAEn ordezkaritza duten sindikatu guztien ordezkariak, Estatuko biktimen elkarteetako ordezkariak, torturaren biktimak eta ETA erakundearen biktimak Eusko Legebiltzarrera joan ziren, lortutako adostasuna txalotzera eta beren eskaerak zein ziren azaltzera.
Foro Sozial Iraunkorrak, une hartan, ekimen hura txalotu zuen, eta aho batez onartu izana urrats garrantzitsutzat jo genuen, etorkizunean torturaren biktimak merezi duten bezala aitortuak izan daitezen.
Gogora dezagun biktimen eskubideen defentsan, Foro Sozial Iraunkorraren lana gidatzen duen premisa argia dela: biktima guztiek, torturaren biktimek barne, egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea dute; eta giza eskubideen urraketa berberek aitorpen maila bera behar dute izan, eskubide urraketa horiek eragin dituen agente biolentoa edozein dela ere.
Azpimarratu behar da Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuak Eusko Jaurlaritzaren enkarguz egindako EAEko torturari buruzko txostenak sinesgarritasun sendoa edo oso sendoa eman ziela Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta Ertzaintzak 1960 eta 2014 bitartean egindako gutxienez 4113 tortura-kasuri. Azterketa Istanbulgo Protokoloa aplikatzean oinarritu zen (ausaz aukeratutako 202 kasutan).
Kasu horien guztien artean, 651 (guztizkoaren % 15.8) 581 emakumeri dagozkie.
Gainera, txosten horretan bertan aipatzen da zifra horiek errealitatearen azpitik zeudela. Adibidez, Nafarroako Foru Komunitateko kasuak ez daude bertan jasota. Kriminologiaren Euskal Institutuak, Nafarroako Gobernuaren eskariz egindako lehen txostenak 169 kasu zenbatu ditu (1960tik 1978ra bitarteko kasuak).
Argazki horrek "noizbehinka baino sarriagotan” errepikatu den errealitate baten berri ematen badigu ere, zoritxarrez, gaur egun ofizialki onartutako tortura kasuak 103 baino ez dira oraindik: gutxi batzuk epai judizialengatik, eta beste batzuk Eusko Jaurlaritzaren 107/2012 Dekretuagatik.
Horixe da biktimen kolektibo zabal horrek gaur egun jasaten duen diskriminazioaren adierazle argia.
Pasa den 2020. urtean, ulergarria denez, zaila izan zen egun hori ofizialki ospatzea, osasun-krisiak eta Eusko Jaurlaritzak deitutako hauteskundeen deialdiak sorrarazi zituzten inguruabarrengatik.
Hala ere, egoera ezberdina da 2021ean, nahiz eta osasun krisiak baldintzatuta jarraitzen dugun. Aurten paradigma aldaketa bat gertatu da torturaren biktimei dagokienez: Alberto Perote CESIDeko zuzendariaren eta Pedro Gómez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketako audioak benetako lurrikara izan dira, eta Mikel Zabalzaren torturaren eta heriotzaren inguruabarren aurrean jarrera negazionista zutenen kontakizuna desmuntatu dute.
Gainera, hainbat aktorek pauso ugari eman dituzte:
Felipe Gonzálezek GALen antolaketan duen erantzukizuna frogatzen duen CIAren txostena argitara atera da;
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak epaiak eman ditu, Espainia kondenatzen dutenak tortura-salaketak behar bezala ez ikertzeagatik;
Torturak jasandako norbanakoek eta haien ordezkari diren elkarteek salaketak egin dituzte, bai eta beste gizarte-ekimen batzuk ere;
Aurrez aipatutako CESIDeko buruaren eta eta Guardia Zibil baten arteko elkarrizketaren audio beldurgarria argitara atera da, non torturaren praktika frogatzen den;
Ikus-entzunezko ekoizpenak kaleratu dira, hala nola "Non dago Mikel?" dokumentala eta keinu esanguratsuak gertatu dira horiekin, hala nola Espainiako Gobernuko presidenteordeak Madrilen egindako estreinaldian izan zuen presentzia;
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Parlamentuak Mikel Zabalzaren familiari egindako erreparazio ekimenak;
Gobernuaren Euskadiko ordezkariaren adierazpenak eta beste adierazpen politiko batzuk;
Etab.
Alde batetik, uste dugu urrats horiek torturaren biktimei hainbat hamarkadatan ezarri zaien gezurretan aritzearen susmo maltzurrarekin amaitzen dutela, sufrimendu areagotu eta sentitzen zuten babesgabetasunean sakontzen zuena, hain zuzen ere.
Bestalde, azpimarratu nahi dugu eztabaida honek agerian utzi duen daturik garrantzitsuena dela biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubideari buruzko adostasun instituzionala eta politikoa dagoela – Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan –, torturaren biktimak bereziki aipatuta.
Horregatik, gaur, prentsaurreko honetan, Foro Sozial Iraunkorrak berriz ere azpimarratu nahi du ezinbestekoa dela azken urteotan bizi izan dugun indarkeria-zikloaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktima guztiak aintzat hartzen jarraitzeko pausoak ematen jarraitzea.
Horregatik guztiagatik, honakoa eskatzen dugu:
Alde batetik, ahalik eta adostasun handiena lortzen saiatuz, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, Eusko Legebiltzarraren agintea betez, ekainaren 26an Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna ospatzeko lana egin dezala, torturaren biktimak modu sinbolikoan aitortzeko. Zentzu horretan, funtsezkoa iruditzen zaigu, osasun-arauak errespetatuz, ekitaldi honetan gonbidatuta egotea Kriminologiaren Euskal Institutuaren txostenean jasotzen diren polizia indarrek torturatu dituzten biktimak. Eusko Legebiltzarrak 2019an aho batez emandako agindua datorren ekainean gauzatu behar da, torturaren biktimak aitortzeko maila goreneko ekitaldi gisa.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diegu torturaren biktimei laguntzen jarrai dezatela, eskura dituzten baliabide guztiak haien esku jarriz, dagozkien eskubideak lortzeko bidean: egia, aitorpen ofiziala, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak.
Gaur iragartzen dugu Foro Sozial Iraunkorra modu diskretuan hasiko dela lanean alderdi, sindikatu, gizarte zibileko erakunde eta inplikatutako torturaren biktimekin, Eusko Legebiltzarrean 2019ko ekainean lortutako adostasun zabalak fruituak eman ditzan.
Pausoak ematen jarraitzeko unea da. Hainbeste urtetako diskriminazioari aurre egiteko garaia da. Torturak eragin duen drama eta horren ondoriozko erantzukizunak ofizialki aitortzeko garaia da. Esan bezala, torturaren biktimek bizi duten errealitatea agenda politiko eta mediatikoaren erdigunean dago gaur egun. Baina gai hori sakonki eta konponbide bat bilatzeko perspektibatik jorratzen ez den bitartean, gizarte gisa modu kolektiboan baldintzatuko gaitu. Beraz, behin betiko konponbidea emateko mekanismoak bermatzeko garaia dela uste dugu.
Zentzu horretan, biktima guztientzako egiaren eta justiziaren bilaketa horretan, kasu honetan torturatutako pertsonak, uste dugu konponbidea ezin dela mendekuan oinarritu. Indarkerien zikloaren ondorioen konponbidearekin zerikusia duen gai ororekin, konponbidea beti izan behar da justizia bilatzea, eta ez zigorra edo vendetta.
Biktimak ofizialki aitortu behar direla defendatzen dugu; biktimagileek, erantzukizun politikoa zutenekin batera eta torturaren praktika babestu zutenekin batera, eragindako kaltea aitortu behar dutela ere defendatzen dugu; eta egungo gobernuek beharrezko erreparazio-ekintzak aurrera eraman behar dituztela ere bai, modu sinbolikoan zein ofizialean.
Argiak izateko: egia eskatzen dugu biktimentzat, torturaren kasu honetan, baina ez dugu egoera hau gehiago betikotu nahi torturatzaileei kartzela zigorrak ezarriaz.
Foro Sozial Iraunkorrean uste dugu, sakonki demokratikoa eta bizikidetzakoa izan nahi duen gizarte batean, giza eskubideak oinarrizko balio gisa dituena, torturaren biktimak ofizialki aitortzea uneko inguruabarren gainetik egon behar dela. Biktimen mina baldintzarik gabe aitortzea izan behar da aitortza ariketa horiek mugiarazten dituen elementu bakarra. Aitortzarik gabe, eraikitzen ari garen bizikidetza demokratikoa ez baita inoiz erabatekoa izango.