Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaritza bat Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko Presidentearekin bildu da gaur. Bileraren ondoren, Agus Hernanek, Teresa Todak eta Aitzol Aslak adierazpenak egin dituzte Legebiltzarrean bertan.
Behatokiatik Bakartxo Tejeria presidentearen jarrera bihotzez eskertu nahi dugu, bileran arretaz entzun baititu azaldu dizkiogun gaiak, eman diogun Behatokiaren 4. Txosten monografikoan jasota daudenak.
Txostenean ikusten da zer nolako zailtasunak eta arazoekin topo egiten ari dira aspaldion Espetxe Legediak eta Araudi arruntek finkatutako progresiorako ibilbideak zeharkatzen ari diren motibazio politikoko delituengatik preso dauden euskaldunak. Horrelako oztopoek blokeo-arrisku argia suposatzen dute arinak izan beharko luketen prozesuetan. Izan ere, presoak ematen ari diren pausuak bat datoz Estatu espainolean indarrean dagoen espetxeetako legedia eta araudiarekin.
Txostenean jasotzen den bezala, euskal presoek gradu progresiorako aipatutako Legedi arruntak eskaintzen dituen bideak onartu dituzte, beren birgizarteratze prozesu pertsonalak gauzatzeari begira. Idatzi pertsonalak egin dituzte, egindako mina onartuz. Bigarren graduan daude, gehienek kondenaren erdia baino gehiago beteta dute, eta askok hiru laurdenak ere. Parte hartzen ari dira espetxeek antolatzen dituzte aktibitatetan, berariazko programetan eta ikastaroetan, baita lan egiten ere. Beraz, baimenetarako, hirugarren gradurako progresiorako, edota baldintzapeko askatasunerako baldintzak betetzen dituzte.
Alabaina, haietako asko eta asko ustekabeko oztopoekin egin dute topo, bai Tratamendu Batzarretan, bai espetxe-arloan erabakigarriak diren Auzitegi Nazionaleko esparruetan: espetxe-zaintzako Epaitegi Zentralean, Zigor Arloko Salako Lehen Atalean eta Fiskaltzan.
Behin baino gehiagotan ohartarazi da aldaketa eta espetxe-neurri horien aurkako lobby baten existentziaz. Oso ideologizatua den lobby horrek eragiteko gaitasun handia du espetxe-arloko ebazpenetan eragin zuzena duten eremu jakin batzuetan, hala nola Auzitegi Nazionalean.
Txostenean biltzen diren autoetan eragin horren adibide argiak daude. Duela bi urte baino gutxiago arazorik sortzen ez zuten gai batzuetan atzera egiteko jarrerak nabarmentzen dira. Adibideak jartzearren, ez dira gutxi Tratamendu Batzarretan aho batez onartutako erabakien kontra aurkeztutako errekurtsoak, edo baimen berriak ukatzen direla aurretik baimenak izan dituzten kasu batzuetan. Irakurketa oso ideologizatuak daude, espetxe-legeria arrunta aplikatze hutsetik eratorritako prozesuak geldiarazteko asmo duten jarrera politikoetatik bultzatuak. Agian, gaur egun ez dira behin betiko ezarritako jarrerak aipatutako eremuetan, baina dagoeneko oztopoak sortzen ari dira indarrean dagoen legediarekin erabat bat datozen prozesuetan.
Hamar urte igaro direnean ETAren jarduera amaitu zenetik eta ia lau desagertu zenetik, preso hauek espetxe-araudia onartu dutenean eta Espainiako Gobernuak EAEko, Nafarroako eta periferikoetako espetxeetara eraman dituenean — euskal eta nafar gizarteko instituzioetan, erakunde politiko, sindikal eta sozialetan babes eta adostasun oso zabala duen aldarrikapen bati erantzunez—, egoera horrek kezka larria sortzen du, eta frustrazio handia ekar lezake pertsona guztien eskubide guztiak - presoenak barne - errespetatuko dituen bizikidetza demokratikorako oinarriak sendotzeko ahaleginetan dagoen gizarte batean.
Horren guztiaren aurrean, Foro Sozial Iraunkorrak berretsi nahi du beharrezkoa dela adostasun eta irizpide oso argi eta indartuak lortu behar direla espetxe-politikaren aldaketan sakontzeko erreklamazioari irmo eusteko. Izan ere, duela hamar urte Aieten ireki zen prozesuaren hiru korapiloetako bat da hau, oraindik konpondu gabe dagoena. Betiere biktimen, biktima guztien, saminarekiko erabateko errespetuan oinarrituta, zeina aitortu eta erreparatu behar dena gaur egun oraindik eraikitzen ari den bizikidetza demokratikoaren esparruan.