2021/03/14

Azken bi asteetan torturaren biktimen eskubideak bermatze aldera emandako pausuek agertoki berri bat ireki dute

Foro Sozial Iraunkorrak positiboki baloratu nahi ditu azken bi asteetan torturaren biktimek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidea bermatzearen norabidean emandako pausoak, eta, bereziki, Zabalzaren kasuan emandakoak.

Foro Sozial Iraunkorrak positiboki baloratu nahi ditu azken bi asteetan torturaren biktimek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidea bermatzearen norabidean emandako pausoak, eta, bereziki, Zabalzaren kasuan emandakoak.

Urrats horiek mugarri bat izan dira, eta biktima horien gainean hamarkada luzez ezarri diren susmo txarrekin bukatu dute. Izan ere, sufritzen zuten aitortza ezak sufrimendu areagotzen zuen, haien babesgabetasuna sakonduz.

Ildo horretatik, uste dugu sortu den testuinguru berria egokia dela, bai Eusko Jaurlaritzak, bai Nafarroako Gobernuak, torturaren biktimei aitortza eta errekonozimendua adierazteko ekimenak antolatzeko bidean urrats irmoak eman ditzaten, eta, era berean, biktimarioek eta garai hartan erantzukizun politikoa zutenek, tortura babestu zutenek, eragindako kaltea onar dezaten.

Aste hauetan emandako urratsen artean daude: Zabalza kasua ikertzeko eskatuz Nafarroako Parlamentuak aho batez onartutako akordioa (martxoak 1); Donostiako Udalak aho batez onartutako auzia irekitzeko eskaera (martxoak 11); Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari egia ezagutarazteko egindako eskaera (martxoak 13), eta Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak (martxoak 12) eta Eusko Jaurlaritzak (martxoak 13) Zabaltza familiari egindako bi errekonozimendu-ekitaldiak. 

Horiek guztiak urrats instituzional garrantzitsuak dira, errealitate anker horren aurrean euskal gizartean oso errotua dagoen “egia soziala” baieztatzen dutenak.

Alberto Perote CESIDeko zuzendariaren eta Pedro Gómez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren audioek benetako lurrikara eragin dute, eta torturaren aurrean jarrera negazionista zutenen kontakizuna desegin dute. Eta, paradoxikoki, eragin sendagarria izan dute torturaren biktimen artean, egia eta aitortza lortzeko haien borroka luzea balioan jarri baitute.

Amaitzeko, tamalez, nabarmendu nahi dugu Barne Ministroak ez zuela jakin aprobetxatzen, edo ez zuela nahi izan, eszenatoki berri hau, martxoaren 3an Senatuan egindako hitzartzean. CESIDeko zuzendariaren audioa bezalako froga eztabaidaezinen aurrean ere, ministroak errealitatea ukatzen jarraitu zuen.

Ezin esan daiteke tortura “bateraezina dela demokrazia eta zuzenbide-estatu batekin” eta, aldi berean, 4.113 tortura kasu egiaztatzen dituen Eusko Jaurlaritzaren txostena ukatzea; gehienak , gainera, 1978tik aurrera.