Agus Hernanek, Teresa Todak eta Aitzol Aslak Audientzia Nazionalak ukatutako baimenak zehazten dituen monografikoa aurkeztu dute gaur Bizkaiko Abokatuen Elkargoan.
Teresa Todaren hitzartzea (Behatokia)
2021eko uztailean aurkeztu genuen Monografikoan adierazten genituen kezkak eta beldurrak berretsi eta larriagotu egin dira epe honetan. Izan ere, motibazio politikoko presoak gizarteratzeko ibilbideei jarritako oztopoak berresten ari dira Auzitegi Nazionalean: Espetxe-Zaintzako Epaitegi Zentralean dozenaka baimen eta/edo hirugarren gradu ukatu eta atzera botatzen ari dira. Martxoaren 25era arte bildutako datuen arabera, 76 baimen ukatu dira, 34 pertsonari eragiten dietenak. Xehetasun guztiak gaur aurkezten ari garen argitalpenean daude.
Bi txosten argitaratzen ditugu gaurkoan: bata baimenak ukatzeari buruzkoa eta bestea hirugarren graduei buruzkoa. Bietan ondorioztatu dezakegu Zigor Zuzenbideak Espetxe Zuzenbidearen eremua inbaditu duela. 7/2003 Lege Organikoaren bidez sartutako aldaketek araudi zurrun bat sortu dute, espetxe-tratamendua izugarri zailtzen duena. Eta, gainera, inboluzio ideologikoa antzematen da arau juridikoen interpretazioan. Are gehiago, Ministerio Fiskalaren espediente eta ebazpen batzuetan espetxe-zuzenbidearen oinarrizko printzipio bat ukatzen da: presoen tratamendua. Zalantzarik gabe, egoera kezkagarria da.
Emilio Olabarria legelari eta CGPJ-ko kide ohiak monografiko honetan sinatzen duen artikuluak ere kezka bera islatzen du. Terrorismoaren aurkako salbuespeneko araudiaren babesean egindako aldaketek eragina handia dute oraindik ere. Indargabetuak egon behar ziren lege eta artikuluez ari gara. Edo praktikan gaindituta egon behar ziren, araudiaren aplikazioa egungo errealitate sozial eta politikoaren araberakoa egingo balitz, eta ez duela hamarkada batzuetako egoeraren araberakoa.
Horri gehitu behar zaio espetxe politikaren normalizazioaren eta bizikidetza demokratikoaren eraikuntzaren aurkako lobbyaren presioa. Lobby horretan ETAren biktimen elkarte batzuk eta Espainiako eskuinaren interes politiko-elektoralak uztartzen dira. Ez du lortu Pedro Sanchezen Gobernuak espetxe politikan hasitako aldaketak gelditzea, baina bai moteltzea, batez ere gradu-progresioaren eta birgizarteratzearen bigarren fase honetan.
Badago ahaztu ezin dugun beste dimentsio bat: dimentsio humanoa. Sistematikoki negatiboak diren ebazpen horiek eragin negatiboa dute urrats horiek eman nahi dituzten presoengan, eta frustrazio-sentimendua sortzen dute, bai presoengan, bai haien senideengan eta lagunen
artean. Gogoratu behar da frustrazioek eta bide itsuek ez dutela laguntzen gertatutako ez errepikatzeko bermeak finkatzen.
Bukatzeko, eta Aitzol Aslari (Aitzolek ezin izan du bertan egon, baina arlo juridikoei buruzko bere azalpenak emateko bideo bidez hartuko du parte) eta Agus Hernani hitza eman aurretik, ohar bat: Hirugarren graduari dagokionez, salbuespenezko oztopoez gain, ideia murriztaile bat ere
badago aipatutako ebazpenetan: erregimen irekian, hirugarren graduan, dauden presoak ez dira zigorra betetzen ari, ez dute preso jarraitzen. Alde batetik, azpimarratu nahi genuke ETAkoak izan ziren preso guztiek osorik eta salbuespenezko baldintzetan bete dituztela zigorrak. Eta, bestetik, hirugarren graduaren aplikazioa araudi arruntean aurreikusitako bidea da, Espainiako Konstituzioaren 25. artikuluaren espirituan oinarritzen dena; artikulu horrek presoek gizarteratzeko duten eskubidea jasotzen du.
Agus Hernanen hitzartzea (Foro Sozial Iraunkorra)
Behatokiak gaur aurkeztu dituen datuek azkenaldian egiten ari garen azterketak eta alertak berresten dituen argazkia erakusten dute. Presoen birgizarteratzeko ibilbideetan tapoi handi bat sortzen ari da, araudi arruntaren arabera baimenak emateko dinamika arina izan beharko lukeena.
Baimenak ukatzen badira, hirugarren gradura pasatzeko presoek duten espektatiba naturala mugatuko da. Nahitaezkoa ez den arren, espetxe-araudiaren logikak dio bigarren graduan baimenak izan ondoren, eta betiere baimen horiek behar bezala egiten badira, hurrengo pausua dela presoak hirugarren gradura igarotzea.
Orain arte inoiz gertatu ez den zerbait gertatzen ari da: Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak sistematikoki errekurritzen ditu Tratamendu Batzordeen irizpideak. Presoaren jarraipen pertsonalizatua egiteko izendatutako profesionalek egindako aldeko txostenak errekurritzen ari dira, euren profesionaltasuna zalantzan jarriz.
Zergatik? Azkenaldian ohartarazi izan dugun moduan, badagoelako lobby bat Auzitegi Nazionaleko epaile eta fiskal batzuen artean, presoen auziaren konponbidean egiten ari diren aurrerapenak eta, oro har, bizikidetza demokratikorako urratsak oztopatu nahi dituena.
Lobby honek inpultso politikoen arabera hartzen ditu erabakiak eta, kasu honetan, justiziaadministrazioa bera gutxietsi egiten du. Gertatzen ari denak asko kezkatzen gaitu, indarkerien zikloan gertatu dena ez errepikatzeko bermeak finkatzeko fasean gaude-eta.
Gertatzen ari denak frustrazio izugarria eragiten die presoei, haien senideei eta ingurukoei. Eta frustrazioak ez dio batere laguntzen denok batzen gaituen helburuari: giza eskubideen kultura batetik ez errepikatzeko bermeak sortzea.
Egoera hori aldatzeko, bi gomendio egiten ditugu: