VI. Foro Sozialaren helburuak eta programa aurkeztu dute gaur Kursaaletik Agus Hernanek eta Nekane Altzelaik.
PROGRAMA DESKARGATU. Hemen.
Izena emateko: Hemen.
Jakina denez, Foro Sozial Iraunkorrak bere lan-etapa amaitutzat ematea erabaki du eta, testuinguru horretan, gaurko agerraldia bi helbururekin deitu dugu:
Otsailean zehar hainbat aktorerekin izan ditugun bilera errondaren emaitzak zuekin partekatzeko.
VI. Foro Sozialaren helburuak eta programa aurkeztea. Martxoaren 17an eta 18an izango da, Iruñeko Planetariumen eta Donostiako Kursaalean, «Bakea eraikitzeko prozesu berezia. Ikaskuntza partekatuak etorkizuneko erronketarako» lemapean.
Durangon eta Iruñean gizarte zibileko 120 pertsona eta erakunderekin gure azken balantzea partekatu ondoren, urte hauetan gurekin elkarlanean aritu diren eragile guztiekin bilera ugari egin ditugu.
Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin bildu gara, baita EAJrekin, Nafarroako eta Euskadiko Alderdi Sozialistekin, EH Bildurekin, Geroa Bairekin eta Elkarrekin-Podemosekin ere. EPPK-k Zaballako kartzelan dituen ordezkariekin ere bildu gara, eta biktimei dagokienez, Estatuaren biktimekin pasa den larunbatean bildu ginen, eta bilera indibidualak egiten ari gara antolatu gabeko ETAren biktimekin.
Ordezkaritza goreneko bilerak izan dira eta helburua izan da azken urteotako balantzea partekatzea eta gure lan-zikloa amaitzeko erabakiaren arrazoiak azaltzea.
Hauek dira ateratako bost ondorio nagusiak:
Aktore guztiek 2016. urteaz geroztik egindako aurrerapen handiak nabarmendu dituzte.
Denek uste dute bide partekatua izan dela, eta eragile askok egin dutela ekarpena. Ekarpen horiei esker, aurrera egiteko agertoki hobeak sortu dira.
Guztiek nabarmendu dute gizarte zibilaren ekarpena, baita Foro Sozial Iraunkorrena ere, duela urte gutxi arte imajinatu ezin ziren adostasunak ahalbidetu dituzten mikro-akordioak lortzeko egin duen erraztasun lan diskretuengatik.
Aurrerapen esanguratsuenak erakundeek eta gizarte zibilak elkarrekin lan egin dutenean lortu direla azpimarratu dute.
Aktore guztiak bat datoz bakea eraikitzeko prozesuaren fase bat ixten ari dela eta fase berri bat irekitzen ari dela.
Foro Sozial Iraunkorrak eskerrak eman nahi dizkie eragile guztiei gure erabakiak izan duen harrera maitekorragatik eta zazpi urte hauetan partekatu dugun lanaren kalitate handiagatik.
Konfiantzak eraikitzeko prozesu bat izan da, eta, horri esker, zazpi urtez iraun duten lan-espazioak sortu ahal izan dira. Konfiantzazko espazio horietan, hainbat arlotan, aurrerapenak ehundu ahal izan dira eta, krisialdiak iritsi direnean gainditu egin dira, hain zuzen ere, aktoreek batzen gaituena lehenetsi dutelako desadostasunen gainetik.
Esan bezala, martxoaren 17an eta 18an seigarren eta azken Foro Soziala antolatu dugu.
Azken Foro Sozial hau Lokarrik eta Bake Bideak antolatutako lehen Foro Sozialaren 10. urteurrenarekin batera ospatuko da, eta hori ez da kasualitatea izan. Denborak ematen duen ikuspegitik, esan dezakegu 2013ko martxoaren 14an eta 15ean egindako lehen Foro hura mugarri erabakigarria izan zela prozesuaren bilakaeran.
VI. Foro Sozialaren honen helburua da diagnostiko partekatu horretan sakontzea eta egiteke dauden lanak identifikatzea.
Bakea eraikitzeko prozesua amaitu gabe dagoenez, lortu diren adostasunak finkatzea ezinbestekoa da. Izan ere, oraindik askatu gabe dauden korapiloak askatzeko adostasun berriak beharko dira, kanpaleku berri bat, adostasun berriak eraikitzeko eta aurrera egiten jarraitzeko.
Azken finean, seigarren Foro Sozial honetan, bake-etorkizuna eraikitzeko baliagarriak izango diren ikaskuntzak atera nahi ditugu, gizarte guztietan sortzen diren desadostasunak konpontzeko elkarrizketa izan behar duela arma bakarra azpimarratuz.
Banatu dizuegun programan jasota daude VI. Foro Sozialean antolatu ditugun solasaldiak, mahai-inguruak eta ekitaldiak. Ohikoa denez, urte luze hauetan guztietan ekarpenak egin dituzten nazioarteko eta bertako adituen partaidetza egongo da.