2021/03/29

Andaluziako eta Levanteko kartzelak hustuz lehen fasea ixteko eskatu du Foro Sozialak

Galiziako kartzelak motibazio politikoko euskal presoez husteko atarian, Foro Sozial Iraunkorrak Espainiako Gobernuari egin zion eskaera publikoki berretsi nahi du: 30 urteetan ezagutu dugun urruntze-politikarekin amaitzeko behin betiko azelerazioa eman behar da.

Pandemiaren ondorioengatik eta arrazoi humanitarioengatik, ez dago argumentu politikorik familiarren sufrimendu erantsia hiru hilabete gehiago luzatzeko. Behin betiko keinu horrek, gainera, EAEko eta Nafarroako gizartean dauden adostasun instituzional, politiko, sindikal eta sozialei erantzungo lieke.

Aurrekariak eta lekualdatzeen erritmoa

2020ko ekainaren 30ean, “Behatokia” aurkeztu genuenean, Foro Sozial Iraunkorrak “keinu” bat eskatu zion Espainiako Gobernuari, Andaluziako, Galiziako eta Levanteko kartzelak motibazio politikoko euskal presoez “hustu” zitzan, arrazoizko denboran, eta EAEko eta Nafarroako kartzeletara eramateko.

Ildo beretik, joan den urtarrilaren 4an, datorren udarako presoen arazoa konpontzeko prozesuaren lehen fasea ixtea eta 2021-2022 ikasturtean bigarrenari ekitea eskatu genuen.

Erritmoa nahi baino motelagoa bada ere, eta Euskal Herriko kartzelak lekualdatze horietako gutxi batzuen helmuga diren arren, hilabete hauetan zehar, bigarren gradurako eboluzioak eta lekualdaketak erritmo konstantean mantendu dira, eta horrek epe motzeko etorkizunari baikortasunez aurre egiteko aukera ematen digu.

Eta erritmoa mantendu da lobby baten aldetik etengabeko erasoak izan arren. Bere esku dauden baliabide guztiak erabilita, espetxe-politikaren aldaketa eta gure gizarteak bizikidetza demokratikoa eraikitzeko urratsak ematea oztopatu nahi du lobby horrek.

Espetxeen arloko eskumenaren eskualdatzea

Aldi berean, datozen asteetan Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeak kudeatzeko eskumena eskualdatuko da. Espetxe-politikak Estatuaren esku jarraituko duen arren, transferentzia hori urrats garrantzitsutzat jotzen dugu. Alde horretatik, positiboa iruditzen zaigu Jaime Tapia epailea Eusko Jaurlaritzaren aholkulari izendatzea.

Eusko Jaurlaritzarekin bat gatoz presoak espetxe-politika ororen erdigunean jartzean, eta, alde horretatik, Tapia jaunari bilera bat eskatzea aurreikusten dugu, motibazio politikoko delituengatik presoen birgizarteratzearen inguruan Foro Sozialak egindako hausnarketak eta gomendioak helarazteko.

Urtarrilaren 4ko prentsaurrekoan esan genuen bezala, Foro Sozial Iraunkorretik uste dugu lehen fasearen hiru atalak ixteak —urruntzearen eta lehen graduaren amaiera eta espetxeen transferentzia— itxi egingo dituela “Konponbiderako premiazko agendaren” (2018ko iraila) bost puntuetako eduki gehienak, eta “aukera emango du dagoen borondate politiko osoa egiaztatzeko, gai horri behin betiko konponbidea emateko behar den konfiantza-giroa sortuz”.

Konfiantza-giro hori beharrezkoa da espetxe-politika aldatzeko bigarren fasearen bi korapiloak askatzeko prozesuari arrakastaz heltzeko: birgizarteratze-ibilbidea eta hirugarren maila eta 7/2003 Legea.

Finkatutako adostasunak

Amaitu baino lehen, adierazi nahi dugu positiboa dela azken asteetan egiten ari diren beste eztabaida batzuek ez dituztela auzitan jarri funtsezkoak diren bi adostasunak: espetxe-politikaren beharrezko normalizazioa eta presoen auzia konpontzea ekarpen bat eta aktibo bat izango litzatekeela bizikidetza demokratikoan aurrera egiteko.

Azkenik, Foro Sozial Iraunkorrak berretsi egin nahi du bigarren faserako beharrezkoak diren adostasun berriak eraikitzeko bere konpromisoa. Horretarako, diagnostikoak egiten jarraituko dugu, esperientziak partekatuz, gomendioak proposatuz eta beharrezko errazte-lan diskretuak eginez, aipatutako bi gai horiei ere irtenbide berritzaileak aurkitzeko asmoz.