2018/12/13

Alderdi politikoei dei egiten diegu elkarrizketa giroa eta akordioak berreskuratzeko, Legealdiaren lehen zatian egin zuten moduan

Gaur Foro Sozialak kazetariekin gosari bat antolatu du Donostian. Agus Hernanek espetxe politika egun nola dagoen azaldu
du eta Nekane Altzelaik, bere aldetik, azken hilabetetan biktimen arloan egin diren aurrerapenak azaldu ditu. Bukaeran, ondoren jasotzen ditugun adierazpenak egin dituzte.

Legealdiaren hasieratik, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoek ekarpen positiboa egin zuten zenbait arloetan, hala nola, ETAren armagabetze eta disoluzioan, indarkeria mota guztietako biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidearen inguruan, biktimei egindako omenaldiak edo salbuespeneko espetxe politikaren aldaketaren inguruan.

Adibiderik onena, segur aski, Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lantaldea bera da.

Legealdi honetan orain arte izandako ibilbideak ez du zerikusirik pasa den legealdian bizi zen blokeoarekin.

Lortutako akordioak, gainera, era desberdinetan gauzatu dira bai erakundeetan baita erakundeetatik kanpo ere.

Euskal jendarteak positiboki baloratu ditu emandako pausuak, elkarbizitza demokratikoari ekarpen gisa ulertzen dituelako. Halere, onartu behar da kontakizunaren inguruan dauden desberdintasunak hor egon direla eta hor jarraitzen dutela.

Baina azkenaldian atzera urrats kezkagarriak egiten ari dira arlo honetan. Desadostasunak dira nagusi Polizia Gehiegikerien Legeari dagokionez, Herenegun programan edo Memoria eta Bizikidetza Lantaldearen ondorioen erredakzio-fasean.

Legealdiaren lehen zatian presoen edo biktimen aitortzaren arloetan egon diren akordio eta elkarrizketa giroaren gainetik kontakizunean dauden desadostasunak gailentzen ari dira, oso era kezkagarrian.

Alderdi politikoei dei egiten diegu elkarrizketa giroa eta akordioak berreskuratzeko, Legealdiaren lehen zatian egin zuten moduan, adostasunak desadostasunen aurretik hobetsiz.

Foro Sozialak errespetatzen ditu kontakizunari dagokionez dauden desberdintasunak, baina guk uste dugu euskal jendarteak ez lukeela ulertuko alderdi politikoei elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzari uko egitea, ez presoen arloan ezta biktimen arloan ere.