2019/02/13

Aitortza eta erreparazio maila berdina behar dute giza-eskubide urraketa berdinek. Ezin da biktimen arteko diskriminaziorik onartu

Gaurko prentsaurrekoan, alde batetik, biktimen alorrean Foro Sozial Iraunkorrak datozen hilabeteetan garatuko duen lanaren logikaren berri eman dugu. Bestetik, agerraldi hau baliatu dugu topaketa bat aurkezteko, ‘Entzun, bizikidetza eraikitzeko’ izenburupean Donostian egingo dena otsailaren 23an, eta euskal gatazka delakoan hainbat indarkeriaren biktimen lekukotzak ezagutarazteko balioko duena.

Aitzpea Leizaola eta Agus Hernanen hitzartzea

 

Foro Sozial Iraunkorraren premisa nagusia biktimen eskubideei dagokienean argia izan da eta da: biktima guztien egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea.

Gure aburuz, euskal gatazka delakoaren baitan gertatutako sufrimendu ororen ezagutza ezagutarazpena, aitortza eta erreparazioa ezinbestekoak dira. Eta hori euskal gizarte osoaren ardura da, herritarrena eta eragile instituzional eta politikoena.

Hauxe izan zen joan den urrian egin genuen V. Foro Sozialaren ondorio nagusia: “Egia jakiteak, egia osoa eta egia guztiak jakiteak, egingo du askeago gizarte hau”.

Horrexegatik, gure lanaren ardatza batez ere izango da maila lokalean zein instituzionalean egia berreskuratzeko prozesuak sustatu eta erraztea, biktima guzti-guztien aitortza behingoz ofizialtzeko helburuarekin eta zor diegun erreparazioa eskaintzeko helburuarekin. Horretarako, elkarrizketa eta entzumen kolektiboa lantzeko hainbat espazio jarri ditugu abian. Horietan elkar aurkitu, entzun, ezagutu eta onartzeko aukera izango dugu.

Horren adibide dugu ‘Hitzorduak’ topaketa, indarkeria adierazpen ezberdinen biktimen artekoa. Donostiako Miramar Jauregian izango da, datorren otsailaren 23an (larunbata), goizeko 10:30etik aurrera.


 

Horren bidez, gure helburua da biktima mota ezberdinek, jatorri ezberdineko indarkerien eraginez giza eskubideen urraketa pairatu dutenek, elkartzeko aukera izan dezatela, elkar entzuteko, elkarri kontatzeko bizi izandako esperientziak eta etorkizuneko erronkez gogoeta egiteko.

Zehazki, jardunaldiak bi mahai-inguru izango ditu:

Lehenbizikoan, aita galtzea zer den ondo dakiten bi pertsonak parte hartuko dute: alde batetik, Maria Jauregik, Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil ohiaren eta ETAren biktimaren alabak; eta bestetik, Peru Del Hoyok, berriki kartzelan hildako Kepa del Hoyo presoaren semeak.

Bigarren mahai-inguruan, berriz, euskal gatazka delakoan, arrazoi politikoak tarteko, sufrimendua pairatu duten pertsonak egongo dira. Gure aburuz kontuan hartu eta adierazi beharrekoak dira, ez errepikatzeko bermeen bidez aipatu gatazka behin betiko gaindi dadin. Hain zuzen ere, hauek izango dira: Arritxu Marañon Zumaiako Udaleko zinegotzi sozialista, urte luzez bizkartzainekin bizi izan dena; Jone Artola, urrunketa eta sakabanaketa politikaren eragina gordinak ezagutzen duen preso baten senitartekoa; Pablo Martinez, espetxe-funtzionarioa; eta Isidro Murga, 18/98 makrosumarioan auzipetutakoa ‘Egin’ egunkariko Administrazio Kontseiluko kide izateagatik.

Foro Sozial Iraunkorrak antzeko dinamikak lehenago ere antolatu izan ditu Iruñean, Gasteizen, Bartzeloanan eta Bilbon, arrakasta handiz gainera. Parte-hartzea erabat irekia izango da, eta ateak irekita egongo dira bertaratu nahi dutenen guztientzat.

Une zailean antolatu dugu ekimen hau, Eusko Legebiltzarreko Talde Txostengilearen baitan kezkatzen gaituzten gaiek azken asteetan bizi duten blokeoa dela medio: memoriak eta bizikidetzaren eraikuntzak.

Horregatik, hain zuzen, gaur, Foro Sozial Iraunkorraren izenean, guztion ordezkari diren alderdi politikoei dei egiten diegu gizarteak eskatzen duen adostasun -eta kontsentsu- guneak bilatzeko ahalegina egin dezaten. Euskal eta nafar gizarte osoari dagokio etorkizuneko bizikidetza demokratikoa eraikitzeko ardura: gizarte-sektoreei, herri-ekimenei, eta baita ordezkari politikoei ere. Ezin dugu onartu aurreko legealdian bizi izandako moduko blokeo-egoera batera bueltatzea. Gure gizarteak ez luke ulertuko gisa horretako atzerapausoa.

Gainera, estamentu ofizialetatik etorritako indarkeria pairatu duten biktimek esperoan jarraitzen dute, haien onarpen ofiziala ekarriko luketen lege berrien tramitazioaren zain. Horrek ere berdin-berdin kezkatzen gaitu.

Jakin ondo dakigu, maila instituzionalean, garrantzitsua eta korapilatsua dela indarkeria polizialaren, gerra zikinaren eta eskuin-muturraren biktimak aitortzeko aurrerapausoak ematea, modu horretan ez bakarrik gatazka ukatzen duten sektoreen errelatoa haustea lortzen delako, baizik eta egia poliedrikoa marrazteko lagungarri delako; egia askoz errealagoa marrazten laguntzen duelako; euskal nahiz nafar gizarteak pairatutako esperientziei lotuagoa den egia, indarkeriak askotarikoak, konplexuak eta eragile ezberdinek eragindakoak izan direla agerian uzten duen egia.

Gure aburuz, biktimak aitortzeko lege batek balio beharko luke orain arte gure gizarteko sektore zabal batzuen artean ezezagunak izan diren errealitateak ezagutzeko eta ezagutarazteko. Balio beharko luke bermatzeko ez dela berriro ere antzeko ezer errepikatuko. Baina, horrez gain, balio beharko luke urte luzez baztertuta sentitu diren pertsona horiek sendatzeko.

Horretarako tratu ekitatiboak conditio sine qua non izan behar du. Behin eta berriz esan izan dugu: Foro Sozial Iraunkorrean ez dugu indarkeria mota ezberdinen arteko bereizketarik egiten, eta ez dugu biktimen arteko hierarkiarik ezartzen. Sufrimendu guztiak ezberdinak dira eta horiek kudeatzea oso kontu pertsonala da; baina guztiak dira sufrimendu.

Beraz, gure ustez bada marra gorri bat, guztiok errespetatu beharko genukeena, bai gizarte zibilak eta bai erakundeek: aitortza eta erreparazio maila berdina behar dute giza-eskubide urraketa berdinek. Ezin da biktimen arteko diskriminaziorik onartu.

Estamentu ofizialek zuzenean edo zeharka sustatutako edo eragindako indarkeria urte luzez pairatu duten biktimek ETAren biktimek duten aitortza maila berbera merezi dute.

Lan egin dezagun denok biktima bakar bat bera ere diskriminatua izan ez dadin.