Foro Sozial Iraunkorrak «Aiete 10 urte-Ikaskuntzak eta erronkak» liburua aurkeztu du gaur Bilbon. Aurkezpenean parte hartu dute Alberto Spektorowskyk (Nazioarteko Harremanetarako Taldeko kide izan zen) eta Agus Hernanek (Foroko bozeramailea).
Agus Hernan: "Aieteko X. urteurrenaren ondoren are nabarmenago geratu da biktimen arteko asimetria"
Gaur, «Aiete 10 urte-Ikaskuntzak eta erronkak» liburua aurkeztuko dugu. Liburu hori Donostiako Aieteko Jauregian eta Kursaalean orain dela urtebete ospatutako jardunaldietan jasotako ekarpenen bilduma bat da.
Gogoratuko denez, jardunaldi horiek 2011ko urriaren 16an Euskal Herriko gatazkaren ondorioen konponbidea sustatzeko egin zen nazioarteko konferentziaren hamargarren urteurrenean antolatu genituen Foro Sozial Iraunkorrak eta Bake Bideak, Berghof Fundazioarekin eta Conciliation Resources fundazioekin elkarlanean.
Urtebete igaro ondoren, jardunaldiek utzitako ekarpenak ikuspegi zabalagoarekin aztertu ahal izan ditugu.
Liburuaren irakurketak batez ere lau ekarpen utzi dizkigu:
1.- Aiete zentraltasun-une bat izan zen, eta ekarpen ugari jasotzeko aukera eman zuen. Ekarpenei buruz ari garenean, ez gara jardunaldienei buruz soilik ari, bere testuinguruan jasotakoari buruz baizik, hala nola: nazioarteko eta euskal aktoreek Nazioarteko Jardunaldietan bertan egindako ekarpenak; Aieten, Baionan eta Nafarroako Gobernuaren ekitaldian parte hartu zuen aniztasun politikoa; ezker independentistaren adierazpena; PSEk egindakoa eta José Luis Rodríguez Zapateroren hitzak; Maria Jauregiren hitzartzea Gogora Institutuaren ekitaldian; EPPKren adierazpena presoen harreren inguruan... Dena jasota dago liburuan prentsako clipping-ean.
2.- Nazioarteko bitartekarien eta bideratzaileen testigantzek, horietako batzuek jendaurrean egindakoak, hankaz gora jarri zituzten duela 11 urteko Nazioarteko Konferentziari buruzko topiko ugari: aldeen konpromisoa ibilbide-orri batean; Espainiako Gobernuaren eta, bereziki, Alfredo Pérez Rubalcabaren eginkizuna; ezker abertzalearen rola eta zailtasunak; prozesua zapuzteko ahaleginak; Mariano Rajoy-k ez ikusiarena egitea; Osloko mahaiaren gorabeherak; gizarte zibilaren frustrazioa eta rola 2013tik aurrera, eta haren determinazioa…
3.- Nazioarteko estandarren arabera, bistan da Euskal Herrian ez gaudela «bake-prozesuan»,, baina, era berean, argi dago «bakea eraikitzeko prozesuan» gaudela. Eta izaera horretatik, prozesu berritzaile gisa hartzen ari da gatazkaren konponbidean aritzen diren nazioarteko eragileen aldetik.
Izaera berezia izan arren, nazioarteko DDR estandarrak (desarmea, desmobilizazioa, berrintegrazioa) errespetatzen ari da. Hala ere, bistan da Espainiako Estatuan ez direla errespetatzen nazioarteko estandar horiek.
Aieteren X. urteurrenari esker, hiru erreiko prozesu bakarrean gaudela ikusarazi zen: Iparraldean, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan.
Iparraldean, bere ibilbide-orri propioarekin; EAEn, mikro akordio politiko-sindikalekin gai askotan (desarmea, biktimak eta espetxe-politika); Nafarroan, bultzada multilaterala duen berezko estrategiarekin: Gobernua, alderdi politikoak eta gizarte zibila.
Eta prozesu bakarraren ideia azpimarratu nahi dugu. Izan ere, berriki ikusi dugun bezala, Iparraldean eta Hegoaldean egindako urratsek elkar elikatzen eta aukera berriak irekitzen dituzte. Lehen, «Bakearen artisauen» eta Frantziako Gobernuaren arteko harremanak Madrileko jarrera politikoa aldatzen lagundu zuen; orain kontrakoa gertatu da.
4.- Prozesu multilateral batean gaude, non eragile bakoitzak – instituzionala, politikoa eta sindikala – bere eskumenen esparrutik ekarpen egiten duen, eta non mikroakordioak diren adostasunak lortzeko tresna.
Aieteko X. urteurrenak «palanka-efektua» sortu zuen hainbat alderditan:
Biktimak, biktima guztiak, konponbiderako ekimenen erdigunean jarriz eta Estatuaren biktimek jasaten duten tratamendu asimetrikoa agerian utziz.
Espetxe-politikaren aldaketa bultzatuz.
"Kontakizunaren bataila" krispazioaren espaziotik ateratzen hasteko lagunduz, memoria kritiko inklusiboa eraikitzeko esparrura igarotzen hasteko.
Ez dugu amaitu nahi nazioarteko komunitateak gure prozesuari egin dion ekarpena balioan jarri gabe. Testuinguru zailean, ulertezintasun handiaren erdian, askotan eskergabekoa. Baita gertaera desatsegin eta ulertezinekin ere, Nazioarteko Harremanetarako Taldea eta Nazioarteko Egiaztapen Batzordea Baionako komisarian eta Audientzia Nazionalean, hurrenez hurren, 2014n deituta izan zirenean gertatu bezala.
Hala ere, bidelagun izan ditugun pertsona eta erakunde horien iraunkortasunari esker iritsi gara gaur egungo egoerara. Horiek gabe gure prozesua are zailagoa izango litzateke.
Hori dela eta, liburu honen aurkezpenean, Alberto Spektorowski gurekin nahi izan dugu, Nazioarteko Harreman Taldeko kide gisa urte askotan gure prozesua oso gertutik jarraitu duen pertsonetako bat.