Agus Hernanen adierazpenak, Bilbo eta Baionako manifestazioen arrakastaren ondoren, espetxe politikaren arloan pasa den astean gertatutakoa baloratuz.
“Foro Sozial Iraunkorrak gizarte zibila zoriondu nahi du Bilbo eta Baionako manifestazioen arrakastagatik.
ETA desegin ondoren, denon artean, espetxe politikaren aldaketaren gaia agendaren erdigunean kokatzea lortu dugu, bizikidetza demokratikoaren eraikuntzarako gako gisa.
Azken asteotan, eragile sozial eta sindikal askok gai hau agendaren erdigunean kokatzearen aldeko hautua egin dute. Era berean, Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan ordezkatua dauden alderdi politiko gehienek ere aldarrikapen hau bere egin dute, batzuk manifestaldietan parte hartuz eta beste batzuk, aldiz, manifestazioan parte hartu gabe baina helburuarekin eta “Orain Presoak” leloarekin duten adostasuna publikoki agertuz.
Azpimarratu nahi ditugu, bereziki, zenbait ETAren biktimek komunikabideetan eta sare sozialetan norabide berdinean egin dituzten ekarpenak. Era berean, orain arte aldarrikapen honi buruzko adierazpen publikorik egina ez zuten zenbait fundazio eta elkartek oraingoan argi hitz egin izana nabarmendu nahi dugu.
Ñabardurak ñabardura, aktore guztiek bat egiten dute puntu batean: auzi hau klabe humanitario hutsetan konpondu behar da, salbuespeneko espetxe politikarekin amaituz.
Biktima guztien samina errespetatuz eta pairatutakoa ahaztu gabe, espetxe politikaren normalizazioan aurrera urratsak egin behar dira.
Era berean, nabarmendu nahi dugu, pasa den ekainean “Orain presoak” ekimena sortu zenetik, egun dagoen adostasuna eraiki dela eragile guztiak eroso sentitzea bilatuz.
Izan ere, EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos, PSE, Geroa Bai eta Ahora Navarra-Orain Bai alderdiek, baita sindikatu guztiek ere, ahalik eta aniztasun handiena bilatzeko, desadostasunak errespetatzeko eta akordioak desberdintasunen gainetik jartzeko “Orain presoak” dinamikaren aldetik egin diren ahaleginak ezagutzen dituzte lehen eskutik.
Madrilek eta Parisek euskal jendartearen gehiengoaren borondatea gogoan hartu behar dute. Euskal erakundeen, sindikatuen eta alderdi politikoen borondatea argia da eta gogoan hartu behar dute. Madrilek eta Parisek, behingoz, elkarbizitza demokratikoaren aldeko hautua egin behar dute, garaile/galtzaile edota mendeku eskemetan dauden eragileetatik aldenduz.
Horretarako, hasitako aldaketak azkartu behar dituzte, behin betiko eta era iraunkorrean. Parisen kasuan, elkarrizketaren eta konponbidearen markora itzuli behar du, eta Madrilen kasuan, herabeki hasi dena azkartu behar du. Azken finean, bai batak eta bai besteak bakearen eta elkarbizitzaren aldeko apustu garbia egin behar dute.”