Kaixo,
Agus Hernanek aste honek memoria eta elkarbizitza arloan utzi dituen zenbait gertakizunen inguruko adierazpenak egin ditu gaur.
AGUS HERNANen ADIERAZPENAK
“Aste honek bi argazki oso desberdin utzi dizkigu, agian kontrajarriak direnak eta, edozein kasutan, Euskal Herriko bake prozesuak bizi duen egoera konplexua agerian uzten dutenak.
Astelehenean, Gasteizko Legebiltzarreko Elkarbizitza eta Memoria Lantaldean desadostasunaren argazkia izan genuen. Izan ere, Legealdiaren lehen partean gehiengoaren alderik egon den elkarrizketa eta akordio giroarekin talka zuzena egin duen egoera bat sortu da bertan.
Atzo ostegunean, berriz, adostasunezko hiru argazki izan genituen:
Batetik, Bilbon egin zen Rosa Lluch eta Ane Muguruzaren arteko solasaldi publikoa, sakona bezain hunkigarria.
Bigarrenik, Bilbon ere, atzo aurkeztu zen hamar sindikatuen arteko espetxe politikari buruzko irakurketa eta dinamika. Ia sindikatu guztiak ados agertu dira presoentzat irtenbide bat eskatzeko.
Eta hirugarrenik, atzo Arrasaten aurkeztu zen “Memoria partekatu baterantz” txostena nabarmendu behar da.
Eta honi guztiari gehitu behar zaizkio atzo ere publiko egin ziren Euskobarometroaren datuak, euskal jendartearen gehiengo zabal batek presoen hurbilketaren aldeko jarrera argia erakutsi baitu.
Ikusten den bezala, esparru oso desberdinak dira, aktoren desberdinen artean eraikitakoak, baina denak helburu berdinarekin: elkarbizitza demokratikoari ekarpena egitea.
Hauek horrela, euskal jendarteak ezin du ulertu astelehenean Eusko Legebiltzarrean sortu den desadostasuna. Izan ere, oso begi onez ikusten zuen jendarteak orain arte Elkarbizitza eta Memoria lantaldean egon den elkarlana. Euskal Jendarteak ez luke ulertuko kontakizunaren eremuan egun dauden desadostasunek elkarbizitzaren, biktimen eta presoen arloetan adostasunerako dauden aukerak baldintzatzea.
Foro Sozial Iraunkorrak, berriz ere, Legealdiaren lehen partean alderdien artean egon den elkarrizketa eta adostasun giroa berreskuratzeko deia egin nahi du, desadostasunen aurretik adostasunak lehenetsiz.”