2020/06/01

Adostasunak are gehiago finkatu dira presoen auziari behin betiko konponbide integrala eman ahal izateko

Foro Sozial Iraunkorrak positiboki baloratzen ditu azken egunetan eman diren urrats garrantzitsuak indarkeria-zikloaren ondorioetako bat konpontzeko bidean: presoen auzia.

Oso testuinguru zailean - Covid19, azken gertakariak eta ika-mika politikoak -, presoen auziaren konponbideak leku garrantzitsua hartu du agenda politikoan eta mediatikoan.

Foro Sozial Iraunkorrak, gai honetan lan egiten duten eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialen proposamenak eta jarrerak aztertu ondoren, nabarmendu nahi du azken egunotan adostasunak are gehiago finkatu direla presoen auziari behin betiko konponbide integrala eman ahal izateko, zentzuzko epe batean.

Funtsean, hiru arrazoirengatik baieztatzen dugu hori:

  • Diagnostiko partekatu bat dago konfinamenduak eragindako egoerak presoengan dituen ondorioei buruz, sektore zaurgarria diren heinean. Eta gauza bera esan daiteke bisitak egiteko eta presoekin komunikatzeko ezintasunak senideen eta gertukoen artean sortzen dituen ziurgabetasunari eta min erantsiari buruz. Azken batean, deskonfinamenduaren fase honetan urruntzeari amaiera emateko beharrari buruzko diagnostiko partekatu bat dago.

  • Eusko Jaurlaritzak egindako proposamenak sortzen duen adostasun zabala. Duela egun batzuk, Eusko Jaurlaritzak eskatu zuen euskal preso guztiek, egindako delitua eta espetxe-zigorraren gradua edozein izanda ere, zigorra bete ahal izatea euren etxetik gertu dauden zentroetan. Gobernua osatzen duten alderdiez gain (EAJ eta PSE), EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta Equok, bakoitzak bere ñabardurekin, proposamen horrekin ados daudela adierazi dute, hau da, Eusko Legebiltzarraren % 88k. Halaber, preso sozialekin eta motibazio politikoko delituengatik zigortutako presoekin lan egiten duten erakundeen artean sortu den babesa nabarmendu behar da, baita EPPKn bildutako presoek emandako babesa ere.

  • Azken aste hauetan abian jarritako ekimen politiko, sindikal eta sozial ugari: Espainiako Kongresuan, Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan, Batzar Nagusietan eta hiriburuetako udaletan, eragile sozialen proposamenak, sindikatuek emandako babesa edo nazioarteko komunitatearen ekimen garrantzitsuak.

Egiten dugun azterketa horren elementu garrantzitsu bat da presoek espetxe-legeriaren barruan egin beharreko ibilbidearen alde egindako apustu irmoa (“Euskal Bidea” bezala ezagutzen dugun birgizarteratzeko ibilbidea). Espetxe Zuzendaritzak iragarritako azken erabakien gauzatzearen zain, gaur egun Espainiako espetxeetan dauden 201 pertsonetatik 40 baino gehiago daude jada espetxealdi arinduan, bigarren edo hirugarren graduan.

Azken batean, garai hauetan presoek zigorrak etxetik gertu dauden espetxeetan betetzeko beharraren inguruko adostasunak zabaltzen ari dira. Izan ere, ez da sufrimenduak gehitzeko unea, konponbideak bilatzekoa baizik. Ildo horretan, Foro Sozial Iraunkorretik uste dugu premiazkoa dela, deseskalatze-prozesuaren barruan, urruntzearen amaierari heltzea, orain adostasun politikoak eta sozialak daude eta.