2022/11/07

Estatuak eragindako kaltea onartzeko eskatuko dio gutun bidez Foro Sozialak Sanchez Presidenteari

Atzo El PaĆ­s egunkarian argitaratutako Barrionuevo Barne-ministro ohiaren adierazpen guztiz onartezinen ondoren sortutako erreakzioa positiboki baloratu nahi du Foro Sozial Iraunkorrak. Izan ere, beste behin ere, Espainiako Gobernuan lehen mailako erantzukizunak izan zituztenek gogor birbiktimizatu dituzte Estatuaren biktimak.

Egia da oraindik oso urrun gaudela birbiktimizazioa ETAren biktimen kasuan izan balitz gertatuko litzatekeenetik, baina, egia da ere, oraingoan eragile gehienek Barrionuevoren adierazpenen aurrean jarrera irmoa agertu dutela.

Adibide bat jartzearren, atzo ikusi zen erreakzioak ez du zerikusirik Macarena Olona andreak joan den apirilaren 29an Diputatuen Kongresuko tribunatik torturaren biktimek jasandako minaren karikaturizazioaren ondorioz sortu zen erreakzio urriarekin.

Halaber, erakundeen eta alderdi politikoen gehienen aldetik ez zen babesik erakutsi José Antonio Cardosa postariaren heriotza eragin zuen bonbaren inguruan egindako grabazioak publikatu zirenean. Ez eta Barne Ministerioak 1994an torturengatik kondenatutako polizia bati domina eman zionean ere, adibide batzuk aipatzearren.

Foro Sozialak Espainiako Gobernuari eskatu izan dio, behin baino gehiagotan, baita Gobernuko presidenteari ere, Estatuko aparatuek eragindako mina onar dezala, batez ere, gerra zikinak eta torturak eragindakoa. Azkenekoz, joan den urriaren 17an, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren behartutako desagertzeen 39. urteurrena zela eta.

Baldintzak sortuz doaz, urratsez urrats, biktimen arteko desberdinkeriarekin bukatzeko eta Estatuaren biktimak babestearen alde. Oraindik ibilbide luzea geratzen den arren, bide horretan beharrezkoa eta premiazkoa da Madrilgo Gobernuak keinu argi bat egitea. Atzo ikusi genuen eskaera horrek erakundeen eta politikarien babes handia duela.

Adiskidetzearen bidean, bizikidetza demokratikoa eraikitzeko eman beharreko urratsa da. Eta, gure ustez, pauso hori legegintzaldi honetan eman behar da, gehiago atzeratu gabe.

Helburu horrekin, Foro Sozial Iraunkorrak gutun bat bidaliko dio Espainiako Gobernuko presidenteari, Pedro Sánchez jaunari, eskatuz egia sozial ukaezina dena onartzeko urrats bat eman dezan: Espainiako Estatuak giza eskubideen urraketa larriak egin zituela indarkerien zikloaren testuinguruan.

Joan den urriaren 31n, Espainiako Gobernuko presidenteak garrantzi handiko urrats sinbolikoa eman zuen, diktadura frankistaren 15 biktimen bitartez diktadura hark eragindako kaltea aitortuz. Euskal gizarteak eta euskal erakundeek gaur eskatzen dioten urrats hori ezin da hainbeste atzeratu.