2018/02/19

“Entzunaz bizikidetza eraiki: indarkeria mota ezberdinetako biktimen lekukotzak Araban” jardunaldia otsailaren 24an Gasteizko Europa Jauregian

Pasa den otsailaren 7ko prentsaurrekoan esan bezala, biktimekin lan egiteko dugun konpromisoa, elkarbizitza eta memoriaren lanketarekin batera, elementu zentralak dira Foro Sozialaren jardueran. Izan ere, hurrengo hilabetetan aurrera urratsak egingo genituela adierazi genuen prentsaurreko hartan eta, besteak beste, V. Foro Soziala udazkenerako iragarri genuen, “Egia ezagutzeko eskubidea, biktimen aitortzarako eta erreparaziorako tresnak” lelopean.

V. Foro Soziala zerumugan eta Foro Sozial Iraunkorrak erabiltzen duen metodologia erabiliz, hau da, hausnarketak eginez eta aktore desberdinekin kontrastatuz, egutegi bat osatu dugu, hainbat ekimen eta saioekin, betiere memoria eta elkarbizitzari buruzko edukiak lantzeko.

Gaurkoan, eta hilabetetako lan isila egin eta gero, egutegi horren lehen ekimena aurkeztu nahi dizuegu. Otsailaren 24an Gasteizko Europa Jauregian egingo den saio honetan sufrimendu guztiak aitortzeko eta erreparatzeko marko bat eraiki nahi dugu. Bertan, adiskidetze sozialari ekarpen gisa, indarkeria mota desberdinetako Arabako biktimen lekukotzak entzungo ditugu.

Biktima guztiek Egia, Justizia eta Erreparazio eskubidea dute. Adiskidetze soziala eraiki nahi duen errail zentrala aurrera egin ahal izateko, gai hau lubakien posizioen eztabaidatik atera behar dugu. Horretarako, 2016ko azaroan Nafarroako Parlamentuan egin genuen saioa oinarri hartuta, indarkeria mota desberdinetako biktimak biltzeko eta beraien arteko elkarrizketa sustatzeko marko berri bat antolatu dugu.

Zehazki, hauek izango dira parte hartuko duten biktimak:

  • Maite Berrocal: PSE-EEko zinegotzi ohia Gasteizen. Mehatxuak jasan zituen eta urtetan eskoltarekin bizi behar izan zuen.

  • Pepe Moulia. Kartzela funtzionario ohia. Kolektibo hau ETAren mehatxupean egon da eta zenbait kide hil zituen ETAk.

  • Candi Gomez: Enrique Gómezen anaia, BVEk Baionan erahila 1979an.

  • Encarni Blanco: Santurtzin 1992an atxilotua eta Guardia Zibilaren eskuetan torturatua. NBEaren Torturaren Aurkako Batzordearen aurrean salaketa jarri zuen, Torturaren Aurako Hitzarmena urratzeagatik. Estatu espainolak Hitzarmenaren 12. eta 13. artikulua urratu zituela ebatzi zuen Batzorde honek.

  • Blanca Roncal: Eusko Legebiltzarreko PSE-EEko legebiltzarkide ohia, eta Arrasate eta Oñatiko zinegotzi ohia. Jazarpena sufritu zuen eta eskoltarekin bizi behar izan zuen.

  • Rafa Isasi: Bere anaia “Fontxo” 1990ean hil zen Pola de Sanabrian, dispertsioaren eraginez Arabatik kanpo espetxeratua zegoen lagun bati bisitatzera zihoala. Gainera, Rafa 1989an torturatua izan zen Guardia Zibilaren eskuetan.

Hauek dira gaur-gaurkoz ditugun konfirmazioak, baina oraindik zenbait kudeaketa martxan ditugula zehaztu nahi dugu. Saioaren bezperetan behin betiko egitarauren berri emango dugu.

Hortaz gain, munduan zehar egon diren adiskidetze prozesuetan biktimek egin dituzten ekarpenetatik ikasi nahi dugu. Hori dela eta, Alan McBride gonbidatu dugu saio honetara. McBride IRAren biktima da, eta Ipar Irlandan izandako indarkeria politikoaren biktimei babesa emateko sortutako WAVE TRAUMA CENTRE taldeko kidea da. 1991tik ari dira indarkeria politikoen biktimei babesa eta laguntza ematen. Eta orain dela urte batzuetatik, Ipar Irlandako gatazken garaietan zauritutako eta traumatizatutako umeekin eta nerabeekin lan egiten hasi ziren.

Azkenik, Kristian Herbolzheimerrek errelatore moduan parte hartuko du saioan. Herbolzheimer “Conciliation Resouces” Fundazioaren kidea da, indarkeria prebenitzeko, gatazkak konpontzeko eta elkarbizitza eta bakea sustatzeko erakundea, hain zuzen ere.

Hori dela eta, saio honen bidez fokua biktimen esperientzietan jarri nahi dugu. Giza eskubideen urraketa larriak pairatu dituzten pertsonak dira, baina era berean, pairatutako mina positibizatzen asmatu dute, eta aitortzaren eta elkarbizitza sozialen aldeko dinamiketan parte hartzen ari dira.

Gure ustez, elkarbizitzan aurrera urratsak egin ahal izateko funtsezko ekarpena egiten ari dira pertsona hauek. Urte luzez, besteren minaren aurrean beste aldera begiratu dugu, eta biktima bakoitza bere sufrimenduaren baitan murgildu da. Askotan, gainera, jendartean nagusitu diren isiltasunak eta axolagabekeriak sufrimendua areagotu dute. Eta beste batzuetan, biktima izaera bera ere ukatu izan zaie. Gaur egun, konponbidean aurrera egiteak esan nahi du biktimei entzutea, beraien ekarpena jasotzea eta beraiekin enpatia izatea.

Gatazkaren konponbide integrala, elkarbizitza, biktima guztien aitortza osoa eta behar duten erreparazioa: denak dira konplexutasun handia duten elementuak, eta horregatik heldu behar zaie behar diren saiakera guztietan.

Foro Sozial Iraunkorrak ez du bide hau bakarrik egin nahi. Erakunde publikoekin egin nahi dugu: udalekin, Eusko Legebiltzarreko Elkarbizitza eta Memoria Batzordearekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, hain zuzen ere. Zentzu honetan, Gasteizko alkatea den Gorka Urtaran jaunari gonbidatu diogu saioan parte har dezan.

Parte hartu nahi duten pertsonak, email bat idatzi behar dute, bere izen-abizenak zehaztuz, eta inskripzioak.forosoziala@gmail.com helbidera bidali.

Helbide honetan konferentzia osoaren bideoa aurkitu dezakezu