2019/07/02

Elkarbizitzaren aldeko biktimen deia Bartzelonatik

Bartzelonako Kazetarien Elkargoan gaur arratsaldean egindako saioan indarkeria mota desberdinetako lau biktimek hartu dute parte: Robert Manrique, Rosa Lluch, Axun Lasa eta Andoni Txasko. Lehenengo biak ETAren biktima kataluniarrak dira eta beste biak Estatuen indarkeriarenak. Saioaren moderatzailea Kristian Herbolzheimer izan da, ICIP-ren Zuzendaria (Institut Catalá Internacional per la Pau). ICIP da, hain zuzen, Foro Sozial Iraunkorrarekin elkarlanean, saioaren antolatzailea.

Elkarri entzuteko eta beste biktimen errealitatea ezagutzeko beharra azpimarratu dute hizlari guztiek. Era berean, euskal gatazkaren ondorioak gainditzeko eta elkarbizitzaren eraikuntzan saio hauek jokatzen duten papera goraipatu dute, saioak jendarteari irekitzea oso inportantea dela adieraziz. Biktima bakoitzak bere esperientzia azaldu eta egongo egoerari buruzko hausnarketak egin ditu.

Axun Lasaren hitzetan, “Glencreen zerbaiten kontra egoteari utzi nion, eta gauza askoren alde egoten hasi nintzen, horrek ez gaituelako inora eramaten. Besteari entzuteak mina sor dezake, baina azkenean lortzen duzu bestea ulertzea. Beste biktimekin egoteak asko betetzen nau”. Lasak adierazi du Bartzelonan igarotako egunetan entzuna sentitu dela eta horrek aurrera jarraitzeko, mina eta sufrimendua kudeatzen, indarra ematen diola.

Robert Manriquek, bere aldetik, adierazi du ETAren biktimaz gain beste asko daudela, “baita Estatuaren delituzko ekintzen biktimak ere, denok eskubide berdinen jabe dira baino ez dira aitortuak izaten”. Marinqueren ustetan, “xedea berriro ez gertatzea” da. Eta gaineratu du 2016an Kazetarien Elkargoan bertan euskal alderdi politikoen arteko mahai ingurua gidatu zuela, PP barne, eta ez duela ulertzen nola orain ezin den horrelakorik egin.

Andoni Txaskok 1976ko martxoaren 3an Gasteizen geratutakoa azaldu ondoren adierazi du “egun hauetan bizitakoak estereotipoak aldatu” dizkiola, “bere kasuistika pertsonaletik” atera dela, beste biktimengana hurbildu dela eta hori “askatzailea” izan dela, “Servini epailearen aurrean deklaratzea izan zen moduan”.

Azkenik, Rosa Lluchek oso positiboki baloratu du azken 24 orduotan biztutakoa: “indarkeria mota desberdinetako biktimak elkarrekin egon gara, atzo Parlamentean, gaur bazkari luze batean eta orain saio publiko honetan. Elkarri entzun diogu, ikusten dugu nola gure minen eta sufrimenduen artean antzekotasunak dauden”. Eta gaineratu du bera historialaria dela eta jakin badakiela “kontakizunak egiteko denbora asko” behar dela, “orain badirudi presaz gabiltzala, baina ezinezkoa da, datuak ateratzen joan behar da eta bukaeran kontakizun askoren kontakizun bat izango dugu”.

Publikoaren artean beste biktima asko egon dira: GRAPOren biktima bat, Rambletako ekintzako bat, eskuin muturreko bat eta Hiperkorreko beste lau biktima.

Bukaeran, Agus Hernánek (Foro Soziala) saio hauen garrantzia azpimarratu du, biktimen ekarpenak eskertu ditu, horrelako bizipen pertsonalak kontatzea ez delako batere erraza. Elkarbizitza demokratikorako saio hauen garrantzia eta biktimen konpromisoa oso baliotsua dela adierazi du. Hernanen hitzetan, “bake prozesuetan ez da ohikoa biktimek hain argi hitz egitea, eta une honetan itsasargia dira elkarbizitzaren eraikuntzan”.

Bartzelona, 2019ko uztailaren 2an