2022/07/05

«Egiaren Batzordea» jasandako kaltea aitortzeko tresna litzateke Estatuaren biktimentzat

Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaritza bat izango da bihar, asteazkenean, Bilbon, «Kolonbiako Egiaren Batzordearen azken Txostena» Europan aurkezteko jardunaldian.

Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaritza bat izango da bihar, asteazkenean, Bilbon, «Kolonbiako Egiaren Batzordearen azken Txostena» Europan aurkezteko jardunaldian.

Ez da kasualitatea Euskal Herria aukeratu izana txosten hau Europan aurkezteko. Izan ere, bi errealitateen arteko desberdintasunetatik abiatuta, ezaguna da Kolonbiako bake-prozesuak ikasgai garrantzitsuak utzi dizkigula gure bakea eraikitzeko prozesuan.

Gure ustez, orain arte, hiru ikaskuntza nagusi utzi dizkigu:

  • FARCeko gerrillariek zein Estatuak eragindako kaltea aitortzeko egindako keinu sinboliko indartsuak.

  • Justizia trantsizionala aplikatzeko ardura duen Bakerako Jurisdikzio Bereziaren (JEP) esparrua.

  • Egia bilatzea Egiaren Batzordearen tresnaren bidez.

ETAren biktimen elkarteek bide judizialen alde egindako aldarriak babes judizial eta poliziala badu ere, ez da horrelakorik gertatzen Estatuaren biktimen kasuan.

Gaur-gaurkoz, Estatuaren biktimentzat bide judiziala jada bide-itsua dela baieztatu behar dugu. Botere judizial eta polizialetan ez dago kasu hauek argitzeko borondaterik. Eta are larriagoa dena: ezta Estatuan eta Espainiako Gobernuan ere. Hori dela eta, Estatuaren biktimei egia ezagutzea baino ez zaie geratzen jasandako mina sendatu ahal izateko.

Euskal kasuan, eta datu ofizialen arabera, 364 dira Estatuak eragindako hildakoak bere adierazpen ezberdinen bidez (GAL, BVE, Triple A, hainbat polizia, tortura, etab). Horietatik %38 konpondu gabeko edo argitu gabeko kasuak dira. Kopuru horiei ehunka zauritu eta torturaren 4.113 biktima gehitu behar zaizkie.

Azken hilabeteetan aurrerapausoak eman dira esparru honetan. Joan den astean, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, 12/2016 Legearen Balorazio Batzordeak Estatuaren 46 biktima berri aitortu zituen. Horrela, 2021ean aitortutako 35 biktimak eta 107/2012 dekretutik eratorritako 187 biktimak kontuan hartuta, guztira 268 biktima aitortu dira.

Batzorde honek egindako lan zorrotza eskertzeko da. Izan ere, praktikan, Egiaren Batzordearen antzeko funtzioa betetzen ari da.

Hala ere, Legebiltzarraren aginduaren beraren eta Konstituzio Auzitegiak sartutako murrizketen ondorioz, Batzorde honek muga handiak ditu.

Horrek guztiak sekulako frustrazioa eragiten die Estatuaren biktimei. Izan ere, gaur egun jasaten duten diskriminazio-adierazpen basatienetakoaren aurrean gaude.

Gizarte gisa ezin dugu onartu biktimek egiarako duten eskubide legitimoaren ukazioa. Ezin dugu etsi horretan.

Indarkeria erabili zuten eragileek eragindako, eta inoiz argitu gabeko, ikertu gabeko edo ondorio penalik gabeko giza eskubideen urraketak argitu behar dira. Horretarako, espetxeratzearen alternatibak bilatu beharko lirateke, ezarritako nazioarteko parametroen barruan. Premiazkoa da eta bide horretan tresna guztiak beharrezkoak dira.

Posible al da Egiaren Batzordea euskal kasuan?

Eusko Legebiltzarreko bi alderdi politikoek erabili beharreko tresnatzat hartu duten arren, jakin badakigu euskal auzirako Egiaren Batzordearen proposamenak oraindik ez duela behar den adostasun instituzional edo politikorik biltzen.

Hala ere, Kolonbiako kasuan erakutsi bezala, Egiaren Batzordea elementu sendagarri bihurtu da biktimentzat, egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea bermatze aldera. Batez ere, justiziarik lortu ezin izango dutela jakinda egia bilatzen jarraitzen duten biktima horientzat Egiaren Batzordea jasandako mina aitortzeko tresna da.

Foro Sozial Iraunkorrak ulertzen du Egiaren Batzordea tresna interesgarria litzatekeela Estatuaren biktimek egia ezagutzeko egiten duten aldarriari erantzuteko.

Bere balizko ezarpenaren ardura duten eragile instituzional eta politiko ezberdinei eskatzen diegu Kolonbiako esperientzia ikuspegi ireki batetik azter dezatela. Aurrera egiten jarraitzeko aukera emango diguten ikaskuntzak ateratzeko eskatzen diegu, helburu bakar batekin: biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubideari erantzuteko, eta gertatutakoa berriro ez errepikatzeko oinarriak finkatzeko.