2021/11/03

"Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko kompromiso soziala"-ren ondorioak aurkeztuko ditu Foro Sozialak larunbatean

Prentsaurrekoa eskaini du Foro Sozialak gaur, larunbatean Artiumen "Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko kompromiso soziala"-ren ondorioak azaltzeko. Lorena Ramos, Eneko Calle eta Mikel Casadok hartu dute hitza.

Eneko Calleren interbentzioa

Foro Sozial Iraunkorrak amaitutzat emango du azken urte honetan, pandemiak ezarritako zailtasun guztien gainetik,  garatu duen “Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala” prozesua, 2021eko azaroaren 6an, larunbatean, Gasteizko Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoaren auditoriumean goizeko 10etatik aurrera antolatuko dugun ekitaldian.

Prozesuaren helburu nagusia argia izan da: bizikidetza demokratikoa eraikitzeak dakartzan erronkei buruz euskal gizartearekin batera hausnartzea. Hau da, bizikidetza eraikitzeak dakarren konplexutasuna eta planteatzen dituen erronkak ikusarazten eta esplizitatzen saiatu gara, askotariko gogoetak eta ekarpenak bilduz eta uste dugu Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko prozesua sendotzeko unea heldu dela.
Urtebete luzatu den prozesuaren baitan, Foro Sozialaren webgunearen bidez edo erreferentzialak diren pertsonei eskatuta, idatzizko 35 ekarpen baino gehiago jaso  eta argitaratu ditugu Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat komunikabidetan. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu Vocento, Noticias, Gara eta Berria prentsa idatziko taldeei artikulu hauek argitaratzeagatik. Halaber, 20 bilera inguru egin dira gizarte zibileko hainbat erakunderekin, bizikidetza demokratikoaren inguruan beren ekarpenak eta hausnarketak jasotzeko. Horrez gain, zazpi solasaldi tematiko ere antolatu ditugu, "Bizikidetza lantzen" izenburupean. Hauetan parte hartu dute hainbat eremutako adituek eta arituek: gazte mugimendua, kultura, LGTB kolektiboaren defentsan jarduten duten eragile sozialak, eliza munduko pertsonak, kazetariak, gizarte mugimenduetako ekintzaileak...

Lorena Ramosen hitzak

Ekarpen horiek guztiak osorik jaso dira datorren larunbatean aurkeztuko den “prozesuaren liburua” deitu diogun dokumentuan. Bertan, gainera, Foro Sozial Iraunkorrak bizikidetza demokratikoaren eraikuntza partekatu bat posible izan dadin prozesutik ondorioztatu dituen ikaskuntzak, ondorioak, gomendioak eta konpromisoak zein diren jasotzen dira. Gizarteak eta erakundeek haren edukia kontuan hartzea nahi eta espero dugu.
Horrez guztiaz gain, aurkezpen jardunaldian, 1994tik 1998ra bitartean Kolonbiako presidente izan zen Ernesto Samperrek ere parte hartuko du. Kolonbiako kasuan bizikidetza eraikitzeak dakartzan erronkei buruz hitz egingo du, betiere Euskal Herrian bakea eraikitzeko prozesuan aplikatzeko interesgarriak izan daitezkeen esperientziak zein diren azaltzeko.

Beraz, prozesua abian jarri zenetik urtebete igarota, eta informazioa bilduta eta prozesatuta, ziurta dezakegu “Konpromiso sozialaren” prozesuak lagundu digula bakearen eraikuntzaren logika hegemoniko, bertikal eta heteropatriarkalak eraldatzen. Foro Sozial Iraunkorra ezagutzen bazuten ere, haren dinamikan parte hartu ez zuten mugimendu eta eragile sozialengana hurbiltzeko aukera eman digu, behetik gorako bizikidetza sendotzea bultzatzen duten ekimenak aktibatuz.

Era berean, bizikidetza demokratikoaren  eraikuntzaren erronkak identifikatzeak agerian utzi du gizarte-kohesioa indartzeko dinamikak eta proposamenak osatzen dituzten subjektuen eta agenden aniztasuna, hala nola, bizikidetza sendotzea helburu dutenak, justizia sozialaren, feminismoaren, sexu-aniztasunaren, integrazio kulturalaren, ekologismoaren edo indarkeriarik ezaren defentsaren ikuspegitik dihardutenak, etab.
Gaur inoiz baino gehiago jabetzen gara bizikidetza demokratikoa eraikitzeko prozesua zaila dela. Guztion ongia bilatzeko borondatea, elkarrizketa, ahalegin kolektiboa, pazientzia, belaunaldien arteko konpromisoa, politika publiko iraunkorrak eta aniztasunaren onarpena eskatzen ditu.
Prozesuak erakutsi digu, halaber, bizikidetza demokratikoaren eraikuntza amaierarik gabeko ariketa dela. Gizakiok elkarrekin bizi garen testuinguru politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalek baldintzatzen dute esperientzia, baina baita iradokitzen ere, eta, horregatik, gizarteko hainbat sektoretatik etengabe elikatzeko ariketa bat eskatzen du. Eta, horretarako, sormenezkoak eta berritzaileak izan behar dugu eztabaidarako esparru eta ikuspegi berriak sortzeko, adostasunak ekarriko dituzten eta horizonte berrietarantz aurrera egitea ahalbidetuko duten kontzeptu berriak erabiliz.
Foro Sozial Iraunkorretik, Aieteko Nazioarteko Konferentziatik eta ETAren su-eten iraunkorretik 10 urte igaro direnean, ziur gaude iritsi dela garaia eztabaida politiko amorratua, kontakizunaren bataila deiturikoaren ingurukoa, konfrontazioaren egungo espaziotik eztabaida esparru lasai eta eraikitzailera eramateko. Garatu dugun prozesu honen berehalako erronketako bat da, bizi dugun une politikoari dagokionez argi eta garbi ikusi duguna. Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko prozesua sendotzeko unea da.
Uste dugu Aieteren inguruan garatutako guztiak, jasotako ekarpen ugariek eta horiek izan duten harrera positiboak, kontakizunaren bataila deiturikoan eszenatoki berri bat sortzeko balio izan duela. Orain, eszenatoki hori sendotu egin behar da ekarpen berriekin, eragileen iraganaren inguruko ekarpen eta irakurketa kritikoekin.

Azken urteotan gure herrian bakea eraikitzeko garatu den prozesuak, irudimenez eta eragile sozial eta politiko askoren ahaleginari esker, indarkeria-zikloaren ondorioen zati bat konpondu du. Hala ere, bizikidetza demokratikoa eraikitzeko gure prozesuak agerian uzten du oraindik ere elkarrizketa beharrezkoa dela, hainbeste behar dugun hitzaren kultura hori, hain zuzen ere. Bakea eraikitzeko prozesua egunero ureztatu behar da.

Azken batean, erantzukizun indibidual eta kolektibotik, aliantzak sortzetik eta agenda eta subjektu anitzen konbergentziatik, mikro-akordio aldeanitzen espazioak sendotuz, bakea eta bizikidetza demokratikoa atzeraezinak izatea lortuko dugu. Garatutako prozesuaren ondorioek horretara garamatzate.