2019/10/24

Altsasuko auziaren epaiak Nafarroako elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan izango duen eraginarengatik bere kezka adierazi nahi du Foro Sozialak

Auzitegi Gorenak Altsasuko zortzi gazteen aurkako zigorrak berretsi izanagatik bere kezka eta egonezina adierazi nahi du ‘Foro Sozial Iraunkorra Nafarroan’ lantaldeak.

Foro Sozial Iraunkorra Nafarroan lantaldeak auzi honi buruzko bere iritzia eman zuen 2016ko urriaren 4an, Nafarroako Parlamentuan antolatu genuen indarkeria mota desberdinetako biktimen arteko saio batean.

Orduan, gertatutakoa gaitzetsi eta gau hartako borrokaldia hartzen ari zen dimentsioengatik gure kezka azaldu genuen, Iruñeko epaitegi arruntean epaitu behar zela adieraziz.

Hortik aurrera, Foro Sozialak Altsasu auziari buruzko iritzia ematea saihestu egin zuen. Luze hausnartutako jarrera izan zen hau, gure lan eremua indarkeria ziklo luzearen ondorioen konponbidea baita, eta 2019ko urriaren 15ean geratutakoak ziklo horrekin ez zuela zerikusirik uste genuen.

Uztailean, berriz, Altsasuko gazteen gurasoekin batera egindako agerraldi batean, Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorrak neurrigabeak zirela adierazi genuen. Hori zela eta, zuhurtasuna nagusituko zela eta gertaerok behar den lasaitasun eta proportzionaltasunarekin Auzitegi Gorenean epaituak izango zirela uste genuen.

Foro Sozialaren lana ez da beste aktoreen iritziak baloratzea edota epai judizialen aurrean jarrera hartzea, baina argi dago uztailean adierazitako nahiak errealitate egoskorraren aurka egin duela talka. Honen harira, epaiak Nafarroan eraikitzen ari den elkarbizitza demokratikoan izango duen eraginari buruzko irakurketa egingo dugula argitu nahi dugu.

‘Foro Sozial Iraunkorra Nafarroan’ lantaldearen balorazioa:

  1. Nafarroan hasi berri den legealdia aukeraz beterik dator. Foro Sozial Iraunkorrak adierazi duen moduan: “elkarbizitza demokratikoaren eraikuntza ahalbidetuko duen legealdian gaude”.

  2. Epai hau sekulako frustrazioa eragiten ari da Nafarroako jendartearen sektore zabaletan, batez ere gazteen artean.

  3. Frustrazio honek arriskuan jartzen du alderdien, sindikatuen, jendarte zibilaren eta Nafarroako Gobernuaren artean eraikitzen ari garen errail zentralaren lana. Guztion artean egiten ari garen lan honek indarkeria zikloaren ondorioen konponbidea du helburu, elkarbizitza demokratikoan oinarritutako etorkizun bat indartze aldera, betiere indarkeria mota guztietako biktimekiko eta partekatutako memoriarekiko begirunez.

  4. Honen aurrean, ezin gara etsipenean erori eta ez dugu etsiko. Ikuspegi luze batekin egindako hausnarketek baldintzak egon badaudela adierazten digute. Egoerak eskatzen duen mailan jardun behar dugu denok, eta baldintza horiek baliatu. Politika hauek guztiak indartzeko eta azkartzeko garaia da, bai erakundeen aldetik, bai jendarte zibilaren aldetik.

Eta baieztapen hau egiten dugu jakinda gatazka ukatzen duen pisu handiko sektore bat egon badagoela Nafarroan. Baina, hala eta guztiz ere, epai honek gazteentzat eta bere senideentzat suposatzen duena aintzat hartuta, oso argi dugu Nafarroako jendartearen gehiengoak, alderdi politiko gehienek eta sindikatu guztiek elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna nahi dutela. Atzera begiratuko duen etorkizuna, bakea eta giza eskubideen kultura batean gainean eraikiko dena. Hori da etorkizuna duen alternatiba bakarra; bestea iraganean ainguratzea izango litzateke.