2022/08/16

Memorialak berriro ere GAL eta BVE taldeen biktimen birbiktimizazio larria eragin du

Pasa den abuztuaren 2an Melitón Manzanasen kasuan egin zuen bezala, Clément Perreten kasuan ere Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak beste aukera bat galdu du Estatuaren biktimak ez birbiktimizatzeko. Izan ere, atzo, ETAk Perret hil zueneko 37. urteurrenaren bezperan, sare sozialetan argitaratutako mezuan Memorialak ez du aipatu Giza Eskubideen urraketan izan zuen erantzukizuna, zehazki gerra zikinean.

Horrela, Memorialak berriro ere GAL eta BVE taldeen biktimak birbiktimizatu egin ditu. Tamalez, Memorialaren Zuzendaritzak enpatia falta erakutsi du horrelako gai garrantzitsu batean, non biktimekiko errespetuak lehentasuna izan behar duen; egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidearekiko errespetua.

Sinetsita gaude horrelako jarrerak ez zirela inoiz onartuko ETAren biktimak birbiktimizatu izan balira. Eta horrela izan behar du.

Orduan, zergatik onartzen da Estatuaren biktimekin egitea, kasu honetan GAL eta BVE taldeen biktimekin edo, Manzanasen kasuan, torturaren biktimekin?

Erantzunik ez erakundeen aldetik

Gogora dezagun Foro Sozial Iraunkorrak, joan den ekainaren 26an, Florencio Domínguez Iribarren Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroko zuzendariari zuzendu zion atxikitako gutuna, bigarren urtez jarraian Estatuaren biktimen birbiktimizazio larria saihesteko asmoz.

Gutunak ez zuen erantzunik izan, eta Meliton Manzanasen kasuan ETAren biktima izan zela gogoratu zen, Gobernu frankistan giza eskubideen urraketan izandako erantzukizunak albo batera utziz. Orain, gauza bera egin dute Perreten kasuan.

Halaber, Foro Sozialak antzeko gutunak bidali zitzaizkien Euskal zein Nafar erakundeek Memorial-Zentro honen Patronatuan dituzten ordezkariei, duela urtebete sortutako egoeraren aurrean babesa eskatuz.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko sailburu Beatriz Artolazabal eta Ana Ollo andreei, Gasteizko alkate Gorka Urtaran jaunari, Eusko Jaurlaritzako sailburuorde José Antonio Rodríguez Ranz jaunari eta Martín Zabalza Arregi Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiari bidali zitzaizkien gutunak.

Oraingoz Foro Sozial Iraunkorrak ez du erantzunik jaso.