2019/09/11

Salbuespeneko espetxe politika gainditzeko dinamikak berreskuratzeko eskatu dio Foro Sozialak Espainiako Gobernuari

11/13 sumarioko 47 lagunei elkartasuna adierazteko larunbatean egingo den manifestazioan parte hartuko du Foro Sozialaren ordezkaritza batek

Euskal gehiengo sozial, politiko eta instituzionala eskatzen ari den espetxe politikaren normalizazioan Espainiako Gobernuaren osaketaren atzerapenak ekarri duen geldialdiagatik bere kezka azaldu nahi du Foro Sozial Iraunkorrak.

Preso baten azken hurbilpena pasa den uztailaren 4ean izan zen, orain dela bi hilabete baino gehiago, Ekaitz Samaniego Murtziatik Burgosera hurbildu zutenean. Hortik aurrera, Estatu espainolean ez da beste mugimendurik egin.

Pedro Sanchez Presidentea denetik egon diren aldaketen aurrean Foro Sozialaren jarrera ezaguna da. Izan ere, Pedro Sanchezen agendan presoen auzia hirugarren puntuan sartu izana positiboki baloratu genuen bere garaian. Gobernuaren egoera ezegonkorra dela kontuan hartuta, gutxiengoan eta legealdia motza izango delakoan, salbuespeneko espetxe politika gainditzeko lehen pausuak eman direla uste dugu.

Hala ere, dagoeneko 14 hilabete igaro dira Pedro Sanchez Presidentea denetik eta emandako pausuak txikiak izan dira eta, gainera, hurbilpenak ez dira euskal kartzeletara izan. Eta gehien kezkatzen gaituena: frustrazioa eragin dute, eszeptizismoa areagotu dute eta urrunketa pairatzen ari diren presoen senide eta lagunak pairatzen ari diren saminari sufrimendu berria gehitu zaio.

Madrilen gobernua osatzea nahi dugu, lehenik, sortutako egoera finkatzeko; bigarrenik, hasita dauden politikak azkartzeko (graduen eboluzioa, espetxe-baimenak, bakarrik dauden emakume gehiagorik ez, gaixo dauden presoak...) eta, hirugarrenik, beharrezkoa den eztabaida bati ekiteko: hirugarren gradua eskuratu ahal izateko presoek espetxeetan egin behar duten ibilbideari buruzko eztabaida.

Horretarako, eztabaidagune berriak sortzen eta aliantza berriak eraikitzen jardungo gara datozen hilabetetan.

Madrilgo Gobernuaren osaketaren zain, Foro Sozialak zera proposatzen dio Gobernuari: presoen hurbilpen dinamika berreskuratzea, lehenengo graduan dauden presoen egoerarekin amaitzea eta moduluetan eta kartzeletan bakarrik dauden emakumeen egoera konpontzea. Erabaki administratibo hutsak dira, eta egungo exekutiboaren eskumena da ezartzea.

11/13 sumarioa

Beste aldetik, 11/13 sumarioan auziperatuta dauden 47 lagunei elkartasuna adierazteko datorren larunbatean, hilak 14, antolatu den manifestazioan Foro Sozial Iraunkorraren ordezkaritza batek parte hartuko duela iragarri nahi dugu.

Epaiketari begira egin diren akusazio eta zigor eskaerek atzera begira jartzen gaituzte berriz ere. Iraganeko kontua izan beharko liratekeen epaiketek, tamalez, gaurkotasun osoa dute.

Gure parte-hartzearen bidez, oraindik oso hauskorra den elkarbizitza demokratikoaren eraikitze prozesuan zigor hauek izango luketen eragin negatiboarengatik gure kezka adierazi nahi dugu. Eta zehatzago, ohar honetan aipatutako helburuak lortzeko izango lukeen eraginagatik.