2018/02/16

Preso edo ihesi dauden pertsonak etxera bueltatu daitezen ibilbide orri bat eraikiz

Pasa den urtarrilaren 3an Bilbon egindako agerraldi batean iragarri genuen bezala, 2017ari begira Foro Sozial Iraunkorrak hainbat gai jorratzeko asmoa du eta, horien artean, «arrazoi politikoengatik ihes egin edo preso dauden pertsonen itzulera erraztea» bilatzen duena.

Ulertzen dugunaren arabera, 2017a erabakitzailea izan behar du arazo hau bideratzeko orduan. Hain zuzen ere, espetxe politika funtsezko atala da “blokeo anitzak” deitu izan duguna azaltzerakoan. Blokeo hauek ezinezkoa egiten dute aurrera egitea gatazkaren ondorioen konponbide integralari dagokionean.

Une honetan 350 pertsona baino gehiago daude preso. Egungo legediaren arabera, eta bereziki 7/2033 legearen ondorioz, abokatuek pentsatzen dute azken presoa 2054an aterako litzatekeela, alegia, 37 urte barru.

Gaurkoan beraz, hemen bildu zaituztegu IV. Foro Soziala aurkezteko, zeina martxoaren 10an egingo den, Ibaetako Kanpusean, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean.

Nahiz eta aurrekoan iragarri genizuen Foro Sozialak bigarren parte bat izango zuela Hendaian, martxoaren 11n, larunbatean, azkenean erabaki dugu udazkenera arte atzeratzea. Frantziako hurrengo hauteskunde presidentzialak direla eta sor daitekeen testuinguruak zuhurrak izatea eskatzen digu.

Bestalde, Bilbon iragarri genuen metodologia parte hartzailea jorratuko genuela. Ordudanik bilerak mantendu izan ditugu EAEko sindikatu guztiekin; hainbat jurista eta unibertsitate ezberdinetako eskubide irakasleekin; Sare, Etxerat, Bagoaz elkarteekin; eta Kalera Kalera eta Ireki iniziatibekin. Hauezaz gain, ekarpenak eskatu dizkiegu iheslari eta presoen kolektiboei.

Hain zuzen ere, IV. Foro Sozialak, hausnarketa hauek guztiak jasotzeaz gain, sakondu egingo du eremu honetan , 2014ko ekainean Bilbo eta Iruñean egin zen II. Foro Sozialetik gaurdaino egindako ekarpenak kontuan hartuta.

Zehazki, EAEko Eusko Jaurlaritzaren preso politikoen birgizarteratzeari buruzko Plana: 2014ko iraileko Hitzeman programa eta 2014ko azaroko Zuzen Bidea proposamena.

Iheslari eta presoen kolektiboen ekarpenak, Foro Sozialetik egindako lau gomendioei erantzunez.

2013ko urriko Europako Giza Eskubideen Tribunalaren erresoluzioa, “Parot Doktrina” gisa ezagutua izan dena eta Espainiako Epaitegi Gorenaren 2015eko erabakia, Epaitegi Konstituzionalak urrian berretsi zuena, Europar Batasunean betetako zigorrak ez kontabilizatzearen aldekoa.

Baionako 2014ko urriaren 24ko Adierazpena, non korronte politiko guztietako ordezkari seinalatuek ibilbide orri bat diseinatzen duten Estatu frantziarrari begira.

Iruñea eta Gasteizko Gobernuen programak, eta orain berriki, pasa den abenduaren 26an, EPPK-k eztabaidarako publiko egindako dokumentua.

Bi izango dira mahai inguruak:

Lehena, “Legediaren erradiografia eta salbuespen neurriak” izenburupean, Iñigo Iruin abokatua, EHUko irakaslea den Laura Pego eta Arartekoaren ordezkaritzaren izenean Rafa Sainz de Rozaren parte hartzeaz.

Bigarrena, “aktore guztien artean adostutako ibilbide orrirantz” izenburupean, Joseba Azkarraga kontseilari ohia, Jule Goikoetxea EHUko soziologoa, Xantiana Cachenaut Estatu frantziarrean preso daudenen abokatua. EPPKri bere gogoetak eskatu dizkiogu.

Bigarren mahai honek laburbiltzen du Foro Sozial Iraunkorraren izpiritua zein den bigarren ardatz honekin lanean hasi ginenetik: ibilbide orri bat eraikitzea preso edo ihesi dauden pertsonak etxera bueltatu daitezen, Euskal Herrian burutuko litzatekeen zeharkako akordio biltzaile baten arabera.

Eta ibilbide orri honetako edukiak Nafarroa, Iparraldea eta EAEko Gobernuen nahiz preso edo ihesean dauden pertsonen eta gizarte zibilaren artean osatu beharko dira.

Urtebetez ETAren armagabetze ordenatu eta adostuaren aldeko ardatza landu ostean, orain, Foro Sozial Iraunkorrak bere borondatea agertu nahi du pertsona hauen guztien etxerako itzulera bultzatzeko.

Ardatz honetan ere, blokeo egoera gainditzeko beharra dugu. Eta horretarako baldintzak badaudela baieztatu nahi dugu.

Nahiz eta espainiar zein frantziar Estatuen jarrera ez den aldatu, Euskal Herrian, urteetan marraztutako bideari jarraipena eman behar dion ibilbide orria definitzeko aukera berri bat sortzen ari dela ikusten hasi gara. Premisa gisa akordio zabal bat hartuta, egungo egoera gainditzeko indarra eta borondatea badaudela ulertzen dugu.

Euskal jendarteak horrela eskatzen du gehiengo batez.