2020/09/25

Nafarroan bizikidetzaren errail zentrala elikatzen jarraitzeko bi ekimen antolatu ditu Foro Sozialak

Foro Sozial Iraunkorra Nafarroan taldeak prentsaurrekoa egin du gaur Iruñean, hurrengo egunetarako egingo ditugun bi ekimenen berri emateko: bata, indarkeria mota desberdinetako biktimen arteko topaketa
berri bat eta, bestea, bizikidetzaren inguruko mahai inguru bat, Daniel Innerarity, Helena Taberna eta Jorge Urdanoz-ekin.

Terexa Fagoaga (euskaraz) eta Txemi Perezen (gaztelaniaz) hitzartzeak

 

Egun on,

Aldez aurretik, eskerrak eman nahi dizkizuegu prentsaurreko honetan parte hartzeagatik.

“Bizikidetza demokratikoaren eraikuntza Nafarroan. Aukerak eta zailtasunak” izeneko "Hitzorduak" jardunaldien hirugarren edizioa aurkeztu nahi dizuegu.

Jardunaldi ziklo honek, erreferentziazko pertsonen parte hartzearen bidez, bizikidetzaren errail zentrala elikatu nahi du irabazleen eta galtzaileen logiketan ainguratuta dauden sektoreen aurrean; izan ere, horietako sektore batzuk oso boteretsuak direla.

Bizikidetza demokratikoaz ari gara. Gure ustez, gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak ezartzeko, funtsezkoa da herritar guztiek eskubide guztiak bermatuta izatea. Gizarte orotan, bere legeetan eta gizarte osoaren aldetik onartzeko moduko lehentasunezko zentzu bat badago, hori giza eskubideen, eskubide zibilen eta sozialen urraketak eragindako sufrimendua saihestearen aldeko akordioa da. Hori horrela izanik, bizikidetza da gizarte orok lortu beharko lukeen lehentasun politikoa, hau da, pertsona guztien eskubide guztiak errespetatzea eta desadostasuna gainditzeko elkarrizketa erabiltzea.

Jardunaldi hauek testuinguru interesgarri batean antolatuko ditugu.

Nafarroako Gobernuak legealdi honetarako helburu garrantzitsu bat ezarri du Nafarroako I. Bizikidetza Plan Estrategikoa adosteko prozesu parte-hartzailearekin.

Modu berean, Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak 2019ko uztailean, hemen bertan, adierazi zuen legealdi honek "Nafarroan bizikidetza demokratikoa eraikitzeko beharrezko baldintzak betetzen” zituela.

Irailaren 2an, Legebiltzarrean egindako agerraldi batean "Bizikidetzaren Liburu Irekia"ri ekarpen kualitatibo bat aurkeztu genuen. Era berean, Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzari adierazi diogu gure ekarpena interesgarritzat jotzen den mahai tematiko guztietan parte hartzeko prest gaudela.

Gure ustez, plan honen arrakasta aktore guztiak kontuan hartzean datza, iritzi guztiak eta kontakizun guztiak jasotzean. Ezin da kontakizunik kanpoan geratu. Ildo horretan, azkenean talde parlamentarioen mahaian talde guztiak ordezkatuta egotea espero dugu.

Gaur formalki eskatu nahi diegu talde parlamentario guztiei aukera honetaz balia daitezela elkarrizketa-eszenatoki berri hau elkarrekin eraikitzeko, Nafarroako gizarte zibilarekin batera, gehiengo handi batek arazoak konpontzeko tresna bakar gisa elkarrizketaren alde egiten duelako.

Funtsezkoa da legegintzaldi honetan urrats sendoak ematea bizikidetza demokratikoa eraikitzeko behar diren, eta bake eta giza eskubideen kulturaren gainean eraikita egongo diren, oinarriak ezartzeko. Era berean, legegintzaldi honetan adostasun politiko berriak behar direla uste dugu.

Gaur, irailaren 2an talde parlamentarioei egin genien deia berretsi nahi dugu, iparra galdu ez dezaten eta iraganean ainguratuta jarraitu nahi duten posizio horiengandik eramaten ez uzteko.

2016an jaio ginenean, inork ez zigun esan bide erraza izanen zenik. Ezin dugu politikaren esku bakarrik utzi bakean bizitzeko beharra.

Foro Sozialak beti aldarrikatu du gizarte zibilaren zeregin aktiboa. Askotan, gizarte zibilak erakutsi du irtenbide berritzaileak bilatzeko gaitasuna duela. Konponbide agendan azken urteetan gizarte zibilaren eskutik egindako urratsak dira horren adibide.

Gizarte zibila gai honetan ere motorra izatea nahi dugu, eta horixe da, hain zuzen ere, jarraian aurkeztuko dizuegun bi jardunaldien helburua. Konpontzeke dauden hiru korapilo handiak askatze prozesuari ekarpena egin nahi diogu: biktima guztien eskubideak eta haien arteko diskriminazioak gainditzea; presoen auzia konpontzea espetxe-araudia normalizatua aplikatuz eta memoria kritiko inklusiboa eraikitzea.

Orain, bi jardunaldiak aurkeztuko dizkizuegu
 

Lehen mahai-ingurua

Irailaren 29an, asteartea, 18: 30etan Baluarteko Gola aretoan.

Parte-hartzaileak:

Daniel Innerarity: Filosofia Politiko eta Sozialeko katedraduna, Ikerbasque ikertzailea Eukal Herriko Unibertsitatean eta Gobernantza Demokratikoaren Institutuko zuzendaria. Lanaldi partzialeko irakaslea da Florentziako Europako Unibertsitate Institutuan eta Kulturaren Vianako Printzea saria jaso zuen 2013an.

Helena Taberna: zinemagile honen "Yoyes" opera prima, euskal gatazkari buruzko filma, 2000. urtean estreinatu zen. Bere filmek zirrara eragiten dute, ikusleen konplizitatea eta hausnarketarako beharra sortuz, guztiek baitute komunean zuzendariak indarkeriaren ondorioengatik duen kezka.

Jorge Urdanoz: Zuzenbidearen Filosofiako irakaslea Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Zientzia Politiken eta Politika Ideien Historiako irakaslea UNEDen. Hauteskunde sistemetan eta ordezkaritza politikoan, Maioriaren Printzipioan eta Demokraziaren Teorian aditua da.

Moderatzailea: Trini Díaz, kazetaria.

Bigarren mahai-ingurua

ETA eta Estatuaren biktimen arteko topaketa.

Osteguna, urriak 8, 18: 30ean

Nafarroako Parlamentuko Mahaiari baimena eskatu diogu, aurreko urteetan bezala, Parlamentuko hemizikloan egin ahal izateko.

Parte hartuko dute:

ETAren biktimak

Maria Jauregi. Bere aita ETAren atentatu baten ondorioz hil zen. Tolosa

Naiara Zamarreño. Bere aita ETAren atentatu baten ondorioz hil zen. Errenteria

Estatuaren biktimak

Belen Zabala. Bere anaia Guardia Zibilak hil zuen. Hondarribia

Olatz Etxabe. Bere aita Triple A-k hil zuen.

Moderatzailea: Fernando Rey
 

Iaz bezala, bi jardunaldietako ekarpenekin dokumentu bat egingo dugu, eta Nafarroako Gobernuari eta parlamentariei helaraziko diegu, bai eta Nafarroan gai horretan lan egiten ari diren beste eragileei ere.