Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak, bere partaide den ‘Herri Eliza’ Nafarroako oinarriko kristau-elkartearen eskutik, 2021-2022 ikasturterako lan-ardatz berri bat finkatu du: “Bizikidetza landuz: Ebanjeliotik bizikidetza-bideak aztertu”.
Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak, bere partaide den ‘Herri Eliza’ Nafarroako oinarriko kristau-elkartearen eskutik, 2021-2022 ikasturterako lan-ardatz berri bat finkatu du: “Bizikidetza landuz: Ebanjeliotik bizikidetza-bideak aztertu”.
Lan ardatz honen jatorria 2021ko martxoaren 9an Iruñeko Tres Reyes hotelean antolatutako mahai-ingurua da. Bertan, osasun larrialdi egoeraren erdian, 40 pertsona elkartu ziren, gehienak oinarriko kristau-elkarteen ordezkariak eta, beste batzuk, norberaren izenean. Gogoratuko denez, ekimen hura “Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso sozialaren” lanketaren barruan egin zen, “Elizaren esparruan konpromisoak hartuz” izenburupean.
Bilera hartatik bizikidetzaren gaia Nafarroako eliza katolikoan baitan lantzeko interesa sortu zen. Izan ere, ordura arte, esparru hau gai hauetatik kanpo zegoen erabat.
Lan ildo hau oinarriko komunitateei, erlijio-ordenei, parrokietako taldeei eta norbanakoei zuzenduko zaie.
Foro Sozial Iraunkorrak, sortu zenetik, gogoeta publiko eta diskretuak bultzatu ditu, hainbat eragile eta pertsona bakarka hartuta: sindikatuak, ekonomia sozialean lan egiten duten erakundeak, biktimak, GKEak, alderdi politikoak, Parlamentua, etab. Eta tartean, Eliza.
Ildo berri honen lehen ekimena bihar eginen da, urriaren 26an, Iruñean, 19:00etan, Kaputxinoen lokaletan. Dagoeneko beteta dago edukiera.
Bertan, “Zintzotasunez aitortu” lemapean mahai-ingurua egingo da. Parte-hartzaileak: Alicia Martinicorena, oinarriko kristau-elkarteak; Miguel Ángel Cabodevilla, kaputxinoen ordezkaria; eta Cecilia Martínez, Comunidades de Vida Cristiana elkartekoa (CVX-Jesuitak). Moderatzailea: Alberto Lafarga, San Francisco de Asís parrokiakoa.
Mahai inguru honetatik aurrera, lana taldeka hasiko da, eta nahi duenak bere izenean ere parte hartu ahal izango du. Ikasturte honetan hiru mugarri finkatu ditugu:
1.- Lehena, “Zintzotasunez aitortu”. Biharko mahai ingurua.
2.- Bigarrena, “Interpretatu”. Otsailaren 22an mahai-ingurua egingo da.
3.- Hirugarrena, “Aukeratu”. Apirilean hasi eta ekainaren 4an amaituko da, Zamartzen. Ikasturte osoko lanaren ondorioak bilduko dira eta, Mendekoste eguneko gaubeilan, landutako guztia bilduko duen dokumentua egingo da, gizarteari itzultzeko.