Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren behartutako desagertzeen 39. urteurrena dela eta, bi gomendio berri egin ditu Foro Sozial Iraunkorrak
1983ko urriaren 15ean, José Ignacio Lasa eta José Antonio Lasa gazteak bahitu zituzten Baionan, GALen lehen ekintzan. Beraz, 2023an, behartutako desagertze hauen 40. urteurrena beteko da.
Aurten, 39. urteurrena betetzean, Foro Sozial Iraunkorrak zera gogorarazi nahi du:
Euskal kasuan, 14 behartutako desagertze dokumentatu dira, horietatik zazpi argitu gabe daude oraindik, eta, beste zazpi kasuetatik, luzeenak Joxean Lasa eta Joxi Zabalarenak izan dira, 11 urte eta erdi desagertuak izan zirenak gorpuzkiak Alacanten identifikatu zituzten arte.
Lasa eta Zabalaren kasuan, giza eskubideen urraketa guztiak biltzen dira: bahiketa, tortura, hilketa, behartutako desagerpena, ehunka kilometrora kare bizian ezkutatzea, biktima gisa ez aitortzea eta familiak diskriminatzea, eta, gainera, poliziek familien duelua ez errespetatzea beren gorpuzkiak jasotzean.
Lasa eta Zabalaren kasuan, giza eskubideen urraketa bereziki larria da egileak funtzionario publikoak direlako. Zuzenbidezko estatu demokratiko batean funtzionario publikoak baitira, teorian, legea betearazteaz eta herritarren eskubideak zaintzeaz arduratzen direnak.
Familien determinazioari esker eta abokatuek eta gizarte zibilak egindako lanari esker lortu zen, azkenean, familiek gorpuzkoak lurperatu ahal izatea Tolosan. Hori bai, ezin da ahaztu, inola ere, hilerrian Ertzaintzaren kargak jasan behar izan zituztela gorpuzkiak lurperatzen saiatu zirenean.
Bestalde, Foro Sozial Iraunkorra azken hilabeteotan baieztatzen ari den bezala, aurrerapausoak ematen ari dira Estatuaren biktimen egia, justizia eta erreparaziorako eskubidearen bermean, zalantzarik gabe. Hala ere, asko dago egiteko oraindik ere Estatuaren biktimek pairatzen duten tratamendu asimetrikoa gainditzeko.
Zentzu honetan, erreparaziorako bidean, torturatuei buruzko IVACen txostenak eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako legeak tresna egokiak dira etapa honetarako. Hala, 2023an, 300 biktima baino gehiago izango dira aitortuak EAEn, bai 2012ko dekretuaren bidez, bai 12/2016 Legearen bidez.
Instituzioek egiten dituzten erreparazio ekintzak funtsezko tresna pedagogikoa dira beharrezko «erreseteoa» egiteko gizarte gisa, helburu batekin: ETAren eta Estatuaren biktimak berdin babestea, dagoen diskriminazioa gaindituz.
12/2016 Legearen Balorazio Batzordeak berak joan den ekainaren 29an nabarmendu zuen, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian aurkeztutako sei gomendioren artean, biktimen erreparaziorako ekitaldi instituzionalen beharra.
Alde horretatik, Foro Sozial Iraunkorrak uste du, bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan aurrera egiten jarraitzeko, Lasa-Zabala auziaren 40. urteurrena agenda instituzionalean txertatu behar dela, alde batetik, biktimen kategorizazioa gainditzen lagunduko duen urrats berri gisa, eta, bestetik, biktima horien eta haien senideen erreparaziorako.
Lasa-Zabala kasuaren 40. urteurrena dela eta, funtsezko bi urrats eman behar dira:
Espainiako Gobernuak, eta bereziki Gobernuko Presidenteak, Estatuko aparatuek eragindako kaltea aitortu beharko luke, hala nola gerra zikina eta torturak.
Balorazio Batzordearen gomendioen ildotik, eta Lasa eta Zabala kasua baloratu ondoren, egokia litzateke Eusko Jaurlaritzak kasu hori bere agenda instituzionalean sartzea eta kasu honi zabalkunde pedagogikoa ematea.