LAB (Langile Abertzaleen Batzordeak): idatzizko ekarpena

LAB (Langile Abertzaleen Batzordeak) 1974ko udazkenean Hego Euskal Herrian sortutako sindikatua da.

1. Abiapuntua

Nazioarteko dimentsioa duten askotariko indarkeriek eta gatazkek isla izan dute eta badute Euskal Herrian, hala nola, indarkeria matxista, klase zapalkuntza edota arrazakeria. Euskal herritar guztiek bizitza duina eta askea izan dezaten urratsak eman badira ere, bide luzea egin beharra dago nola nazioartean hala Euskal Herrian kapitalismoa, heteropatriarkatua, garapen eredu ekozida edota kolonialismoa deseraikitzeko.

Horrez gain, 1936ko gerraostean eta frankismo betean piztutako eta hamarkadetan zehar luzatutako gatazka armatu latza bizi izan du Euskal Herriak. Estatuko frantses eta espainiarreko egitura juridiko-polizial eta parapolizialek nahiz ETA bezalako talde armatuek askotariko biktimak eragin dituzte; ugariak izan dira hildako, zauritutako, torturatutako, jazarritako eta diskriminatutako herritarrak.

Gatazka honen jatorria eta izaera politikoa da; Euskal Herriaren nazio izaeraren trataera (hizkuntza, kultura, jendarte antolaketa); burujabetza subjektuaren definizioa; Euskal Herriari dagokion autogobernuaren zehaztapena; eta autodeterminaziorako eskubidea egikaritzeko modua, horiek dira oinarrian dauden gakoak. Era berean, esan daiteke lehen aipatutako nazioarteko dimentsioa duten indarkeriak eta gatazkak gurutzatu egin direla gatazka nazionalarekin, testuinguru konplexua sortuz.

Euskal Herriko gatazkak bi dimentsio izan ditu: lehena, autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen zuten euskal herritarren eta eskubide hori ukatzen duten Estatu espainol eta frantsesaren arteko gatazka; bigarrena, Euskal Herriaren baitako eragile eta espazio politiko desberdinen arteko konfrontazioa. Zanpaketa eta indarkeria aroa atzean uzteko badago zer egina bi dimentsio horiei dagokionez.

Lehenengo dimentsioari konponbidea emateko, Gobernu espainiarrak eta frantsesak badute zer egina: batetik, jazarpen polizial eta parapolizialaren, presoak ez ezik euren familiak zigortzen dituen salbuespenezko espetxe politikaren nahiz torturaren erabilpen sistematikoaren bidez gatazkan zehar eragindako minaren aitortza eta eragindako biktimen erreparazioa; eta bestetik, Euskal Herriko jendartearen borondate demokratikoa errespetatzeko konpromisoa.

Bigarren dimentsioari dagokionez, desiragarria litzateke euskal herritar eta eragileon artean elkarbizitza demokratikorako adostasunak lortzea. Horixe da Foro Sozialak abiatutako prozesuari LABek ematen dion balioa: Euskal Herritik Euskal Herrira aro berri baterako ekarpena egitea, non euskal herritarren bizitzak, eskubideak eta borondate demokratikoa egongo diren erdigunean.

 

2. Gatazkaren eragina langileen nahiz sindikalismoaren esparruan

2.1 Gatazka armatuaren eta indarkeria politikoaren eragina

Gatazka armatuak eremu guztietan eragin du, baita langileriaren nahiz sindikalismoaren eremuan ere. Euskal Herriko eragile ezberdinek, baita sindikatuok ere, modu batean ala bestean gatazkaren parte eta eragile izan gara eta era berean gatazkaren ondorioak pairatu ditugu. Arrazoi horregatik beragatik, denon ardura da gatazkaren ondorio guztiei nahiz gatazkaren oinarrian egondako afera politikoei erantzun eraginkorra ematea.

Hamarkada hauetan zehar, segurtasun indar estatal eta autonomikoen nahiz talde parapolizialen indarkeria pairatu dute LABkide askok; hainbat izan dira torturatu, atxilotu eta espetxeratuak; LABeko egoitzetan sartu izan dira polizia desberdinak; LABeko Idazkari Nagusi ohi bat sei urte eta erdi egon da espetxeratuta; eta sindikatu osoa legez kanporatua izateko mehatxua pairatu du.

LAB soilik ez, langile sektore zabalek pairatu dute Estatuaren indarkeria. Izan ere, ETAren jarduerarekiko ez ezik, estatu-interesak auzitan jar zitzaketen bestelako adierazpideekiko indarkeria erabili izan du Espainiako Gobernuak, baita Hego Euskal Herriko gobernu autonomikoek ere. 1969an Erandion kutsaduraren kontra protesta egiten zuten bi langileren hilketa edota 1976ko martxoaren 3an gertatutako Gasteizko sarraskia ditugu horren muturreko adibide. “Orden publikoaren” edota “terrorismoaren kontra borroka”ren izenean langileon eskubide zibil eta politikoak murriztu izan dira Euskal Herrian.

Estatu espainol eta frantseseko aparatuek eragindako biktima gehien-gehienen egia, aitortza, justizia eta erreparazioa egiteke dago. Ekintza polizial eta parapolizialen, espetxe politikaren eta torturaren erabilpen sistematikoaren ardura bere gain hartu behar dute Espainiako eta Frantziako Gobernuek nahiz EAE eta Nafarroako Gobernuek, nork bere neurrian; zor bat daukate euskal herritar eta langile askorekiko.

Bestalde, ETAren eta beste talde armatu batzuen indarkeriak biktima ugari eragin ditu, horietako zenbait beste sindikatu batzuetako afiliatuak. “Lubakiaren beste aldeari” eragiten zioten gertakaritzat jo izan ditu LABek eta eragindako biktimei entzungor egin die berriki arte. Foro Sozialak antolatuta Donostian zenbait biktimekin izandako topaketan adierazi bezala, herritar hauek jasandako minaren aitortza politikoa egiten du LABek eta aintzat hartzen ditu euren bizipenak eta eskubideak.

 

2.2 Gatazka politikoaren eragina

Gatazka armatuaren erroan egondako gatazka politikoak ere eragina izan du langileen nahiz sindikalismoaren esparruan. Euskal langileoi eredu sozioekonomikoaren nahiz oinarrizko lan eta bizi baldintzen inguruan erabakitzeko eskubidea ukatu izan digute, eta ukatzen digute, Espainiako eta Frantziako estatuek. Hego Euskal Herriaren kasuan babes sozialaren, enplegu politika aktiboen edota lan osasunaren inguruko hainbat eskumen badira ere, euskal jendarteak eta euskal langileriak ezin du lan harreman eta babes sistemaren ardatzen inguruko erabakirik hartu, hala nola Lan Kodeaz edota Gizarte Segurantzaz.

Sindikatuen artean gai honen inguruko iritzi desberdinak badaude ere, Hego Euskal Herriko ordezkaritza sindikalaren gehiengoak lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa aldarrikatu izan du behin eta berriz. Esan daiteke, beraz, euskal langileei zuzenean eragiten dien defizit demokratiko bat egon dela hamarkada hauetan zehar eta defizit demokratiko hori konpondu gabe jarraitzen duela.

Honela, azken hamarkadetan euskal gehiengo sindikalak aldarrikatu izan dituen neurriei entzungor egin zaie, 2008tik zazpi Greba Orokor eta beste inon baino greba sektorial gehiago egin badira ere. Aldiz, euskal langileon lan eta bizi baldintzak nabarmen okertu dira, askoren bizitzengan kalteak eraginez.

 

3. Elkarbizitza demokratikorako hitzarmena. Ekarpena sindikalismotik.

Euskal Herrian elkarbizitza demokratikoa eraikitzeak, LABen ikuspegitik, hiru ardatz hartu behar ditu kontutan: lehenik, Euskal Herriak bizi izan duen gatazka armatuak eragindako ondorioei erantzuna ematea; bigarrenik, gatazka armatuaren erroan dagoen auzi politikoari (euskal herritarren borondate demokratikoaren egikaritza) heltzea; eta hirugarrenik, indarkeria eta zapalkuntza forma oro gainditu eta euskal herritar guztientzat bizitza duina eta anitza ahalbidetuko duen ortzimugarantz urratsak ematea.

 

3.1 Euskal Herriak bizi izan duen gatazka armatuak eragindako ondorioei erantzuna ematea

Hiru dira LABen ustez landu beharreko gai nagusiak:

  • Biktima guztiei egia, justizia eta erreparazioa ematea. Ezin dira lehen eta bigarren mailako biktimak egon. Horretarako, egitura estatal eta autonomikoek eragindako biktimekiko diskriminazio ororekin amaitu beharra dago. Sindikatu garen aldetik, arreta berezia jarri nahi dugu borroka sindikalen testuinguruan egondako biktimengan, hala nola Erandio eta Gasteizko kasuetan, edota torturatutako sindikalistengan.

  • Salbuespenezko jarduera judizialarekin (besteak beste, Entzutegi Nazionalarekin) nahiz salbuespenezko espetxe politikarekin amaitu eta arrazoizko epe batean euskal preso guztiak kaleratzeko nahiz erbesteratuak etxeratzeko prozesua bururaino eramatea. Era berean, euskal preso eta iheslari ohiei lanerako sarbidea ahalbidetu behar zaie eta oinarrizko eskubide eta beharrak aintzat hartu, hala nola, pentsiorako eskubidea. Horretarako, instituzio publikoek plangintza zehatza jarri beharko lukete martxan. Era berean, Patronalaren eta sindikatuon arteko akordio bat onuragarria litzateke.

  • Gatazka armatuak euskal jendartean eragindako zauriak ixtea, besteak beste aurkaritzat izandako horri eragindako minaren aitortza eginez; bizipen guztiak errespetatuko dituen memoria inklusiboa sustatuz; kaltetuak izan eta beharra duten herritarrei babes material eta emozionala emanez; eta herritar nahiz eragileen arteko elkarrizketa eremuak ahalbidetuz.

 

3.2 Gatazka armatuaren oinarrian zegoen auzi politikoari heldu behar zaio: euskal herritarren borondate demokratikoaren errespetua

Euskal herritarrok badugu egitasmo politiko desberdinen (autonomia, estatu konfederatua, independentzia) artean erabakitzeko eskubidea. Eskubide hori gauzatzea ahalbidetuko duen prozedura juridiko-politikoa ezarri beharra dago hiru euskal lurraldeetan (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria). Eta Espainiako eta Frantziako Gobernuek euskal herritarren borondate demokratikoa errespetatzeko konpromisoa hartu behar dute.

Eremu sindikalari dagokionez, Euskal Herriko hiru lurraldeetan eredu sozioekonomikoaz, lan harremanetarako esparruaz nahiz babes sozial sistemaz erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Ildo honetan, euskal langileok hauteskunde sindikalen bidez adierazitako borondatea aintzat hartu beharra dago: bertako ordezkaritza sindikalak izan behar du bertako langileen lan baldintzak negoziatzeko eskumen osoa.

 

3.3 Indarkeria eta zapalkuntza oro gainditu. Bizitza duinak, anitzak eta askeak.

Euskal Herriak bizi izan duen gatazka armatua gainditzea eta gatazka politikoa konponbidean jartzea aurrerapausu itzela litzateke Euskal Herriaren historian. Alabaina, gure anbizioak harago joan beharko luke: indarkeria eta zapalkuntza oro ezabatu eta herritar guztiei bizitza duin, anitza eta askea ahalbidetzea. Elkarbizitza, demokrazia, berdintasuna edo bakea bezalako baloreak landu nahi baditugu, aurre egin behar diogu indarkeria matxistari, injustizia sozialei, arrazakeriari eta zernahi diskriminaziori. Eskubide guztiak herritar guztientzat, aniztasunean; horixe izan behar du euskal herritarron arteko hitzarmenaren oinarrizko premisa.

Afera honek lotura estua du erabakitzeko eskubidearekin. Izan ere, subjektu politiko baten burujabetza maila definitzearekin batera, burujabetza maila horrekin zer nolako antolamendu politiko, sozial eta ekonomikoa sustatu nahi dugun adostu beharra dago. LABen ustez, erabakitzeko eskubidea jendarte justuago eta feministago bat eraikitzeko baliatu beharko genuke; planeta osoak bizi duen larrialdi klimatikoari erantzuteko; Euskal Herrian trantsizio ekosozialista eta feminista bat bideratzeko.

 


LAB (Langile Abertzaleen Batzordeak) 1974ko udazkenean Hego Euskal Herrian sortutako sindikatua da. 2000 urteaz geroztik, Ipar Euskal Herrian ere saretuta dago. Euskal Herriko langile guztiei antolatzeko aukera ematea du helburu. Ordezkaritza zabala du: 45.000 afiliatuk eta 4.200 delegatuk osatzen dute LAB.

 

Web orria: lab.eus

Facebook: LABsindikatua

Instagram: @labsindikatua

Twitter: @LABsindikatua

Flickr: lab-sindikatua

Youtube: labsindikatua