2018/04/02

“Guztiok gara bakearen artisauak”

Joan den urriaren 22an, agerraldia eskaini genuen Aieteko Jauregi honetan Foro Sozial Iraunkorra aurkezteko. Bere baitan 17 entitate eta 14 norbanako biltzen gara.

Konbikzio batek jarri gintuen kide guztiak elkarrekin lan egiten: gizarte zibila bada nor bake prozesuan bere ekarpena egiteko eta bizikidetza eraikitzeko. Horrekin batera, uste sendo batek ere elkartu gintuen: gizarte zibilari zegokion gatazkaren ondorioei lotutako korapiloak askatzea. Orduan blokeo anitzak esaten genion horri.

Bi hilabete geroago, Iparraldeko gizarte zibileko erreferentziazko hiru pertsonak, orain bakearen artisau izenaz ezagutzen ditugunak, eragin politiko itzela izan duen ekimen bat jarri zuten abian. Latak irekitzeko gailua balitz bezala, egun bizi dugun agertoki berria irekitzeko balio izan du.

Foro Soziala sortu genuenetik esaten ari gara prozesu bitxi batean murgilduta gaudela eta ezinbestean ekimen berritzaileak beharko dituela.

Horrenbestez, bakearen artisauei gure esker ona adierazi nahi diegu. Haien ekimenaren, adorearen eta lanaren bidez ekarpen handia egin dute, adostasuna gaur ikusten ari garen bezain transbertsala izan dadin.

Haien ekimenari esker, hainbat sektoretako beste hamaika lagunen lanarekin batera, guztion artean, adostasun zabal bat eraikitzea lortu dugula baieztatu dezakegu orain. Kontsentsu horrek, hain zuzen, agertoki lagungarri batera iristea ahalbidetu du.

Horrekin batera, hilabete hauetan izandako eskuzabaltasuna nabarmendu nahi dugu. Une erabakigarri honi dagokion mailari eusten jakin dute Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlarizak, Iparraldeko Euskal Elkargo berriak, alderdi politikoek eta haien hautetsiek, sindikatuek eta gizarte zibilak

Eta hori esan egiten dugu, prozesu honek bizi izan dituen une zailen jakitun garen aldetik. Mesfidantzak berriro itzultzen zirela zirudien asteetan, eta ondorioz blokeatuta gelditzen ginenean, aktore guztiok zuhurtasunez eta pazientziaz lan eginez, agertoki honetara iristeko ekarpenak egiten asmatu dugu.

Luhusoko ekimenak eragile guztien marra gorriak mugiarazi ditu. Ondo diogu: guztiena. Iragan astelehenean ikusi genuen Nafarroako Parlamentuan eta datorren ostegunean ikusiko dugu Eusko Legebiltzarrean.

Hori dela eta, kontuan hartzen dugu Frantziako eta Espainiako gobernuen eta azken hau sustengatzen duen alderdiaren bilakaera positiboa. Jarrera horri eutsi diezaiotela espero dugu, hilaren 8ra arte behintzat.

Datorren 8an hemen gauden guztiok Baionan izango gara, ehunka pertsonaren aldamenean. Ziurtasun osoa dugulako guztiok ere bakearen artisau garela, eta harro gaudelako.

Orain dela bost urte eta erdi leku honetan bertan hasitako bake prozesu honetan mugarri garrantzitsua izango da egun hori.

Hilaren 9an beste agertoki batean egongo gara. Konpondu gabe gelditzen diren kontuetako bat, armagabetzearena alegia, behin betiko konponduta geldituko da, eta ETA erakunde ez armatua izango da.

Armagabetzeak bake prozesuaren zerbitzura egon behar du, eta aukera berriak sortzeko lagungarri izan behar du, gatazkaren gainerako ondorioen konponketak arrazoizko parametroetan bidera daitezen.

Eta agertoki berri honetarako balio beharko luke:

Lehenik, gai honen inguruan lortutako adostasun zabala zaindu eta babestu behar dugu. Era berean, adostasun berriak eraiki behar ditugu biktima guztien aitortza eta erreparazio alorrean, bizikidetzaren alorrean, memoriaren alorrean, presoen eta iheslarien etxeratzearen alorrean eta giza eskubideen alorrean. Horrez gain, akordio hau oraindik gure gizarteko beste sektore berrietara zabaldu behar dugu. Oinarri sendoak dituen bidezko bake iraunkor baten bidez, guztiok irabazten dugulako.

Bigarrenik, 2016ko urtarrilean Gernikan egindako 3. Foro Sozialeko gure gomendioetan proposaten genuen moduan, triangulazioan oinarritutako eskema erabakitzailean sakondu behar dugu: gobernuak eta erakundeak, Nazioarteko Egiaztatze Batzordea eta gizarte zibila. Armagabetzearen bidez bi parlamentuetako adierazpenetan adierazitako kontsentsua lortu bada, gainerako gaiekin ere saiatzeko aukera izan dezakegu eta saiatu behar dugu. Adibidez, preso eta iheslariak etxeratzeko bide-orri adostu bat sortuta.

Eta hirugarrenik, honek guztiak Espainiako eta Frantziako gobernuentzat ere aukera bat izan behar duela ulertzen dugu. Agertoki berri honek zenbait politika ulertezinago bihurtuko ditu, batez ere espetxe-politikari lotutakoak.

Euskal gizartean itxaropen une bat bizi dugu. Aste hauek abiada bizikoak izaten ari dira eta historikoak. Une hau baliatzen jakin behar dugu lanean jarraitu ahal izateko.

Foro Sozial Iraunkorra osatzen dugun entitate eta pertsonek berriz diogu: ez dugu amore emango, lanean jarraituko dugu gatazkaren ondorio guztiek konponketa izan dezaten arrazoizko parametroetan, gerrako lojiketatik alde eginez, mendekuetatik alde eginez, garaile eta garaituen eskemetatik alde eginez.

Gure aiton-amonek eta gurasoek 1936an izandako esperientziak esaten digu lojika horrek ez errepikatzeko inolako bermerik ez duela eskaintzen.