2018/03/29

Gizartetik eraikiz, bake Prozesua Indartzeko 3. Foro Soziala

Medioei bideratutako oharra:

Armagabetze ordenatu baten oinarriak finkatzeko gizarte zibilaren ekarpena

Armagabetze ordenatu baten oinarriak finkatzeko gizarte zibilaren ekarpena bideratu nahi dugu Gizartetik eraikiz, bake Prozesua Indartzeko 3. Foro Sozialean.
Irtenbideak bilatu behar dira estatuen blokeoa gainditzeko eta ETAk zentzuzko denbora-tarte batean gauza dezan.

Joan den 2013ko martxoaren 14-15ean, bake prozesua bultzatzeko lehen Foro Sozialak burutu genituen Irunean eta Bilbon Lokarrik eta Bake Bideak hainbat eragileen sustenguarekin.

Nazioartetik etorritako adituen iritzia entzun ondoren eta bertan parte hartutako herritarren ekarpenak aintzat harturik, Bake prozesua indartzeko 4 gai nagusiren inguruan ordenatutako 12 gomendio sortu genituen.

Gomendio hauen garapena bultzatu nahian beste bi foro sozial antolatu genituen Presoen etxeratze, giza eskubideen bermea eta gizarte zibilaren parte hartzeari buruz Irunean eta Bilbon. Tamalez, Hego Euskal Herrian bereziki, ez dugu lortu Gomendioei garapen praktikorik emaiten.

Ipar Euskal Herrian aldiz, Aieteren biharamunean, tendentzia politiko nagusietako ordezkari politikoek, bake prozesuaren bultzadarako eta garapenereko “Baionako deklarazioa” izendatutako ekarpen garrantzitsua plazaratu zuten 2014ko urriaren 24ean,. Gizarte zibila berriz, antolatzen eta bere ekarpena sakontzen segitu du. 2015eko Ekainaren 11 an, Parisera, Asanblada Nazionalera, Konferentzia humanitario baten baitan, eraman zen Euskal herriko bake prozesua.

Egun garrantzitsua, izan da, Aieteren deklaraziotik Ipar Euskal Herrian ordezkari politikoen adostasuna eta gizarte zibilaren inplikazioa azalarazteko eta Frantses estatuaren parte hartzearen beharra azpimarratzeko. Ondorioen konponbidearen atalean berriz, presoen eta iheslarien etxeratzeari begirako eragileen arteko BAGOAZ izeneko gogoeta sortu da, iragan Urtarrilaren 9an Baionan milaka pertsona elkartu zituena alderdi ororen hautetsien sostenguarekin.

Ekainaren 11an Asanblada Nazionalean buruturiko Konferentziari jarraiki eta bertan landutako gaietan sakontzeko, Pariseko Sorbonan mintegi ziklo bat antolatu da. Datorren astean bertan Presoen inguruko mintegi bat burutuko da, Sorbonako Monde Anglophone: Politiques et Sociétés (MAPS) de HDEA Ikerketa Taldeak, Bake Bideak eta Liverpooleko Unibertsitateko Ikasketa Irlandesen institutuak antolaturik. Mintegian Joana Etchart (MAPS/HDEA) eta Serge Portelli magistratuaren dinamizazioaz presoen gaiaren hainbat adituk presoek Bake prozesuetan jokatu ditzaketen paperak aztertu eta Irlandako kasutik atera daitezken irakaspenak landuko dituzte.

Bake Prozesuan Euskal Herriko gizarteak duen paperaz konbentzituak giren heinean, Foro sozial horiei arnas berri baten emaitea funtsezkoa da gure ustez.

Horrela ondorioztatu genuen Uztailean Fikoban buruturiko jardunaldietan eta inoiz baino konbentzituagoak gira, bultzada berri bat eman behar zaiola, atalez atal gomendioei eutsiz eta beharrezkoak diren ekarpenak eginez. Bide horretan orain arte jorratu ez dugun desarmeaz hitz egitea proposatzen dugu, Bake prozesuaren bultzadarako funtsekoa den gaia delakotz.

ETAk 2014ko otsailean iragarri zuen zigilatze prozesua hasi zela, ICV-ren gainbegiratzepean. Hortik aurrera, prozesua oso motel garatu da. Egoera honetan, irtenbideak bilatu behar dira estatuen blokeoa gainditzeko eta ETAk zentzuzko denbora-tarte batean gauza dezan.

Gai honi heldu nahi diogu gure ustez irtenbideak aurkitzeko aukerak daudelako, alde batetik ETAk pausoak emaiteko prestutasuna adierazi duelako, Ipar Euskal Herrian, Baionako deklarazioak prozesu horren garapen zehazten duelako, Pariseko deklarazioak, prozesu horren beharra azpimarratzen duelako eta Eusko jaularitzak berak, prozesu honen garapenerako proposamen bat mahain gaineratua duelako.

Baldintza guzti horiek kontutan hartuta armagabetze ordenatu baten oinarriak finkatzeko gizarte zibilaren ekarpena bideratu nahi dugu Gizartetik eraikiz, bake Prozesua Indartzeko 3. Foro Sozialean.

Gernikak duen sinbologiagatik, arnas eta bultzada berri baten emaiteko toki aproposa dela pentsatzen dugu.

Bestalde azken egunotan Kolonbiatik oso berri itxaropentsuak jaso ditugu, bake prozesuan aurrerapauso nabarmenak eman dituzte, eta inportantea iduritzen zaigu prozesu honi momentu bat dedikatzea, erreferentzia inportantea ari delako bilkatzen eta orohar dauden erronkei buruzko solasaldia izaitea interesgarria iduritzen zaigu.

Carlos Alberto Ruiz Socha abokatu kolonbiarra, La Habanako elkarrizketetan aholkulari ibilitakoa, izango dugu Kolonbiako bake prozesuaren inguruko azterketa egiten laguntzeko.
Alberto Spektorowsky HNT kideak, prozesu horretatik Euskal Herrira ekarri daitezkeen ideiak azalaratzen lagunduko du.

Eta horren ostean, 3 hizlari ezberdinen ekarpena jasoko dugu armagabetze prozesuen inguruan eta Euskal Herrian dauden baldintzen, zein gizarte zibilak jokatu dezakeen papera aztertzeko.

Brian Currinek desarmamendu prozesuaren oinarritik gaur egun arte egindako bidearen azalpena emango digu. Hau da su etenaren iragarpenetik eta CIVen sorreratik gaur egun artekoa.
Véronique Dudouet, Berghof Foundationeko kidea eta Kristian Herbolzheimer, Conciliation Resources eragilearen Kolonbiarako arduraduna, armagabetze prozesuetan gizarte zibilak izan dezakeen paperaz hitz egiteko gonbidatu ditugu.

Guzti hau datorren Urtarrilaren 30ean Gernikako Lizeo Antzokian goizeko 9.30etatik, 13:30etara burutuko dugun 3. Foro Sozialean emango da. Foroan parte harteko izen ematea derrigorrezkoa izango da inskripzioak.forosoziala@gmail.com helbidearen bidez.