2018/03/29

Foro Sozialaren ondorioak – 2014ko ekaina

Presoen Giza Eskubideen errespetua eta hauen itzultzea

Bake Bidea eta Lokarrik 2013ko maiatzean bake prozesua bultzatzeko gomendioak aurkeztu zituzten. Gomendioen ataletako batek bake prozesuan presoen itzultzea errazteko proposamen anitzak zituen ardatz:

4.- Preso eta iheslarien gaiari buruzko konponbide integral bat adostea gomendatzen dugu. Elkarbizitza egonkorra eta iraunkorra eraikitzeko funtsezko elementua da. Horretarako, legeak errealitatera egokitzea eta justizia trantsizional bat ezartzea beharrezkoa dela deritzogu, jendarteari elkarbizitza errotzen lagunduz. Aldi berean, hasiera puntu bezala, giza eskubideen kontra edo presoen trataera humanitarioaren kontra doazen espetxe politikaren aspektuak aldatu behar dira, nazioarteko estandarren kontra doazen salbuespen neurriak bertan behera utziz. Hala nola: gaixo larrien egoera, zigorra bete duten presoak aske uzteko ezezko jarrera eta sakabanaketa, familiak zigortzen dituena.

5.- Itzultze prozesua lege baliabideak erabiliz gauzatzea gomendatzen dugu; prozesua integrala izanik, era mailakatuan, banaka eta zentzuko denbora-tarte batean gauzatu behar dela onartuz. Presoek bake eszenatoki berriarekiko konpromezua agertzea eta indarkeriazko bideei uko egitea eskatzen du prozesu honek. Gainera, bere jardueraren ondorioz egindako mina aitortu behar dute.

6.- Bake eta normalizazio prozesuaren garapenean presoak eragile aktiboak izatea gomendatzen dugu. Horregatik, garrantzitsua da presoen eta euskal herritarren eta erakunde eskudunen arteko harremanak eta iritzien partekatzea erraztea, etorkizunean inongo indarkeriak tokirik izango ez duen elkarbizitza bultzatzeko helburuarekin.

 

 

Joan zen ekainean egindako Foro Sozialak gomendio hauen garapena ahalbidetzeko proposamenak izan zituen hizpide berriz ere. Horretarako, Giza Eskubideetan, presoen gizarteratzean eta bake prozesuan beren partaidetza bultzatzean adituak direnen ekarpenak baliatu ziren.

Azaldutako ideiak kontuan hartuta, erakunde antolatzaileek presoen itzultzearen inguruko hurrengo proposamenak helarazi nahi dituzte:

 

1- Presoen Oinarrizko Eskubideen errespetuari dagozkien gaiak eta presoen itzultzeari dagozkienak bereiztea proposatzen dugu. Presoen Oinarrizko Eskubideak, giza duintasunaren errespetua merezi duten pertsonak diren heinean, bermatu egin behar dira baldintzarik gabe, edozein dela ere bake prozesua eta bizikidetzarekiko beren jarrera. Bitartean, beren itzultzea ahalbidetuko duten baldintzak argitu eta adostea komeni da.

 

2- Presoen Oinarrizko Eskubideei dagokienez Espainia eta Frantziak onetsitako Nazioarteko Itunak aintzat hartu eta errespetatu behar dira aitzakia eta atzerapenik gabe. Horiek betetzetik hurrengoa ondorioztatzen da:

- Presoak inguru familiar eta sozialetik urrun mantentzeko estrategia bukatu egin behar da, eta beraz, presoek aukeratutako kartzela batera lekualdatu beren itzultzea ahalbidetuko duten loturak mantentzeko gai izan daitezen.

- Ezin da luzatu larriki gaixo dauden eta adin handikoak diren presoei dagozkien Eskubideen ezarpena. Baldintzapeko askatasuna ezartzeari ekin behar zaio.

- Giza Eskubideen Europako Auzitegiak defendatu zuen bezala, presoek eskubidea dute beren zigorraren iraupenarekiko itxaropena zein den jakiteko. Horregatik, zigorra bete egin dutenen askatasuna atzeratzeko joera duten neurri guztiak bukatu behar dira.

 

3- Itzultzeari dagokionez, presoen itzultzea errazteko neurri zehatz batzuk proposatzen ditugu:

- Euskal Autonomia Erkidegora eta Nafarroako Foru Komunitatera kartzelen eskuduntza transferitu, Gernikako Estatutuan eta Foru Hobekuntzan adierazitakoarekin betetzeko.

- Instituzio eta alderdi politikoen adostasuna eta eragile sozialen partaidetza izango duen plana sortu presoen itzultzea garatzeko. Plan honen oinarria hurrengoa litzateke: 1) ETArekin lotura, erreala edo ez, izateagatik preso daudenei beste edozein presori bezalako baldintzekin ematea tratamendua, 2) egungo egoera aintzat hartua izan dadila, non euskal gizartea bortizkeria eta istilu egoera batetik, bake eta bizikidetza egoera batera igarotzen ari den, 3) biktimen memoria eta aintzatespen eskubideekin errespetuz joka dezala, 4) presoen inplikazioa izan dezala eta 5) ezberdintasunak eta aniztasuna errespetatuko dituen bizikidetza baketsu batekiko presoen konpromiso garbi batek lagun dezala.

 

4- Bizikidetza eta bake prozesuari presoek egin diezaioketen ekarpena dela-eta, hurrengoa deritzogu:

- Beharrezkoa da bake prozesuan presoen partaidetza eraikitzailea bultzatzea. Bai elkarren artean zein beren abokatu eta bitartekariekin eta herritarren ordezkari eta eragile sozialekin hitz egin eta lan egiteko murrizketak kentzeak lagunduko luke helburu horretan.

- Presoek bizikidetzari egin diezaioketen ekarpen nagusietako bat bake prozesua eta bizikidetzaren aldeko, indarkeria-bideei uko egiteko eta egindako minaren aitorpen zintzoa egiteko konpromiso garbia hartzea da.