Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak harrera egin die gaur Foro Sozial Iraunkorraren ordezkariei. Zehazki, Nekane Altzelai, Juanjo Espina eta Tasio Arrizabalagak “Sufrimenduaren kartografia integrala” egitasmoa partekatuko dute Tejeria Lehendakariarekin. Bilera ondoren, Nekane Altzelaik adierazpenak egin ditu.
Foro Sozial Iraunkorraren lanaren funtsezko oinarrietako bat biktimak dira. Haiek guztiek gertatukoaren Egia ezagutzeko duten eskubidea, aitortuak izateko eta erreparaziorako duten eskubidea eta Justiziarako duten eskubidea dira gure oinarriak.
Helburu horrekin, pasa den urriaren 5 eta 6an V Foro Soziala egin genuen, biktima guztientzat erreparazio mekanismoen inguruan gogoeta sakona egiteko.
Foro honen aurretik egindako lanaren emaitza “Sufrimenduaren kartografia integrala” egitasmoa izan zen, bertan aurkeztu genuena eta gaur Eusko Legebiltzarreko Presidentarekin partekatu nahi izan duguna.
Sufrimenduaren Kartografia Integralak Egia ezagutzeko eta biktima guztiak aitortuak sentitzeko oinarrizko mekanismoa izan nahi du. Egia ezagutzean, biktimak dagozkien eskubideen jabe bilakatzen dira. Eta, aldi berean, bake prozesuak aurrera egiten ahalbidetzen du. Jakin badakigulako iraganean auzi hau oztopo handia izan dela elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan eta bake prozesuan aurrera egiteko unean. Eta gainera, Egia zauriak sendatzeko tresna bat da.
Eta bukatzeko, aprobetxatu nahi dugu iragartzeko datorren larunbatean, abenduaren 1ean, Gasteizen, V. Foro Sozialaren ondorioak aurkeztuko ditugula. Beti bezala, Foro Sozial bat egin ondoren, ondorio batzuk lantzen ditugu eragile desberdinekin eta Foro Sozial baitan, ahalik eta adostasun zabalena lortzeko.