2022/03/11

Foro Sozialak ohartarazi du dagoeneko dozenaka baimen atzera bota dituela Auzitegi Nazionalak

Joan den uztailaren 13an, Foro Sozialak sustatutako «motibazio politikoko presoei aplikatutako espetxe-politikaren Behatokiaren» txosten monografiko bat aurkeztu zuen, presoen birgizarteratze-ibilbideetan Auzitegi Nazionala jartzen ari den oztopoei buruzkoa.

Orduan, zuhurtziaz esaten genuen: «Ez dugu adierazi nahi instantzia horietan behin betiko ezarrita dauden egoerak edo jarrerak direnik, baina esan daiteke blokeo-arrisku argia suposatzen dutela arinak izan beharko luketen prozesuetan. Izan ere, prozesu horiek bat datoz espetxeetako araudiak eta legeak ezarritako parametroekin, eta beraz, arinak izan beharko lukete».

Gaur adierazi behar dugu, zoritxarrez, aurreikuspen txarrenak baieztatu egin direla, oso neurri kezkagarrietan, gainera.

Gradu-erregresioaren hiru kasu ezagunez gain (3. gradutik 2.era), espetxeetako tratamendu-batzordeen oniritzia izan duten dozenaka baimen baliogabetu ditu dagoeneko Auzitegi Nazionalak.

Erabaki hauek antzeko sekuentzia jarraitzen dute: Espetxeen Tratamendurako Batzordeek baimenak onartzen dituzte, kasu askotan aho batez, ondoren Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak errekurtsoa jartzen du eta, azkenik, Zigor arloko Salako Lehen Atalak baimena ukatzen du.

Azken bi instantzia horien eginkizuna - Espetxeratuen Zaintzako Epaitegi Zentralarekin batera - erabakigarria da, egungo lege-araudiaren arabera.

Erabaki horiek justifikatzen dituzten auto judizialetan jarrera inboluzionista nabariak ikusten dira. Atzera egin da duela bi urte baino gutxiago arazorik sortzen ez zuten zenbait gaitan. Batzuetan, juridikoki interpretagarriak diren kontuetan oinarritzen dira, baina beste kasu batzuetan nabaria da Zuzenbidearen kontrakoak diren arau juridikoen interpretazio batzuen gainean eraikitzen direla.

Tamalez, badirudi egoera hori errepikatu egingo dela Eusko Jaurlaritzak, arlo horretan duen eskumena aplikatuz, onartu berri dituen azken zortzi gradu aldaketatik gehienekin.

Foro Sozial Iraunkorrak behin eta berriz ohartarazi du erabaki hauek guztien atzean lobby bat dagoela, Lobby honen eragina, batez ere, espetxeen arloko ebazpenetan eragin zuzena duten esparru jakin batzuetan ikusten da. Nahiz eta egiaztatu behar dugun, orain arteko urratsei dagokienez, lobby horrek ez dituela lortu bere helburuak, Auzitegi Nazionalean bunkerizazatzen ari da. Oso jarrera ideologizatuez hitz egin daiteke, garai berriak irekitzearen aurkako jarrera politikoetatik bultzatuak, espetxe araudi arrunta modu normalizatuan aplikatzearen ondoriozko prozesuak geldiarazi nahi dituztenak.

Espetxe politika normalizatuaren aplikazioari dagokionez, konponbide prozesuan une erabakigarrian gaude, eta ilusioa piztu duela esan daiteke. Horregatik, adierazi nahi dugu kezkatuta gaudela aipatutako oztopoekin.

Birgizarteratze-ibilbideari ekin dion presoarengan eragin kaltegarria izateaz gain, arreta berezia jarri nahi dugu Auzitegi Nazionalaren auto judizial hauek pertsonei eta haien senideei eragiten dieten frustrazioan. Zeren eta frustrazioek ez dute laguntzen gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak sendotzen.

Dagoeneko lanean ari gara Behatokiaren zenbaki monografiko berri batean, korapiloa hau aztertuko duena.

Biktimen, biktima guztien, minari erabateko begirunea izanik, erakunde, alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialei dei egiten diegu euren arteko adostasunak indartzeko, presoek espetxe politika normalizatuan aurreikusitako birgizarteratze ibilbidetik egiten dituzten urratsak babesteko, presoei baldintza gehigarririk ez jartzeko eta zorionez gainditutako une historikoetan sartutako artikulu batzuk aplikatzeari behin betiko uko egiteko.