Foro Sozial Iraunkorrak Hipercorreko atentatuaren biktimak omentzeko ekitaldian parte hartu du gaur, antolatzaileek gonbidatuta.
Foro Sozial Iraunkorrak Hipercorreko atentatuaren biktimak omentzeko ekitaldian parte hartu du gaur, antolatzaileek gonbidatuta.
Agus Hernan koordinatzaileak eta atentatu horren biktima izan zen Robert Manriquek lore-eskaintza egin dute terrorismoaren biktimen monumentuan.
Ekimen honen bidez, Euskal Herrian bizi izan dugun indarkeria-zikloaren ondorioz Katalunian izandako biktima guztiak aitortu nahi izan ditu Foro Sozialak, eta egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea defendatu nahi izan du.
Hala, gaur, Foro Sozial Iraunkorrak aurrerapauso nabarmena eman du Katalunian hainbat eremutan egiten ari den bidean.
Biktimen esparruan, ETAren eta Estatuaren biktimen arteko bi topaketa antolatu ditu -2018 eta 2019-, eta Ernest Lluchen omenezko 20. urteurrenean -2020an- parte hartu du.
Esparru sozialean, nabarmendu nahi ditugu Justizia Globalaren aldeko Erakundeen Kataluniako Federazioa (LAFEDE) Euskal Herriko bakearen alde egindako adierazpena (2019an), baita Kataluniako sindikatu guztiek sinatutako adierazpena ere (2020ko otsailean).
Instituzioei dagokienez, azpimarratu nahi ditugu bi mugarri garrantzitsu: Bartzelonako Udalak 2008ko ekainean eta Kataluniako Parlamentuak 2020ko otsailean onartutako bi adierazpenak, biak JxCat, ERC, PSC, En Comú Podem eta CUPek sinatuak.
Urte hauetan, dozenaka bilera egin ditugu Bartzelonan, biktimekin, erakundeekin, alderdi politikoekin, sindikatuekin, abokatuen eta kazetarien elkargoekin, bakearen eta giza eskubideen alde lan egiten duten eragile sozialekin; agerraldi publikoak eta komunikabideei egindako elkarrizketak ahaztu gabe.
Ekimen horiei guztiei esker, Euskal Herrian bizikidetza demokratikoa sustatzearen alde Katalunian dauden adostasun politiko, instituzional eta sozialak finkatu dira. Baina lan horrek ere zuzeneko ondorioak izan ditu Madrilen, Diputatuen Kongresuan bertan, bizikidetza demokratiko horren alde sortutako gehiengo parlamentarioetan.
Bakea eta adiskidetzea eraikitzeko bidean, guztiz beharrezkoak dira gaurkoa bezalako memoria- eta aitortza-ekitaldiak. Indarkeria-adierazpen guztien biktima guztiak gizarte osoarenak dira, eta guztiek dute egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea.