Foro Sozial Iraunkorra Nafarroan lantaldeak prentsaurrekoa eman du gaur Iruñean bere lehen urtearen balorazioa egiteko. Fernando Armendarizek eta Expe Iriartek adierazi dute Foroaren helburua dela adiskidetze prozesua abian jartzea Nafarroan, gizarte zibilak lideratua. Era beran, Nafarroako Gobernuak biktimen aitortza eta erreparazio alorretan hartutako iniziatibak txalotu dituzte, gatazka bera ukatzen ziren garaiak gainditzen hasteko balio izan dutelako. Eta azkenik, datorren urriaren 28rako alkateen asanblada iragarri dute, elkarbizitzaren aldeko prozesuari hauspoa emateko helburuarekin.
Orain dela urte bat, ekainean, Foro Sozial Iraunkorraren Nafarroako Taldea eratu zen. Gaur egun 11 lagunek osatzen dugu foroa: Fernando Armendariz, Begoña Uharte, Espe Iriarte, Terexa Fagoaga, Roberto Oiz, Txemi Perez, José Luis Uriz, Juanje Soria, Carlos Aitor Yuste, Aitor Etxeberria eta Andoni Serrano.
Haietako batzuk entitateren baten ordezkari ari dira, eta beste batzuk norbere izenean. Denek ibilbide luzea egina dute pertsona guztien giza eskubideen aldeko lanean.
Gaur egun, lanean emandako lehenbiziko 12 hilabeteetako balantzea aurkezten dizuegu. Balantze aberatsa, bidea, zaila izanagatik –ez dago dudarik– bere fruituak ematen hasia baita.
Foro Sozial Iraunkorra osatzen dugunok gauza batek elkartzen gaitu: gizarte zibil garen aldetik, gure ekarpena egin nahi dugu egoera estutzen duten korapiloak askatzen joateko.
Foro Sozial Iraunkorra osatzen dugunok gauza batek elkartzen gaitu: gizarte zibil garen aldetik, gure aportazioa egin nahi dugu egoera estutzen duten korapiloak askatzen joateko. Eta Foro Sozialak 2013an Bilboko eta Iruñeko bileretan emandako gomendioek batzen gaituzte, haien alde baikaude. 12 gomendio haiek lanerako ardatz diren lau bloketan biltzen ziren:
Lehenbizikoa, «Oinarrizko adostasunetara iristea bake prozesuaren erronka nagusiei heltzeko». Foroa sortu zenetik, komunikazio etengabea izan dugu Nafarroako Gobernuarekin, Parlamentuko lehendakariarekin, alderdi politikoekin (Geroa Bai, Podemos, EH, Bildu, Izquierda-Ezkerra) eta sindikatuekin (CCOO, UGT, ELA, LAB, ESTEILAS eta CGT). Horrek haien arteko elkarrizketarako aukera eman du, eta, guztiaren fruitu, joan zen apirilaren 8ko ETAren armagabetzeari heltzeko adostasuna piztu zuen. Horren adierazgarri nagusiak bi izan dira: Nafarroako Gobernuaren jarrera aktiboa, prozesua erraztekoa, eta Parlamentuaren gehiengoaren ebazpena.
Hain zuzen ere, bigarren ardatzean izan dira emaitza nabarmenenak,
«Desegite eta desarme prozesu bat diseinatu, garatu eta bururaino eramatea» izenekoan. Aipatutako adostasun zabalaz gainera, gizarteak aktiboki hartu du parte honezkero “Euskal armagabetze eredua” deiturikoan. Egindako armagabetzeak adostasun triangelu bat du sostengua: Nafarroako, Euskadiko eta Iparraldeko gobernuak, nazioarteko egiaztatzaileak eta gizarte zibila. Horrek guztiak hauxe izan du emaitza: erabateko armagabetze ordenatua eta nazioarteak egiaztatua.
Harro esan dezakegu Foro Sozial Iraunkorra eragile garrantzitsua izan dela Nafarroan ETAren armagabetzea behar adinako bermearekin egiteko adostasunera iristeko.
Hirugarren ardatzari gagozkiola, « Preso eta iheslarien itzultzea erraztea» baitu izena, gogoratzekoa da joan zen maiatzaren 18an, Iruñeko Tres Reyes hotelean, IV. Foro Sozialak Donostian egindako gomendioak aurkeztu genituela. Gaur egun, bilera sail bat egiten ari gara alderdi eta sindikatuekin gure ondorioak aurkezteko eta elkarrizketa baterako oinarriak jartzeko, betiere helburu honekin: elkarrekin, adostasunez eta zeharkakotasunez, helburu horretan aurrera egiteko bide-orria bat diseinatzea.
Azkenik, «Egia eta memoria babestea iraganari zintzotasunez aurre egiteko eta etorkizuneko elkarbizitzaren oinarriak finkatzeko» izeneko ardatza dugu, eta, honetan egin dugu lan bereziki Nafarroan, eta pozik eta harro sentitzen gara arlo honetan egindakoaz.
Nafarroako Parlamentuan 2016ko azaroaren 4an izandako jardunaldia, “Nafarroako bizikidetza iraikitzen” goiburukoa, egiaz gure zereginaren mugarria izan da. Jardunaldian, lehenbiziko aldiz, indarkeria modu desberdinen biktimak elkartu ziren Iruñean. Gure herriko bizikidetza premiazkoa berregiteko ezin ahantzizko bilkura izan zen hura.
Bigarrenik, «Emakume nafar torturatuak: egia, justizia eta ordaina» izeneko jardunaldiak torturaren izugarrikeriaren parte ezkutukoenari begiratu nahi zion, inpunitate handienekoari: emakumeen kontrako torturari.
Jardunaldi batean zein bestean, hunkigarriak izan ziren denontzat kontakizunak, enpatia piztu zen lagun hurkoaren sufrimenduari erreparatuta, eta, zergatik ez aitortu: negar ere egin genuen.
Azkenik, nabarmentzekoa da “Nafarroan bizikidetza eraikitzen” dokumentala, oihartzun handia izaten ari dena.
Hamabi hilabete hauen balantzea eginda, hiru konklusio atera ditugu:
Lehenbizikoa. Indarkeriaren adierazpide guztien biktima guztientzako egia, justizia eta ordaina lortzea da bizikidetzako politika orok gure herrian izan behar duen lanaren muina. Hori dena iraganaren azterketa kritikoarekin egin behar da. Autokritika hori parte guztiek egin behar dute, baita gizarte zibilak ere. Ekidistantziarik eta anbiguotasunik gabe.
Bigarrena. ETAren armagabetzeak garbi erakusten du oztopo guztiak gaindi daitezkeela. Ezinezkoa dirudiena lor daitekeela. Arrakasta lortu duen metodoa, borondate politiko eta soziala eta elkarrizketarako prestasuna oinarri ezin hobea dira beste aspektu batzuetan ere lan egiteko.
Hirugarrena. Ibilbide honek berretsi egin du Foro Sozial Iraunkorra osatzen dugunok foroan hasi baino lehen nork bere aldetik genuen intuizioa: Nafarroan badira sektore batzuk tematuak daudenak ezer ere mugitu ez dadin. Berriz giza eskubideen halako urratzerik gerta ez dadin behar den bizikidetzaren oinarriak jartzea nahi ez dutenak, alegia Sektore horiek gatazka bat izan denik ere ez
dute onartzen, eta, hortaz, zubirik eraiki beharrik ere ez dagoela aldarrikatzen dute; bestelako oinarri sendoetan eraikitako bizikidetza bultzatzea ez dela beharrezkoa aldarrikatzen dute. Sektore horiek, zoritxarrez, nork bere gotorlekutik, garaileen eta galtzaileen logikatik begiratzen diote ETAren indarkeriaren amaierari.
Eta, Nafarroan espresuki, ongi dakigu zer ondorio dituen gatazka bat izan zela ukatzeak. Zer kaltegarria den garaileen eta galtzaileen logikarekin itxi nahi izatea gatazka bat. 80 urte geroago, hemen, Nafarroan, bide-bazterretan fusilatuak bilatzen jarraitzen dugu, biktima guztiak aintzatetsi gabe jarraitzen dugu, behar den erreparazioa eman gabe.
Foro Sozial Iraunkorrak ez du nahi hemendik 80 urtera gure ilobek egin behar izatea pertsona asko orain beren aitona-amonen alde egiten ari direna: errekonozimendua eta erreparazioa eskatu. Justizia.
Aurreko apirilaren 29an, Gernikan, bonbardaketaren 80. urteurren sinbolikoan, Foro Sozialak planteamendu bat egin zuen: erdibidea bilatu beharra dugu gatazkaren ondorioei konponbidea emateko. Betiere, ardatza indarkeriaren adierazpide guztien biktima guztien errekonozimendutik eta erreparaziotik abiatuta. Erdibide honek jendea parte bakoitzaren lubakietatik ateratzeko lagundu behar du.
Nafarroan ere erdibide hori bultzatu nahi dugu. Eta, horretarako, iruditzen zaigu Nafarroan beharrezkoa dela gizarte zibilak bultzatutako adiskidetze prozesu bat. Eta adiskidetze prozesua gizarte zibilaren baitan piztu beharra dago.
Prozesu honetarako, beharrezkoa da motibazio politikoko presoen inplikazioa, preso bakoitzak indarkeria gaitzesteko bidea erraztea, bide baketsu eta demokratikoen alde egitea modu zalantzagabean eta, dagokionak, sortutako kaltearen onarpena egitea, erreparaziorako borondatearen adierazgarri nabari gisara.
Adiskidetu behar dugu, oinaze eta liskar gehiegi bizi izan baititugu. Adiskidetu behar dugu batzuen sufrimenduari erreparatzean beste alde batera begiratu zutenekin. Eta sufrimendu guztiez ari gara, inolako anbiguotasunik eta ekidistantziarik gabe. Sufrimendu guztiak ez dira berdinak, baina sufrimendu guztiak dira sufrimendu. Eta denek merezi dute egia, justizia, ordaina eta berriz halakorik ez gertatzeko bermea. Eta, horretarako, denok egin behar dugu gure iragan hurbil-hurbilaren irakurketa kritikoa.
Eta adiskidetu behar dugu gatazka hau ikusi nahi ez eta beraiekin zerikusirik ez balu bezala bizi izan zirenekin ere.
Denok gara, bakoitza bere erantzukizun dosiarekin, bizi izan dugunaren erantzule. Eta erantzukizunaz ari garenean, anbiguotasunik eta ekidistantziarik gabe ari gara.
Ahalegin honetan aritu da, erakundeekin elkarlanean, Foro Sozial Iraunkorra. Horri dagokionez, zoriontzekoak iruditzen zaizkigu Nafarroako Gobernuak errekonozimendurako eta erreparaziorako abiarazitako iniziatibak, Nafarroan urte luzetan izandako ukazioaren ondotik etorri baitira.
Ederki dakigu ez dela lan erraza izango, ausardiaz jokatu beharko dugula, baita tentu handiz ere, eta, nola ez, zuhurtziaz eta bakoitzaren erritmoakerrespetatuz. Baina Foro Sozial Iraunkorrean ez dugu etsiko, eta aurre eginen diogu etsai eta lubakien logikari.
Zentzu horretan,datorren urriaren 28an Nafarroako alkate eta udal ordezkarien konferentzia antolatu dugula iragartzen dugu. Elkarbizitza behetik gora eraiki behar da, eta gizarte zibiletik gertuen dauden instituzioak izanda, udalek paper garrantzitsua jokatu behar dute adiskidetze prozesu horren eraikuntzan.