2019/04/16

Foro Sozialak alderdiei proposatu die elkarbizitza demokratikoan aurrera urratsak ematen jarraitzeko neurriak sar ditzatela euren hauteskunde programetan

Foro Sozial Iraunkorrak eskutitz bana igorri die ireki berri den hauteskunde ziklo honetara aurkezten diren alderdi politikoen ordezkari nagusiei, Nafarroan eta EAEn.

Elkarbizitza demokratikoa eraikitzea denon helburua izanik, hauteskunde programetan konpondu beharreko hiru ildo jaso behar direla uste dugu:

  • Indarkeria adierazpen desberdinetako biktima guztiek Egia, Justizia eta Erreparaziorako eskubidea dute. Eta oraindik aitortu gabeko biktimen kasuan, zauriak sendatu eta erreparatzeko tresna gisa, Egia ezagutzaren norabidean aurrera urratsak ematearen beharra.

  • Preso, ihesean eta deportazioan dauden pertsonei dagokienez, irtenbide bat bilatzearen beharra, gaur egungo salbuespen egoera gaindituz, bi premisen gainean eraikitakoa: legalitatea eta egindako minaren aitortza.

  • Memoria kritikoa eta bateratzailearen norabidean aurrera egitea, pairatutako ezer ahaztu gabe, giza eskubideen errespetuan eta bakean oinarritutako kultura bat eraikitzea ahalbidetze aldera.

Zentzu honetan, Foro Sozialak alderdiei ekimen zehatz bat proposatu die: Aurrean ditugun hauteskunde desberdinetarako aurkeztu behar dituzten programetan hiru ildo hauek jasotzea, beraiek nahi duten eran, eta komeni zaizkien ñabardura eta edukiak txertatuz.

Ekimen honen bidez, Foro Sozial Iraunkorrak alderdi politikoen artean dauden adostasunak jendartearen aurrean nabarmentzea nahi ditu, etorkizunean eman beharreko pausuak sendotze aldera. Nahiz eta komunikabideetan desadostasunek adostasunek baino oihartzun komunikatibo handiagoa izan, Foro Sozial Iraunkorrak, egindako lanaren ondorioz, ongi daki gaur egun adostasunak gailentzen direla desadostasunen gainetik.

Bidalitako eskutitz zerrenda:

  • Euskal Autonomia Erkidegoa: EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PSE, Partido Popular, Recortes Cero-Grupo Verde, PACMA, Ciudadanos, Vox, PCTE, Partido de Acción Solidaria Europea (Solidaria), Familia y Vida, PUM+J y Escaños en Blanco.

  • Nafarroako Foru Erkidegoa: Geroa Bai, Navarra Suma, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PSN, Izquierda-Ezkerra, PACMA, Asanblada Social y Política, PUM+J, Recortes Cero-Grupo Verde y Vox.